Britainiar prentsaren magnateak, Lord Northcliffek, bere kazetariei esan ohi zien lau direla irakurleei luzaroko interesa pizten dieten gaiak: delinkuentzia, maitasuna, dirua eta janaria. Baina haietatik azkena baino ez da oinarrizkoa eta unibertsala. Delinkuentziak oso pertsona gutxirentzat du interesa; posible da dirurik gabeko ekonomia bat edo maitasunik gabeko ugalketa irudikatzea; ezinezkoa da, ordea, janaririk gabe bizitzarik izatea. Bidezko da, beraz, janaria munduko gairik garrantzitsuena dela baieztatzea: jende gehienari ardura gehien diona da, bere denborarik gehieneanâ€.
Hala zirikatzen digu Felipe Fernández Armestok, eta gonbidatzen gaitu, aikorlagunok, berak idatzitako Historia de la comida izenburuko liburua (Los 5 sentidos bilduma, Tusquets) berarekin partekatzera.
Urte berriari eman diogu hasiera, eta hurbil ditugu oraindik iazko urteari agur esateko jataldi eta ospakizunak. Jataldi horietan aukera izan dugu, ziur aski, beharbada orain ez hainbeste denbora gure mahaietan ez zeuden jakiak dastatzeko. Halako jakiak ez edukitzeko arrazoiak dira edo mundu berrikoak zirela, edo garraioa ez zela garatu urruneko jakiok dastatu ahal izateko punturaino, edo kontserbazio teknikak ez zirela behar beste garatu, edota beste kultura gastronomiko batekoak direla, gurearekin elkartzean kontsumo ohitura berriak sortzen dituztenak… Horiek eta beste xehetasun batzuk —oso interesgarriak, ene uste apalean— argitzen dizkigu Felipe Fernándezek ikuspuntu historiko batetik saiakera gastronomiko honetan. Harekin hainbeste gozatu ondoren, ezin nuen utzi zuekin partekatu gabe. On egin!