Laboa eta Yupanqui: Txoriaren azken hegalaldia (eta II)

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 26a, 11:50

Testua: Alexander Muela, Psikoterapeuta, eta Pospolin

Psikoterapeuta askoren helburua, aldaketaren bat sortzea da, ahal baldin bada onerako, jakina. Horretarako, pazientearen berezko baliabideak sustatu behar dira. Hortaz, bezeroari mezu eraginkorrak helarazi behar zaizkio. Gogoz sinetsiko dituen mezuak izan behar dira; edo, gutxienez, pazientearengan ate bat zabaltzeko gai izango direnak. Nik hainbat ahots eramaten ditut terapiaren testuingurura: Perls, Freud, Osho, Bowlby, Kundera, Ortega eta abar. Hori bai, musika eta istorioak elkartu eta horrek duen magia aprobetxatzerakoan, bi maisu izan ditut: Yupanqui eta Laboa. Atahualpa Yupanqui («urrutiko lurraldeetatik datorren kontalaria», ketxuaz): Hector Roberto Chavero Aranburu izena jarri zioten gurasoek (aita argentinarra zuen eta ama euskalduna). Zaldi artean jaio eta hezi zen. Entzun zuen lehen musika eztenaren soinua izan zen. Yupanquik eztena gauaren ispilua dela zioen; izarrek, zaldiaren gainean zihoala, zilarrezko eztenetan islatzen ziren keinuak eginez. Atahualparentzat zaldiak sinbologia berezia zuen, gizakiaren ikuspegia erabat aldatzen baita zaldiaren gainean. Atahualpak gitarrarekin, eta bere ahots gogor eta sakonarekin kontatzen zituen naturarekin bat egiten zuten gizasemeen historiak. Landu zituen gaiak gizakia eta natura izan ziren; behin eta berriz, maisuki azaldu zituen bizitzak gizakiari aurrean jartzen dizkion arazoei aurre egiteko moduak eta esperientziak. Pasaian 1934an jaiotako Mikel Laboa euskal kulturako autore handienetakoa da. Nire ustez, bera da atzoko eta gaurko garaiak ongien ulertu eta uztartu dituena. Sarrionaindia, Atxaga, Artze eta Bertolt Brecht idazleen hitzak kantatu izan ditu sarri. Gaztetasuna eta zahartasuna, Zure begiek, Antzinako bihotz, Amonatxo, Ez nau izutzen negu hurbilak, Gure hitzak, Ihesa zilegi balitz, Izarren hautsa, Oroitzen zaitudanean ama, Langile baten galderak liburu baten aurrean eta, nola ez, Txoria txori, abesti ahaztezinak dira, belaunaldiz belaunaldi bizirik mantenduko direnak. Laboak behin baino gehiagotan aitortu du Yupankiren eragin sakona; aipatu beharra dago, elkarrekin jotzeko aukera ere izan zutela, Donibane Lohitzunen, hain zuzen ere. Yupanquik eta Laboak gizasemeari erlijioarekin, espirituarekin, gizartearekin eta naturarekin harremana berreskuratzeko aukera ematen diote. Oraintsu, gurasoekin harreman arazoak zituen nerabe baten terapia prozesuan, Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak Laboaren abestia erabili nuen. Hona hemen, berak, egun batzuk beranduago, idatzitako Zerua eskuetan olerkia: Zerua eskuetan izartxoa kaiolan, elurra poltsikoan tamalez urtzen joanen da, zerua eskuetan izartxoa kaiolan, lurraren azpian, aterpea aurkitu dut. Kontatzea nahi dizuet oso ederra dela zeruari so eginez maitatzea, harria eta egurra izan ziren nire sorlekuak ez dut inoiz ez ahaztuko, nondik natorren. Haizea hegoaldean mendia iparraldean, itsasoaren gesala nik nahi dut dastatu Ama hegoaldean aita iparraldean, bizitzaren gesala nik nahi dut dastatu Kontatzea nahi dizuet oso ederra dela zeruari so eginez maitatzea, bailara eta mendia izan ziren ere nire sorlekuak ez dut inoiz ez ahaztuko, nondik natorren. Mikel Laboaren abestia bion arteko hirugarren ahotsa izan zen. Bion artean sortutako giroak, gaztearen barru aldeko sentsazioak, ideiak... azaltzeko sormena sustatu zuen. Argi dago terapia ez zela hor amaitu, baina, zer edo zer mugitu zen bere baitan, eta hori bilatzen ari nintzen, besterik ez.