Internet zabaldu dut gaur goizean, magdalenak kafe berotan busti eta… Biztanleriaren Nazioarteko Eguna dela ikusi dut! Biztanleriari errespetua galtzeko asmorik gabe, nola egin ez dakidalako batez ere, gertakizunaren transzendentziak irribarre ironiko bat lapurtu dit. Munduak daraman bideari eutsiz gero, nazioarteko goiza eta arratsaldearen artean desberdintzen hasi beharko gara, arazoak hamaika! Eta egunak 365 baino ez!
Gizarte postmoderno honen eskutik, nire gurasoen hamarkadetako justizia idealek solidaritate urardotu eta erosoago baten forma hartu dute. Indibidualismoak mugimendu sozialen lekua hartu du, sinbolikoak sinbolo handien aulkia bereganatu duen moduan. Baita fruitu ezak ereiten duen pesimismoaren erruak ere… Garai bateko aldarrikapenak bidean galdu ziren, beraz, izebergaren punta ziren “pinâ€ekin konformatu garen arte, nazioarteko egunen forma hartu duten “pinâ€ekin. Baina “Pin†bat edonork jartzen du; mobilizazioek esku eta hanka askoren beharra dute.
Ikusitakotik ikasten badugu ere, etengabeko errepikapena behar dugu ikasitakoa barneratzeko. Sinbolikoa haizeak daraman hitz bilakatu da, eta gehiegitan kontraesanean dago gaur, bihar eta etzi egiten dugunarekin. Errealitatearen sinplifikazioak kaltegarriak suertatzen dira gehienetan, eta kontzientziak suspertzeko jaiotako sendagarria lotan mantentzen dituen ziztada lasaigarri bihurtzen da. Ez du ezertarako balio eskoletan Uraren edo Zuhaitzaren Eguna ospatzeak, folioak neurririk gabe erabili edo ur-jolasak egiten baldin baditugu urtean zehar umeen gozamenerako…eta gure erosotasunerako noski!
Guztiak omen gara askeak eta horrela izan behar du. Baina koherentzia pixka bat eskatzea filtro itzela da askotan, hausnarketa eta autokritikaren bidetik pasatzera behartzen gaituen filtroa. Sinbolikoak, aldiz, inkoherentziaren munduan lasai asko esertzera gonbidatzen du gure kontzientzia… kontsumo gizartea den gurpil erraldoi honek topatzen duen azken oztopoa, beharbada. Aspaldian konformatu ginen Zesarren emaztea iruditze hutsarekin. Paradoxikoa da, ordea, itxuren mundu hau gehienen gustukoa ez izatea… euren esanetan behintzat! Zein distantzia hitzetatik ekintzetara, zein zaila den gauzak eraldatzea...