Testua: Jabier Lekerika, Txorierri Politeknikako irakaslea
Ia 30 urte izango dira Lezamatik Zaldibarrera bizi izatera joan nintzela. Derioko Politeknikoan jarraitzen dut lanean, eta egunero 80 kilometrotik gora egiten ditut. Egunero ordubetetik gora ematen dut bidean: goizean, albisteak irratian entzunez eta egunean egin beharreko lanak buruan bueltaka; arratsaldean, eguneko oroitzapenak lagun, pozik etxerantz, etxeko beroaren bila.
Egun batean, beste gauza batzuk ahazteko asmoz-edo, etxerako bidean dauden zubiak kontatzea pentsatu nuen. Eta nahiko harritu nintzen, izan ere, egunero-egunero, eta konturatu gabe, 25 zubitatik pasatzen naiz; eta bueltan, beste hainbeste.
Urte batzuk atzera jo eta egunero egiten dudan ibilbideak urte hauetan zenbat aldaketa jasan duen pentsatu dut. Ia konturatu gabe, eta poliki-poliki, hainbat aldaketa jaso dugu gure inguruan, eta, nire ustez behintzat, onerako izan dira.
Erletxetik Txorierrira etortzeko, Larrabetzuko hirigunetik pasatu beharra zegoen lehen, eta Sarrikolan, Lezamarako zuzeneko bidea zabaltzea oso aurrerapen inportantea izan da, Larrabetzutik nahitaez pasatu behar izatea ekidin baitu.
Geroago, Zornotza bihurtu zen eguneroko bidegurutze eta joan-etorriak amaigabeak ziren egunero-egunero. Zorionak saihesbidea egin eta arazoak bukatu zirela.
Azken urteetan, eta Txorierriko lantegien ugaritzearen ondorioz, ordu erdia egin behar zen, Lezamatik eta Zamudiotik pasatzeko, auto-ilarak gero eta handiagoak izaten ziren-eta. Txorierriko korridoreak herriei eman dien lasaitasuna denok ezagutzen dugu.
Denbora bizkor doa, eta ia konturatu barik zenbait zubi eta tunel agertu zaizkigu bideetan, perretxikoen modura. Horiek aurrerapena ekarri digute, baina baita hainbat istilu eta auzo-taldeen salaketa ere. Zornotzan, saihesbidearen aurkakoa gogoratzen dut; zenbat lan eta bide-mozketa egin zituzten autopista zabaltzearen alde. Txorierrin ere korridorearen aurkako koordinakundeak izan genituen. Baina bizitza aurrera doa; azkarregi, beharbada. Eta hura moteltzea neurri batean guri egokitu arren, ez dugu larregi egiten. Autoari diogun mendekotasuna ikusi baino ez da egin behar.
Eta ez dut bukatu nahi azken hausnarketa egin gabe. Beste leku batzuetan ere borrokatu dute ingurumenaren alde: Leitzarango autobidea, Itoizko urtegia, AHT, Supersur... Hala ere, garapena aurrera doa, eta gaur egun egiten diren triskantzak justifikatzea zaila bada ere, denbora izango da testigu. Nik, behintzat, konturatu gabe 25 zubi zeharkatzen ditut egunero.