Ruper Ordorika, abeslaria: “Gauza berriak sortze

Aikor aldizkaria 2010ko api. 26a, 10:37

Ruper Ordorikak kontzertu zoragarria eskaini digu duela gutxi Lezaman; lagunartekoa. Azken lana aurkezteaz gainera, Oñatiko abeslariak bere ibilbideko kantu esanguratsuenak errepasatu zituen gurekin. Duela gutxi Musikaren Saria eman dizute Haizea Garizumakoa abestiagatik, euskarazko abestien kategorian. Alde duzu haizea? Badirudi baietz. Baina ez sariengatik. Halakoak datozen bezala hartu behar dira. Disko honetan aurrerapausoa sentitu dut eta hori garrantzitsua da. Jendearen harrera ere disko batzuetan beste batzuetan baino gehiago igartzen da, baina nik osotasun batean ikusten dut neure eginkizuna, diskoz disko. Dena dela, sariak eskertzekoak dira beti. Haizea Garizumakoa Estatu Batuetan osorik grabatzen duzun lehendabiziko diskoa izan da. Bertan egin izanak bestelako eraginik izan du emaitzan? Ez dakit, hori jakin nahi nuke nik. Ben Monder, Kenny Wollesen eta Skuli Sverrisson bertako musikariekin aurrekoetan ere egin dut lan, eta nik argi nuen disko hau Estatu Batuetan grabatu beharko genuela. Musikariengatik batez ere, hango giroagatik. Eta bai, emaitzan eragina izan duela uste dut, baina ez dakit esaten zehatz-mehatz zein izan den. Azken disko hau oso lan intimista dela esaten dute musika adituek; sakona... Zelan definituko zenuke zuk? Intimista zer den ez dakit, baina ulertzen dut zergatik esaten duten. Izan ere, hitz guztiak neureak dira, eta egindakoak ere kantu-kantuak direla esango nuke; oso giro bateko kantuak. Hala ere, hainbeste diskoren ondoren denetarik entzun dut. Uste dut azken lan honek baduela osotasun bat, eta neuri halakoak gustatzen zaizkit. Baina, gero, kantu diskoa da, nire beste disko guztiak bezala. Sulabelardiko kantaria Mikel Laboari dedikatutako abestia da. Zelako eragina eduki du Laboak Ruper Ordorikarengan? Musikan ibiltzeak duen gauzarik onena da norberak miresten dituen musikariekin jo ahal izatea; asko errespetatu eta maite dituzun musikariekin jartzen zaituela harremanetan. Mutikoa nintzela ezagutu nuen lehendabiziko abeslarietako bat Mikel izan zen, eta gero, suertez, nire laguna bilakatu zen. Harreman estua eduki dut berarekin, eta eraginik handiena hor dagoela uste dut. Gure belaunaldiaren aurreko musikariak, Mikel tartean, oso erreferente garrantzitsuak izan dira guretzat. Herri musika sendotasun handiz landu dute, eta bakoitzak bere baloreekin oso bide interesgarria egin du gero etorri garenontzat. Eta horri harreman pertsonala gehitzen bazaio, nik nahi nuke pentsatu Mikelek eragina izan duela niregan, beti herri musikari handitzat jo dudalako. Etengabeko ikaste prozesuan murgilduta dagoen musikaria zarela entzun dizugu askotan. Hogeita hamar urteko ibilbidearen ostean eta merkatuan 18 lan izanda, zer da ikasi duzuna? Gauza asko izan direla nahi nuke pentsatu. Ñabardurak, gauza txiki-txikiak, dira norberari munduan hobeto egoten laguntzen diotenak, eta kantagintzan ere halaxe izaten da. Batzuetan oso gauza txikietan oinarritzen da ikasbide hori, eta, oro har, egiten duzunarekin lasaiago, gusturago, egotean datza. Dena dela, neure burua hasiberria bezala ikusten dut nik. Jendaurrean gauzak beste ganora batez egiten ditugula nabaritzen dut, grabazioetan asko aurreratu dugula... Baina, nire eginkizunari dagokionez, hasieran bezala sentitzen dut neure burua. Euskal Herriko abeslaririk ospetsuenetarikoa zara, eta publiko leiala zeureganatu duzu urteetan egindako lanari esker. Inoiz erlaxatu ahal da musikari bat? Niretzat gauza handia da kantatzen ibiltzea, hau nire grina delako. Nire publikoa, nahiz eta oso kopuru handia ez izan, hasiera-hasieratik eduki dut eta ez dut besterik eskatzen. Gurea artisau mundua da; musikarena oso mundu orekatua dela iruditu daiteke kanpotik, baina ez da horrela. Musikariok gauzak datozen bezala bizi gara, gauzei erantzuna emanez. Horregatik, ez dut uste gure lanbidean inor geldituko denik lo. Gure lanbideak ez dizu horretarako baimenik ematen, etengabeko hausnarketan egotera behartzen zaitu. Nora eramango zaitu haizeak datozen egunotan, hilabeteotan...? Gauza berriak sortzeko beharra dut; kantu berriak. Taldea erabat berritu da eta hori aurrerapauso handia izan da, nire ustez. Oso gustura nago eta egoera honek babesa ematen dit kantu berriak sortzeko, eta, ahal bada, ikasten jarraitzeko.