Noizean Behin, musika taldea: “Zaleak burua ast

Aikor aldizkaria 2009ko ira. 9a, 14:51

Noizean Behin taldeak metalaren soinuak ekarri ditu aurten Lezamako jaietara. Bizkaitarrek kontzertu indartsua eta energiaz betea eskaini zuten. Zelan Lezaman? Gustura ibili ginen. Taldearen gorabeherak zirela-eta kontzertu gutxi eman dugu aspaldi honetan. Lezamakoa aspalditik hitzartu genuen, eta eguna noiz helduko zain egon gara. Trikizio eta talde lokal batekin aritu zineten eszenatokian. Nahiago duzue bakarrik jo ala beste talderen batekin? Beti beste talderen batekin. Ondo dakigu zein den taldearen estatusa eta badakigu ez dugula jendea herri batetik bestera mugiarazten. Hala ere, argi dugu aproposak garela publikoa animatzeko. Beraz, ahal den guztietan nahiago dugu jo beste talderen batekin. Arazi bigarren diskoa duzue. Zelangoa da? Badira ia urte bi Arazirekin bueltaka gabiltzala eta zuzenekorako disko aproposa dela uste dugu. Gogorra da, zorrotza, baina dinamikoa eta kantagarria; melodia asko duena. Generoa gustatuz gero, erraz sartzen da. Hala ere, esan behar dugu kantak oso momentukoak direla. Irten ziren moduan konposatu genituen, eta horrek freskotasuna ematen die batzuetan, baina beste batzuetan, berriz, lekuz kanpo utz ditzake abestia. Zer sorrarazi nahi duzue zalearengan Arazi diskoarekin? Emozioak, mugimendua. Bolumena igo eta olio-ipurdia jartzea, burua astintzeari utzi ezinik ibiltzea eta eztarria urratzea. Hurrengo egunean ahotsik gabe egotea, lepoko min eta egundoko ajearekin, eta harro sentitzea. Badu alderik bigarren disko honek lehenengoarekin konparatuta (Inoiz kontatu ez nizkizunak)? Bai, badu. Ohiko esaldia den arren, bigarren diskoa lan helduagoa da. Ideia hobeak ditu eta kantak borobilagoak dira, hobeto garatuta daude. Arinagoa da, askoz kantagarriagoa eta anitzagoa. Taldekideak Mungia, Bilbo eta Gatikatik zaudete barreiatuta. Lana oztopatzen du horrek? Neurri handi batean, bai. Denontzako aproposa den erritmo bat topatu beharra dago eta ez da behar erraza izaten. Hegoi baxu-jotzaile ohiak, esate baterako, taldea utzi behar izan zuen, bere bizitza Donostian zegoelako. Orain taldean gelditzen garen hirurok inoiz baino lanpetuago gabiltza, baina oso hurbil gaude bata bestearengandik eta hobeto moldatzen gara. Zer da musika zuentzat, lana ala zaletasuna? Beharrizana da, baina beti zaletasuntzat hartuta; hasieran, baduzu taldearekin zerbait lortzeko ilusioa. Baina musika munduan aurrera egin ahala, bide bat jorratzen zoaz, gauzak egiteko era bat hartzen duzu eta taldeak bere izaera garatzen du. Guk zaletasuntzat dugu musika eta hala izaten jarraituko du. Taldea duela zortzi urte osatu zen eta tarte honetan disko bi atera dituzue. Asko, gutxi ala nahiko? Zortzi urtean disko bi kaleratzea ez da asko, baina, egia esan, disko bi horiek lau urteko epean atera dira merkatura; ez dago txarto. Hala ere, nabaritu dugu musika kontsumitzeko erak diskoen “bizitza” gero eta arinago agortzen duela orokorrean, edukia epe laburrean asimilatzen dela eta oso iraunkorra ez dela. Ondorioz, ia etengabe eskatzen da material berria. Azken diskoaren aurkezpena nahiko txukun egin duzue. Musikaz gainera, itxura ere zaindu behar da gaur egun, ezta? Itxurak gauza ezezagunekiko jarrera baldintzatzen du; hau da, disko bat erakargarria bada, positiboa izango da berekiko jarrera. Elementu garrantzitsua da atentzioa emateko, baina gainontzeko guztiaren osagarria izan behar da. Izan ere, horren atzean edukirik ez badago, ez du ezertarako balio. Taldea Alex: baxu-jotzailea eta ahotsa Ibai: gitarra-jotzailea Ander: bateria-jotzailea Lanak Inoiz kontatu ez nizkizunak (2006) Arazi (2007)