Bakoren bazterra: Ardo dastaren egunerokoa Toscana 1 (Italia)

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 12:50

Testua eta argazkia: Iñaki Suarez, sumillerra

Beilegia, berdea, okrea eta lila. Horra inguruan ditudan koloreak, Acienda Agricolara —nekazaritzako ustiategiei deitzen diete horrela— hurbildu ahala; sangiovesse mahatsondoek eratutako geruza kizkurtu leun batek janzten du lurra, eskuz egindako alfonbra batek bezala. Konbinazio magiko batek etxera itzultzen den etrusko zahar bat bezala sentiarazten nau; koloreak eta uztak biltzen dira konbinazio horretan, eta mahatsondoak eta olibondoak, eta arte, gaztaina eta altzifre basoak. Zein arrazoi handia duen Ferenc Matek bere eduki erromantikoarengatik horditzen duen paisaia hau deskribatzen duenean Un viñedo en la Toscana liburuan (uste dut Bill Evans berriz jaioko litzatekeela brisarekin)! Florentzia, Siena, Montalcino eta Montepulciano artean zabaltzen den margolanak hunkitu egingo zaituzte benetan, aikorlagunok, harako bidea hartzen baduzue. Ipar zerrendan, mundu osoan ezagunenak diren ardoak gozatu ahal izango dituzue; alegia, Londresko Sohotik Sydneyraino gehien saltzen direnak, Chianti izenekoak, bertako moten artean nagusi den horrekin, La sangiovesse delakoarekin alegia, egiten direnak. Ardo bikainak, umotze-puntu altukoak, basoko fruituen esentziak jaulkitzen dituztenak espeziaz arinki ondurik, bikainak eta desberdinak. Hegoaldean, bertan Supertoscanos deitzen diren ardoak, kanpoko motekin (cabernet sauvignon, merlot, syrah…) eginak, oso ondo onduak, fruitu ukitu handikoak, mamitsuak, kafe, larru eta espezieen lurrin tertziario bikainekin. Oso esker onekoa da eskualdeko gastronomia, arrandiarik gabekoa, zoragarri erabiltzen dituena onddoak, pasta eta txerrikiak. Ez ezazue pentsa ez naizela zuetaz oroitu; inor Toscanara bidaiaren bat egiteko asmotan bazen edo bada, erreferentzia batzuk ekarri ditut bisitatzeko, jateko, edateko eta lo egiteko tokiei buruz, ezin baititut utzi zuekin partekatu gabe, baina hurrengo alean izango da hori. On egin!