Denbora urrea da

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 13:46

Testua: Imanol Alvarez, Filosofian lizentziatua

Kuriosoa, leloa; gure bizitzaren hariak nahitaez maneiatzen dituen logika ekonomikoaren lehen mandamendua. Baina urrearen sukarra aspaldi bukatu bazen ere, gaizotasunak badirau. Denbora urrea da beraz,... urrea denbora dela kasik esango nuke nik. Orain dela gutxi Atxagari irakurri nion legez, “... paradisua promesten digun logika ekonomikoak, kasurik onenean, benetako garrantzia duen gauza bakarra kentzen digu, denbora”. Zenbat diru behar dugu bizi izateko? Zenbat denbora libre? Interesgarriak bezain alferrikakoak dira galdera horiek. Pertsonak beste erantzunak egon arren, bakar batean laburbil daitezkeelako: duguna. Ze erremedio... Beharrizan kontzeptuak subjektibitatearen sakontasuneraino hondoratzen gaitu, baina burua atera nahian, bizitzaren garai ezberdinetan beharrizan berberak ez ditugula onar dezakegu. Ez ditugu beti gastu berdinak, ezta denboraren premia bera ere. Gure baimenez eraiki den sistema honek —guk eraiki dugula gehiegi esatea izango litzatekeelako—, ordea, ez ditu honelakoak ulertzen. Zortzi orduan, eta hortik gora, lan egiten dugu gure seme-alaben heziketa, aitona-amonen zaintza, aisialdia edo plater aurrekozinatuak ordaintzeko. Zorionekoak gu, iratzargailuaren beharra dugun bitartean... Baina krisi handi hau ere subjektiboa da oso, begira dezagun bestela gure ingurura: nork ez du autorik?, nor ez da oporretan joaten?, nork ez du arropa berria urtero erosten?, nork ez du astero kanpoan afaldu eta trago batzuk hartzen?... Autoen zaldiek, hotelen izarrek, arroparen markek edo telebisten hazbeteek baino ez gaituzte ezberdintzen. Bien bitartean etxebizitzen prezioek berdintsu jarraitzen dute, hori bai benetako beharrizana! Besteak, tira, dirua ez da inoiz gehiegi; bizioa, gutxiegi, akaso. Logika ekonomikoak gugan sortu duen etengabeko krisian murgildu ginen aspaldian. Eta denbora? Erosi egiten da. Baina preziatua denez eta gutxi dugunez kalitatezkoa izan behar du, garestia! Ze erremedio beste behin... Gogoeta honek ez du kritika egiteko asmorik; hatz erakuslea luzatuz egiten den kritika horietako bat ez da, behintzat. Beste bizimodu baten aldarrikapen txikia baino ez da. Gero eta gehiago dira nire inguruan diru nahikoa baina denbora librerik ez duten lagunak, baita tamalez denbora osoa libre dutenak ere… Zaila da ulertzea populazioaren erdiari falta zaiona beste erdiak izatea, eta alderantziz. Ederra da askatasuna, bakoitzak diruarekin egin dezala nahi duena! Denbora libre gehiago erosi ahal izatea ere ederra litzateke.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).