Egunotan Bilboko Arriaga Antzokian Mogelen (1745-1804) Peru Abarca irakurri dabe 400 bat lagunek, ozen eta jende aurrean. Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako ekimena izan da, euskaltegietakoentzako jaia, eta, era berean, klasikoetara hurreratzeko 12 orduko irakurraldia. Ikasleak, irakasleak, esparru desbardinetako profesionalak, herritarrak (Txorierrikoak be bai) edo esatariak izan dira XVIII. mendeko bizimodua ahotsez deskribatzen, irakurtzen.
Hausnarketarako bidea ekarri leike horrek. Batetik, kazetaritzan egunerokoan irakurri, ozen irakurtzen dogulako, eta bestetik, ahots asko entzun dogulako lan horrexetan, irakurketa ozenean.
Egia esan, irakurketa ozenaren ezaugarrien azterketak apurren bat baztertuta egon dira orain artekoan; hutsunea egon badago eta ilununeak argiuneak baino gehiago dira.
Hori gora behera, aitatu daigun, irakurketa ozenaren kasuan ezinbestekoa dala hizkuntzaren doinuera jatorra aintzat hartzea; bai irakurlearen ikuspuntutik, baita jasotzailearen ikuspuntutik be, ze irakurketa desegokiak testuaren ulermena bera be oztopatu egin leike. Idatziak garrantzia handia dauka geure gizartean eta talde honen eragin sozialagaitik, irakurketa ozenak bat-bateko mintzaerari be eragin egiten deutso. Egoera normalizatuan dagozan hizkuntzetan, erregistro ez-formalek irakurketa ozena praktikatzen dan erregistro neutro jasoari eragiten deutso. Geurean, barriz, alderantziz gertatzen da. Irakurketa ozena euskaraz eta euskararen sistema fonologikoaren arabera landu eta ebaluatu ezean, idatzia gailentzen da eta beronen bidez beste hizkuntza baten arauak ezartzen jakoz euskal letra idatzi horreri. Egin aprobea, irakurri isilean eta gero ozen, Mogel edo beste edozein. Irakurri irakurtzen dogu baina badakigu irakurtzen? Horixe egin barri dozunez, mila esker.