Gazteentzako aisialdia, aztergai Lezaman

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 8a, 14:31
Argazkiak: Lezamako Udala
Gazteek ez dituzte herrian dauden aisialdiko aukerak ezagutzen. Hala jaso dute Lezamako gazteen aisialdiari buruzko txosten batean. Txostena Gurasoen Elkarteak egin du herriko elkarte eta instituzioekin batera, eta ikerketan 46 gaztek hartu dute parte. Lezamako Eskolako Gurasoen Elkarteak kezka hau izan du: seme-alabek zertan eta nola ematen duten aisialdia. Izan ere, behin adin batera helduta, Lezaman “ez dituzten” ekimenak herritik kanpo topatu behar dituztela antzeman dute. Kezka herriko elkarte eta Udalarekin partekatu dute, baita Txorierriko Mankomunitatearekin ere. Emaitza Lezamako gazteen aisialdiaren inguruko diagnostikoa, hausnarketak eta proposamenak batzen dituen txostena izan da. Herriak dituen aisialdiko baliabideak abiapuntutzat hartu dituzte ikerketari ekiteko orduan. “Alde batetik, zer dugun ikusteko; eta bestetik, zer dugun falta eta zer hobe daitekeen aztertzeko”. Lehenengo eta behin, zer aztertu argitu dute, eta horretarako, “aisialdirako baliabide” kontzeptua zehaztu dute. Kontzeptu horren barruan baliabide fisikoak eta pertsonalak bereizi dituzte. Era berean, kultura arloa eta kirol arloa desberdindu dituzte. Besteak beste, ikertutako baliabide fisikoak hauek izan dira: kiroldegia, Ua, rokodromoa, frontoia, eskola, gaztelekua, Goitioltzako txokoa, kalea eta Kultura Aretoa. Herriko elkarteak baliabide pertsonalen barruan aztertu dira: Gailur, Pilota Eskola, Zorribike, Ekidazu, Zorrizketan, Oxangoiti eta Urrusti, tartean. Baliabide fisiko zein pertsonalak ikertzeko, parametro hauek hartu dira kontuan: azpiegitura/elkartea gazteei espresuki zuzenduta dagoen, gazteen parte-hartzea, jardueraren maiztasuna eta berezitasuna, prezioa, irisgarritasuna eta genero ikuspegia. Inkesten emaitzak Beste alde batetik, inkestak banatu dituzte herriko gazteen artean. Inkesta 10 urtetik 16 urtera bitarteko 46 lagunek bete dute; 25 neska eta 21 mutil. Inkestan hainbat galdera egin zaizkie Lezamako baliabide publiko zein pribatuei buruz; Txorierriko azpiegitura eta ekimenen gainean ere galdetu zaie. “Azpimarratzekoa da gutxi ezagutzen dituztela Lezaman eta bereziki eskualdean dituzten baliabideak”. Gazteek orokorrean iritzi ona dute herriko baliabideei buruz. Hala ere, igerilekuak eraikitzeko eskatzen dute aho batez, eta film eta urte-sasoiko ekintza gehiago egiteko. Kirol instalazioei dagokienez, baloraziorik onena eduki duena kiroldegia izan da, eta baloraziorik txarrena lortu dutenak, rokodromoa eta frontoia. Igerilekuez gainera skate parkea eta gimnasioa ere jotzen dituzte beharrezkotzat. Gaztegunea ondoen baloratu duten kultura-baliabidea da; eta Kultura Aretoa, okerren. Gazte gehienek ordenagailuak euren eskura egoteko eskatu dute. Lezamako baliabide publikoek zein pribatuek eskaintzen dituzten ekimenak orokorrean ezagutzen ez badituzte ere, ondoen baloratzen dituztenak jaiak eta Gailur, Ekidazu eta Biziak elkarteek antolatzen dituzten ekintzak dira. Euren adinera egokitutako ekintzak eskatzen dituzte, udan, Aste Santuan eta Gabonetan egiteko. Lezamatik kanpo, ondo baloratzen dituzte Zamudioko eta Derioko baliabide eta ekimenak, baina ez dituzte ezagutzen gainontzeko herrietakoak. Aukera gutxi neskentzat Gazteen iritziak eta herriko aisialdiko azpiegiturak aztertu ondoren, lan-taldeak hainbat hausnarketa egin ditu. Horrela, gazteen antolakuntzarako espazioak sortzeko beharra ikusten dute, astialdiko ekimen guztiak nagusiek proposatzen baitituzte. “Bide batzuk zabaldu dira –gaztelekua eta gaztegunea-, baina lan handia dugu norabide horretan. Neurri erraz batzuk hartuko balira, adibidez, asteburuetan kiroldegiaren argia gaueko 10ak arte piztuta egotea, kalearen kudeaketa propioa indartuko lirateke eta kirola egiteko aukerak biderkatu”. Horrezaz gainera, azpiegiturak gazteen ikuspuntutik kudeatu beharko zirela pentsatzen dute. Komunikaziorik eza beste ahulezia bat da, “aisialdiko aukerak egon arren, ez direlako behar bezala ematen jakitera”. Lezama dituen elkarte-kopuruz harro egon daitekeen herria da, baina txostenaren egileek azaldu duten moduan, elkarteek elkarlana ahazten dute askotan. “Proiektu ezberdinen inguruan elkarteek elkarrekin lan egiteak aisialdirako aukera gehiago ekarriko zituen”. Neskek kirol arloan dituzten aukerak ere oso eskasak dira, lan-taldearen iritziz; batez ere eskola utzi eta gero. “ Datorren ikasturteari begira, beharrezkotzat jotzen dugu nesken kirol talderen bat eratzea, eta instituzioek esku hartu beharko zutela uste dugu”. Proposamenak Udalari Txostenaren egileek proposamen batzuk helarazi dizkiote Udalari, Lezamako gazteen aisialdiko aukerak hobetzeko asmoz. Horien artean, hurrengoak aipa daitezke: - Gazteen parte-hartzea sustatzea. Helburua gazteak euren aisialdia kudeatzeko gauza izatea da. Gazteentzako lokalak elkar ezagutzeko topaguneak izan behar dira, zabalak, euskaldunak eta genero-perspektiba zaintzen dutenak. Gazteek kudeatu eta Udalak gainbegiratu beharko zituen. - Herriko elkarte eta gazteen arteko harremana indartzea. - Harremanak bultzatzea gazteei zuzendutako Mankomunitateko beste lokalekin. - Uda programa indartzea, gazteentzat erakargarriak izan daitezkeen ekintzen bidez. Era berean, ordutegi eta izena emate malguagoak proposatzen dituzte, eta herriko baliabide fisikoak zein pertsonalak erabiltzea. Alboko herriekin batera ekintzak antolatzea ere interesgarritzat jotzen dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).