Unai Elorriaga, idazlea: “Aurreko liburuetako es

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 23a, 15:40

Testua: Gotzon Barandiaran/argazkiak: Elkar

Unai Elorriaga izan genuen Larrabetzuko “Literaturaz berbetan” literaturazaleen bilgunean. Londres kartoizkoa da liburuaz berba egitera ekarri genuen gurera. Irakurleekin berbaldia izan aurretik, gure galderei erantzun zien. Londres kartoizkoa da izenburuak zelango garrantzia du nobela ulertzeko? Garrantzia du, zelan ez, eta liburuaren amaieran azaltzen da zergatik duen garrantzia. Sargazo itsaso zabala liburuko protagonistari gertatzen zaion pasarte batetik hartu nuen. Eta nobelako protagonisten izenak ere, horren garrantzitsuak dira izenak? Bai, baita ere. Uste dut idazle asko ez dela konturatzen izen bat aukeratzen denean pertsonaiari itzelezko karga, zama ezartzen zaiola. Pertsonaia bati izen jakin bat ezartzean, historia bat, geografia bat ezartzen zaio eta ondorioz irakurleak baldintzatuta hasten du bere irakurketa, ez da esentziatik irakurtzen hasten. Horregatik, libururako aukeratu ditudan pertsonaien izenak irakurrita, Europako edo munduko edozein lekutan gerta daitekeela irudikatu gura dut. Irakurleak mamiari erreparatzea gura dut, ez testuinguruari. Nobelako protagonista Sora da, inon agertzen ez dena. Zeren irudia da Sora? Gatxa da. Sora nobelaren funtsa da, ez ezeren irudia edo figura. Liburua lau zatitan banatu duzu. Ostera, bi zati nagusi daudela esan genezakeela deritzozu? Bai, nobela lehenengo biak dira eta zehatzagoa izanda esango dut nobela lehen zatia dela. Bigarrena jolas moduko bat da eta azken biak nobelari amaiera emateko erabili ditut, errematea emateko. Egia esan, batek baino gehiagok aurpegiratu egin dit azken biak arinegi kontatu ditudala. Nobela lehenengo bietan kontatuta, irakurlea ez aspertzeko arin amaitzea dela egokiena erabaki nuen. Diktadurak hausnartzeko proposamena luzatu diguzu Londres kartoizkoa da nobelan. Nongo iturriak zabaldu dituzu, bertatik bertarakoak edo inongoak? Nahasketa egin dut, baina, beti ere, ondoen ezagutzen duguna bertokoa da, gura zein gura ez. Diktadurarik bizi izan ez badugu ere, horrek ez du esan gura gugan eraginik izan ez duenik, eragina handia eduki du. Gauza asko dago Frankoren diktaduratik eta ostetik. Izan ere, akzioa, liburuan gertatzen dena, diktaduratik hamabost urtera gertatzen da eta hori guk bizi izan dugu eta ikusten dugu zelango keinuak dauden oraindik. Hala eta guzti ere, ez nuen gura bertokoa, gurea, nabarmen agertu, horregatik sartu ditut Argentinako edo Txileko edo Kanboia edo Hegoafrikako diktaduren ezaugarriak, denen arteko nahasketa egiteko. Liburu honetako gertakari gehienak teilatuetatik ikusten dira. 17. teilatua kokaleku garrantzitsua da. Diktadura berbagai badugu, zergatik teilatuak eta ez sotoak? Niretzat garrantzitsua da teilatuena. Teilatuetatik gauzak diferente ikusten dira, altura batetik gauzak diferente ikusten dira eta herri osoa teilatuan badago herri osoa da diferente ikusten duena. Bestalde, kontuan hartu behar dugu diktaduren ezaugarrietako bat, zapaltzen duen herriaren nortasuna ezabatzeko ahalegina dela. Diktadurak herriaren ezaugarriak ezabatu gura izaten ditu. Ezaugarri inportanteena hizkuntza da eta, hizkuntza hori ulertzen ez bada, kontrolatzen ez denez, desagerrarazi egin behar da. Horri kontra egingo zion, aurre egingo zion ezaugarri bat eman gura izan diot liburuan agertzen den herriari, eta ezaugarri hori teilatuetan bizitzearena da. Piroteknia ere alboratu egin duzula azpimarratu duzu beste elkarrizketa batzuetan. Zein motatako piroteknia erabili izan duzu aurreko liburuetan? Zenbateraino da norbera idazteko era aldatu duenaren jakitun? Estiloa sikatu egin dut. Estilo eutsia da. Ez dago metaforarik, ez dago ezer. Ni neu aspertu egin naiz aurreko liburuetan erabili nuen estiloarekin. Egia esan, asko disfrutatu izan dut estilo harekin, baina hiru liburu egin ditut eta nahikoa dela iruditzen zait, orain SPrako tranbia hartu eta txarra dela iruditzen zait.