Bizkaiko 15 abesbatza arituko dira Gabonetako musikaldian

Aikor aldizkaria 2008ko abe. 18a, 10:10
Argazkia: Maria Larrondo
Ipar-Alde Derioko abesbatzak 23. aldiz antolatu du aurten “Txori-Herri” Gabon-kanten Jaialdia. Bertan Bizkaia osotik etorritako 15 abesbatzak hartuko dute parte eta guztira, 250 abeslaritik gora izango dira. Dagoeneko kontzertua egin da Sondikan; hala ere, Gabon-kantez gozatzeko aukera Larrabetzun, Lezaman, Zamudion, Loiun eta Derion izango dugu oraindik. Emanaldiak egun hauetan eskainiko dituzte: abenduaren 19an, Larrabetzuko Andra Mari elizan; abenduaren 21ean, Lezamako Andra Mari elizan; abenduaren 21ean, 12:30ean, Zamudioko San Martín elizan; eta abenduaren 28an, 12:30ean, Loiuko San Pedro elizan. Derion kontzertu bi emango dira. Bata urtarrilaren 3an izango da, arratsaldeko 19:30ean, San Isidro elizan; eta bestea urtarrilaren 4an, 12:00etan, leku berean. Derioko emanaldietan 15 abesbatzak izango dira; zortzi, lehenengo egunean; eta zazpi, bigarrenean. Musikaldiaren aurtengo edizioan parte hartuko duten koralak hauek dira: Euskeria, San Luis Beltrán, Arraizpe, Ingenierien Korua eta Garaizarko Matsorriak abesbatzak (Bilbokoak); Burtzeñako Bengoelea abesbatza (Barakaldo); Txuma Olagüe abesbatza eta Olagüe talde korala (Sondika); Kirikiño abesbatza (Mañaria); Amatza korala (Sestao); Zornotza korala (Zornotza); Gaztelumendi abesbatza (Larrabetzu); Zamudioko Kamara Korala (Zamudio); Ekidazu abesbatza (Lezama); eta Ipar-Alde abesbatza (Derio). Jaialdi bakarra Bizkaian Gabonetako musikaldia Txorierriko hitzordurik inportanteenetarikoa ez ezik Bizkaikoa ere bada, izan ere, lurralde osoan ez dago beste jaialdirik Gabon kantak ardaztzat dituenik, ezta hainbeste jende mugiarazten duenik ere. Txorierriko abesbatza guztiek hartzen dute parte jaialdian urtero eta, salbuespenak salbu, Bizkaiko koru gehienak pasatu dira handik. Araba eta Castroko abesbatzak ere gonbidatu dituzte inoiz. “Lehenengo edizioa antolatu zenean argi ezarri genuen jaialdiaren filosofia: Gabon kantak eskainiko ziren, kontzertu bakoitzean hiru abesbatza arituko ziran eta bakoitzak 20 minutuko emanaldia egingo zuen. Gainera, ahots ezberdinak egoten ahaleginduko ginen: umeak, ahots baxuak eta mixtoak”, azaldu digu Jose Luis Larrondo Ipar-Alde abesbatzaren presidenteak. Abesbatza zein errepertorio aldetik kalitatea eskaintzen du musikaldiak urteo-urtero. Koruek Gabon-kantak ez errepikatzen saiatzen da eta errepertorioa ere gero eta aberatsagoa da. “Hator, hator edo Haurtxoa sehaskan moduko kantez gainera, Bizkaiko konpositore gazteen abestiak zein Hegoamerikakoak, esate baterako, hasi dira abesten”. Kontzertu bakoitzaren amaieran Mesias sarritan batera abesten duten korukideek, eta interpretazioa Derion da askoz hunkigarriagoa, bertan jaialdian parte hartu duten abesbatza guztiak batzen dira-eta. Musikaldiak nobedadea ekarriko digu aurten. Parte-hartzaileei metakrilatozko oroigarria eman zie aurreko edizioetan eta hemendik aurrea egurrez egindako fa klabea jasoko dute. Beste alde batetik, 25. urteurrenari begira festibalaren diskoa ateratzeko asmoa dutela aipatu digu Larrondok. “Txori-Herri” Gabon-kanten jaialdiak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Txorierriko Udalen laguntza du.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).