Paul Nicholson, EHNE sindikatuaren kidea: “Baser

Aikor aldizkaria 2010ko ots. 22a, 15:02

Gurpide alkartea orain dala gitxi sortu da Larrabetzun. Bere asmoa baserriko produktuak bultzatzea da, eta helburu honeri jarraituz, Paul Nicholson konbidatu eben urtarrilean. Horrek elikatzeko burujaubetzari buruzko berbaldia emon eban Anguleri jauregian, eta Aikor! aldizkariagaz be egon zan solasean. Zer da elikatzeko burujaubetza? Norberaren elikaduraren kontrola da; hau da, non, nork, eta zelan ekoizten diran elikagaiak. Horretarako, esparru politikoa behar da hainbat arlotan. Kontsumitzaileek eskubidea dabe zer jan, eta zelan eta non ekoiztu den jakiteko. Elikagai nahikoa ekoizten ei da mundu osoko lagunentzat, baina 1.000 milioi lagun goseak jota dagoz... Eta hurrengo urtean, gehiago, ziurrenik: 2010ean beste 100 milioi gehiagok pairatuko dabe gosea. Historian ez da inoiz horrelako egoerarik gertatu. Gosea ez da klima-aldaketaren edo naturaren errua, politikaren ondorioa baino. Politika neoliberalak ekoizpen- eta ekonomia-eredu bat sortu dau, eta horrek gosea eragiten dau. Eredu honetan elikadura merkantzia bihurtu da, eta uritarrok geure eskubideak galdu doguz. Industria-eredua da, eta baserritar txikienak, hau da, gehienak, goseak jota dabiltza. Bide batez, aitatu behar da munduko baserritar gehienak emakumezkoak dirala. Mundua gero eta globalagoa da, baina zuek, ostera, kontrako joera aldarrikatzen dozue elikagaiak dirala-eta. Batzuek pentsauko dabe atzerapausoa dala... Ez. Gure ustez, eredu neoliberala eta gaur egungo teknologia eta gizarte-injustiziak dira atzerapenak. Gaur egun baserritar txikiek emoten deutsie jaten munduari, bai Iparraldean, bai Hegoaldean. Ekoizten dan %10 baino ez da esportaten. Batez be, soja eta artoa saltzen dira, baina ez dira erabilten gizakiei jaten emoteko, aziendaren pentsuak osatzeko baino. Bideragarriak dira gaur egun neurri txikiko ustiategiak? Munduko biztanleen erdia baserritar txikiak eta arrantzale artisauak gara. Beraz, gure zeregina funtsezkoa da. Ustiapen modua erabagiteko eskubidea be aldarrikatzen dozue. Eretxi errealista da gaur egun? Bai. Gaur egun nekazaritza, heziketa edo teknologia mailako politika guztiek bide oker batetik bideratzen dabez baserritarrak. Enpresa handien ustez, ekoizpena da garrantzitsuena, nahiz eta hori lurrarentzat kaltegarria izan. Guk, ostera, nekazaritza ekologikoa aldarrikatzen dogu. Eta gizarteak bat egiten dau zuen proposamenakaz? Ez. Argi dago Iparraldean nazinoarteko enpresek menperatzen daben merkaduaren alde egiten dala. Hegoaldean, aldiz, beste sentsibilitate bat dago. Via Campesina alkartean uste dogu ez dagoala gatazkarik Iparraldea eta Hegoaldearen artean; gure burruka eredu eta politika batzuen kontra dago. Zer eragina euki dau nekazaritzan gaur egungo krisi ekonomikoak? Nekazariok 30 urte daroaguz krisian. Azken urteotan beste pausu bat emon da baserritarrei gitxiago ordaintzeko. Larria izan da esne sektorean, batez be. Azken urte biotako krisia aprobetxau da merkadua gehiago liberalizateko. Estatuek ekoizpena eta kontsumoa kudeatzeko tresna politikoak daukiez. Tresna horreek desagertu egin dira, pribatizau diralako, eta gaur egun nazinoarteko enpresen eskuetan dagozalako. Era horretan kontsumitzaile eta baserritarrak indar politiko barik itxi gaitue. Nekazariok 30 urteko krisiari eusten zabiltzela dinozu. Zer egin dozue bizitzeko? Ez dakit. Euskal Autonomi Erkidegoko %1 baserritarrak dira, eta Euskal Herri osoko %3. Oso ehuneko txikia gara. Baina egoera ez da berbera mundu mailan. Afrika hartu ahal dogu adibidetzat: biztanleen %70 nekazariak dira; eta Asian, %60. Kontinenteen arteko desoreka hori gizarte-arazo handia da. Nekazariok geure jarduereagaz jarraitu gura badogu, lortu behar dogu alde batetik, elikadura-soberanotasuna; eta bestetik, itun sendoak gizarteagaz. Nekazariei gero eta gitxiago ordaintzen jake gaur egun ekoizten dabenaren truke; elikagaien prezioek, ostera, gora egiten dabe etenbarik. Zergaitik? Nekazaritza-Alkarteen Konfederazinoak (COAG), Estatu mailako sindikatuak, egin dau ikerketa. Txostenak produktuz produktu aztertu dau azken hiru urteotan baserritarrek zenbat kobraten daben eta kontsumitzaileek zenbat ordaintzen daben. Aldea %600tik %1000-%1.200era bitartekoa da. Nazinoarteko enpresek elikadura-kate osoa menperatzen dabe. Ondorioz, eurek ezarten dabez erosteko zein saltzeko prezioak. Euren podere ekonomikoa ez ezik, politikoa be bada. Eta horregaitik oso garrantzitsua da baserritar eta kontsumitzaileen arteko hitzarmena sortzea. Nekazariek ez dabe ordezkorik, gazteek baserrian behar egin gura ez dabelako. Etorkizun baltza dauka nekazaritzak, ezta? Baserritar gazteak dira etorkizuna, baina eurek ez dabe lurrik topaten behar egiteko. Lurra merkantzia bihurtu da, eta espekuleteko erabilten da. Gure herri txikietan lurra topaten lagundu behar deutsegu baserritar gazteei. Holan, merkadua sortuko dogu tokian-tokiko produktuentzat. Baserritar barrien arazoa larria da, baina tresnak egon badagoz honeri bueltea emoteko. Nekazari militantea Paul Nicholsonek kontsumitzaileei zuzenean saltzen eutsen esnea. Euskal Herriko Nekazarien Alkartea (EHNE) sindikatuan sartu zan, eta geroago Nekazaritza-Alkarteen Konfederazinoan (COAG). Ez da harritzekoa, beraz, Via Campesina alkartearen sortzaileetako bat be izatea. Mundu mailako milaka baserritarrek osatzen dabe nazinoarteko erakunde hori. Via Campesinak gogor salatu dauz eredu neoliberalaren gehiegikeriak.