Testua: Gotzon Barandiaran / Argazkiak: Elkar eta Lurdes Etxebarria
Duela sei urtetik Larrabetzun hilero-hilero batzen gara euskarazko literatura zertan den jakiteko asmotan. “Literaturaz berbetan†deritzogu gure irakurle taldeari. Martxoko gure hitzordura Katixa Agirre idazlea gonbidatu genuen kaleratu berri zuen Habitat liburua aurkez ziezagun. Ohikoa dugun legez 20:00etan Angulerin batu aurretik, elkarrizketa egin genion Katixari.
Zeri buruzkoa da Habitat (Elkar 2009) liburua?
Izenburuagatik igar daiteke zein den gaia. Gure habitat artifiziala etxea da, etxebizitza da eta horren inguruan daude garatuta ipuin guztiak. Pertsonaia guztiek arazoren bat daukate etxearekin. Ezberdinak dira euren artean, ipuinak bezala, baina oinarrian, denek ezaugarri hori daukate, etxebizitzaren problematika hori.
Esan duzun legez, aldea dago bildu dituzun sei ipuinetako pertsonaia zein testuinguruen artean.
Bai, alde batetik ugaritasun hori nahi nuen, etxebizitza modelo diferente horiek erakustea; bestalde, ez nuen katalogo itxurako batean erori nahi, orduan, oreka horretan, ugaritasun baina ugaritasun ez-bortxatu horretan saiatu naiz. Pertsonaien aldetik, batez ere gazteak izango zirela erabaki nuen, gaztea zarenean etxebizitzaren arazoa inoiz baino presenteago dagoelako edo erabakiak hartu behar dituzulako etxebizitzaren inguruan... baina gazteak nagusi badira ere, bestelako pertsonaiak ere sartu ziren: etxez aldatu diren dibortziatuak, alargunak... Pertsonaietan ere ugaritasuna lortu dudala uste dut.
Gazteak dira protagonista nagusi, baina ez da bakarrik gazteentzako. Gazteentzako ere bada, ostera.
Bai, egia esan, gazte gazteak ere ez dira agertzen, gehienak 30etik gorakoak dira-eta. Ez da gazteentzat baina uste dut gazteek ere gustura irakurtzeko modukoa dela, batez ere jakiteko zer datorkien etorkizunean.
Testuinguruari dagokionez, egungo errealitateari oso lotuta daude ipuinak.
Bai, oso lotuta daude eta horrela nahi nuen. Gainera, behin etxebizitzaren gaia aukeratuta oso adi egon nintzen gaiaren inguruan gertatzen zena jarraitzeko, bai nire lagunek etxebizitzaren inguruan komentatzen zidatenari bai albistegietan ikusten nuenari. Bizi dugun momentu bitxi hau, inoiz ez baita izan horren garesti edo konplikatua etxebizitza eskuratzea, modu argian islatu nahi nuen.
Arnas luzeko ipuinak dira Habitatekoak. Pertsonaien garapenak eragindakoa izan da?
Bai, ipuin luzeak dira pertsonaien garapenerako espazioa behar delako. Lau orritan ezin duzu horrelakorik kontatu, edo behintzat ez da sinesgarria, eta gainera narrazioek eurek, istorioak eurek, luze egitea eskatzen zidaten.
“Literaturaz berbetan†irakurleen bilgunera etorri zara. Zer deritzezu horrelako irakurle taldeei?
Oso pozgarria da. Alde batetik, idazleak aukera dauka irakurleekin egoteko, irakurleen iritziak bertatik bertara jasotzeko. Bestetik, promozioa lana ere bada, ez liburu jakin batena baizik euskal literaturarena orokorrean. Gaur egun horrelako “ klub†askozaz gehiago dago euskaraz gaztelaniaz baino, eta hemengo erdal idazleek bekaitza handia daukate honen inguruan.
Zelan ikusten duzu emakumeen euskal literaturan?
Esan daiteke egoera normalizatuz doala baina ez da guztiz normalizatu zeren beti galdetzen digute honen inguruan, horrek esan nahi du oraindik salbuespena garela eta oraindik bitxikeria antzeko bat garela. Dena den zerbait kuantitatiboa da, estatistikoa. Nik uste dut gero eta emakume gehiago etorriko direla, joerak jarraitzen badu horrela izango dela, azkenean benetan normalizatuko denean ez dela faktore bezala hartuko.
Elkarrizketa amaitu ostean gogoratu genuen Katixak baduela irakurleekin harreman zuzena bermatzeko bitartekoa: www.katixagirre.com bloga. Katixari ezer esateko duenak jo beza bertara.