Historia-ibilaldia, Lezamatik

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 15a, 15:28
Korrika Kulturalaren barruan ibilaldia antolatu zan Lezamatik, herriko zubiak eta bazterrak ezagutzeko. Ibilaldian bidetik topatutako eraikuntzaren ganeko azalpenak be emon ziran. Datuak Asier Bidart eta Aintzane Etxebarriak idatzitako Lezamako Toponimia liburutik hartu ebezan. Santa Kurtz ermitea. 1630: Kurtzeko guruztokia; 1667: Kurtzeko guruztoki, etxe eta ospitalea; 1994: Kurtzeko ermitea. Santa Kurtz ermitara andre-gizon ugari hurbiltzen zan erreguka, euren hartxoa berbetan has zedin. Urruneko herrietatik be bai: Markina, Bermeo, Gernika... Harri-ormak oztikoez dagoz sendotuta kanpoaldean, eta izkinak harea-harri landuz egin ebezan. Etxaurre nagusia be harlanduzkoa da, eta leihatean kanpai bat dago. Ermitaren sarrerea puntu erdiko harlanduzko arku zabal batetik egiten da; sarrerea burdin hesi eder batek ixten dau. Aurrean arkupe txiki bat dago, horren teilatua harlanduzko hiru zutabek eusten dabe. Gurutze latindar formako oinplanoa dau, eta hiru aldare; erdian Andre Maria doloretakoa dago. Ermitostea. Orain gitxi bota dabe lurrera. Ermitagaz komunikatzen zan eta mojak bertan bizi ei ziran. Angetu. Etxea izen ezberdinakaz ezagutu da: Angetua, Angueta, Anguetu, Anguituco-echebarria, Llodio, Anguitua, Lanquetu, Hugusta eta Anquerri, besteak beste. Gaur egungo etxea Ciriaco Llodiok agindu eban altxatzen XIX. mendetik XX. mendera bitartean, lehengo etxearen aztarnen ganean. Ondorioz, atzealdean dagoan eraikinari “Angetu” esaten jako; eta besteari, “Angetubarri”. Angetuko zubia. Errepublikako gobernuak zubiaren konponketak ordaindu ebezan 1829. urtean (Mogrobejo). Gurtibiko zubia. Zubi txikitxo hau oso garrantzitsua izan da Lezama eta Zamudioko herritarren hartu-emonetarako; Basabiloltza Lezamako auzokoentzako batez be. Gizarte-harremana bermatzeaz ganera, garaiko industriaren horniketa ahalbidetzen eban. Izan be, Zorrotza Bilboko auzoan burdinaz zamatzen ziran gurdiak handik igarotzen ziran Basabiloltza auzoko Olabarri burdinolara. Zubia erdi desagertuta dago gaur egun, nahiz eta horren arrastoa agerian egon. Gurtibi zubi barria Foru Aldundiak halan aginduta eraikin zan; harek Arikondo zubia be berregiteko eskatu eban. Lezamako Udalak 352 erreal ordaindu eutsazan beharragaitik; eta Zamudiokoak, beste horrenbeste. Horma eta bideak Errepublikak ordaindu ebazan (Mogrobejo).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).