Hatz-marka genetikoa

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 23a, 15:47

Testua: Xabier Díaz, BTEK-eko zuzendaria

Ohituta gaude ikusten, CSI eta halako serietan, zelan susmagarriak euren DNA erabilita identifikatzen dituzten . Egia edo fikzioa? Era erraz batean azalduta, DNAk edozein izakiren inguruko informazioa biltzen du, zelakoa den eta bere funtzionamendua zein den azalduz. Eta informazio hori belaunaldi batetik bestera jakinarazteaz arduratzen da. Baina DNA ez da hain ezberdina hurbil dauden espezie batetik bestera; eta are gutxiago, espezie bateko banako batetik bestera. Adibidez, gure genoma eta txinpantzearenaren arteko antzekotasuna %98,77koa da, eta gizakien artekoa, ia-ia %100ekoa. Gainera, DNA oso molekula txikia da, bere diametroa bizpahiru nanometrokoa da; hau da, milimetro bat baino milioi bat aldiz txikiagoa! Zelan da posible, bada, espezieak edo izaki konkretuak identifikatzea? DNAn badaude izakiak banaka identifikatzeko balio duten zonaldeak. Gizakien identifikaziorako, esate baterako, gehien erabiltzen direnak mikrosateliteak dira. Errepikatzen diren DNAren pusketak dira hauek, eta pertsona bakoitzean kopuru ezberdinetan daude errepikatuta. Mikrosateliteak Prozedura hau da: aztertu nahi den lagin biologikoa hartu, eta horko zelulen DNA atera egiten da. Pertsonak identifikatzeko aproposak diren mikrosateliteen kokalekuak ezagunak dira; beraz, kokaleku horietara jo, eta bakoitza zenbat bider errepikatzen den kalkulatzen da, laginaren hartz-marka genetikoa lortuz. Orain hori susmagarriaren hatz-marka genetikoarekin alderatzea baino ez zaigu falta... Guk kromosometan eta mitokondrietan dugu DNA. Kromosomen informazioaren erdia aitaren espermatozoidean zegoena da; eta, beste erdia, amaren obuluan zegoena. 23 kromosoma-pare ditugu, eta ezin dugu jakin pare bakoitzean zer den amak “ipini” duena, eta zer, aitak. Baina salbuespen batekin: gizonezkoak bagara, amarengandik X kromosoma jaso dugu; eta aitarengandik, Y kromosoma. Beraz, pare honetan badakigu kromosoma bakoitza nork jarri duen, eta gure Y kromosoma eta aitarena berdin-berdinak izango dira. Baita mikrosateliteak ere. Mitokondrien DNA, berriz, amarengandik baino ez dugu jasotzen. Ondorioz, gure amaren DNA mitokondriala (DNAm) eta gurea berdin-berdinak dira, baita hor dauden mikrosateliteak ere.