2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazteaz gainera, Mailen Lujanbio txapela lortu duen lehenengo emakumea da. Garaipenak sortutako interes handia apur bat baretu ostean, bere bertsoen zorroztasun eta sakontasunez gozatzeko aukera izan dugu Larrabetzuko Hori Baien, Gabon Egunean. Baita zorionak emateko aukera ere.
Zelan ematen dizu txapelak?
Txapeldun izateak erresaka luzea eta digestio motela izango dituela pentsatzen dut. Momentuz, lasai nago; pozik eta lasai. Uste dut denbora pasatu ahala hobeto jabetuko naizela gertatu denaz.
Zerbait aldatu da plazan, zugan?
Ez da gauza askorik aldatzen. Gure jardun nagusia astebururoko plazaz plazakoa da eta halaxe izaten segituko du. Jendeak, noski, oso gogoan du oraindik txapelketa eta hori giroaren beroan sumatzen da. Momentu ederra da bertsotarako.
Elkarrizketa batean entzun dizugu ez zarela txapela lortu duen lehenengo emakumea bezala sentitzen, txapela lortu duen bertsolari bat bezala baizik. Hala ere, ezin da ukatu zure garaipena oso inportantea izan dela emakume askorentzat...
Sinbolikoki garrantzitsua dela uste dut. Emakume bat txapeldun izan ahal izateak, alde batetik, esan nahi du jendeak onartu dugula emakume bat bertsotan aritzea eta ona izatea; eta bestetik, errekonozimendu moduko bat da gure aurretik bidea urratu zutenentzat. Garrantzitsua da gaur egun neska-mutikoak direnek erreferente bat izango dutelako, eta emakume-bertso lotura naturalki bizi izango dutelako.
Garaipena zurea ez ezik belaunaldi oso batena ere izan dela esan duzu. Zergatik? Zelango ekarpena egin diozue bertsolaritzari?
Gure belaunaldia talde bezala plazaratu zen. Gazte taldea ginen orduan, eta gaur egun bertsogintzaren motor nagusia garela uste dut. Bere bertsokeraz eta, bertsolari bezala, bere funtzioaz gogoeta etengabea egiten duen belaunaldia da. Hori da, nire ustez, gure ekarpena.
Eta belaunaldi horretako emakumeek, zehatz-mehatz?
Emakumeok bidea egiten gabiltza, gure aurretik beste emakume batzuek ireki zutenaren atzetik: Arantzazu Loidi, Kristina Madaras... Gero eta emakume gehiago dabil plazan, eta kopuru horrek aniztasuna ere adierazi nahi du. Hori garrantzitsua da; erreferenteak izatea, eta erreferente ezberdinak. Bestalde, zenbait gairen trataeran aldaketatxoak ari dira gertatzen; orain arte aipatu gabe egon diren zenbait gai azaltzen hasi dira...
Bertsolaritza belaunaldi ezberdinek elkarri ulertzeko bidea dela entzun dizugu...
Bertsolaritzan gizartearen arlo gutxitan bezala ematen da belaunaldien arteko komunikazioa: elkarri entzun eta erantzun, elkarren hitza eta iritzia kontuan hartu eta baloratu, bakoitzaren ikuspegia errespetatu... Uste dut eredu ona litzatekeela gizartera esportatzeko.
Andoni Egañari hartu diozu aurrea...
Aurrea hartu baino, erreleboa hartu esango nuke nik. Naturala da belaunaldiz belaunaldi ardurak eta sinboloak gaurkotzen eta eskualdatzen joatea. Modu naturalean bizi izan dugula esango nuke; bai berak, bai nik.
2001. urtean txapeldunordea izan zinen, arantzarik kendu duzu, beharbada?
Arantza ez zen izan; nire bertso ibilbideko momenturik indartsuena eta inportanteenetakoa baizik. Orain lortu dudan txapela eskailera maila bat igotzea izan da, 2001. urtetik.
Zelango ondarea utzi du Egañak, zure ustez?
Egaña ez dezagun erretiratu; txapelketa utzi arren, bere ondarea sortzen eta partekatzen jarraituko du. Alde askotatik da maisua: bertso teknikan, ironian, hizkuntzan, bertsolari bezala duen jarreran, gertutasunean, bertsokideak zaintzeko duen arretan...
Bertsolaritza bizirik dagoela argi gelditu zen BECen. Txapelketaren finala 14.500 lagunek jarraitu zuten aretoan bertan; eta beste horrenbestek, telebistatik...
Ondo egindako lanaren emaitza da: bertso eskolak; bertsolaritza, hezkuntzan; Bertsozale Elkartea; hedabideetan egindako lana... Horri eutsi behar diogu. Bertsolaritzaren arrakasta ez da hutsa, ez da ikuskizun munduaren su artifizial bat; edukia eta mamia, funtsa du barruan. Horri eutsiko diogu; arrakastak gorabehera eta kopuruak kopuru, bertsolaritza biziarazten eta geroratzen ari gara.
Hamalau urte zenituela hasi zinen bertsolaritzan; orain 33 urte eta txapel bat duzu. Zelango bilakaera izan du Maialenek urte hauetan?
Bidea nire sentsazioen, iritzien eta grina artistikoen arabera joan naiz egiten. Pertsona bezala izandako bilakaera islatzen da bertsotan ere; eta noski, 14 urtetik 33 urtera arte badago aldea. Bertsotan nire ahotik kantatzen saiatzen naiz, inertziatik ihes egiten, gauzei buruz pentsatzen, esamoldeak eta doinuak lantzen... Hori da azken batean denok egiten duguna, bakoitza bere maneran.