Apirilaren 15ean, barikuan, poz-pozik hartu nituen oporrak, hurrengo bi asteetarako egitasmoak buruan bueltaka nituela. Apirilaren 17an, Kantabria aldera joango ginen, apur bat deskonektatzera, eta han egun pare bat emango genuen; eta gero Galiziara, beste bost egun... Baina oporrak Kantabrian amaitu ziren.
Igande gauean, buruko isuria eduki nuen, oporrak bukatuta zeudela adierazi zidana. Lehenengo eta behin, anbulatorio batera joan ginen, eta handik ospitale txiki batera. Gero, Gurutzetan ospitaleratu nintzen, lasaigarria hartuta eta konorte barik. Loaldi ederrean, ezertaz enteratu gabe, hamalau egunean egon ondoren, begiak ireki, eta hasi nintzen gertatutakoaz jabetzen.
Ez zen egoera erraza, eta ametsetak buruan nituen bueltaka. Hiruzpalau egun eman nuen gela arrunt batean, puzzlea osatu ezinik; gero, etxera.
Oraindik ez naiz errehabilitazioarekin hasi, itxarote zerrendak oso luzeak omen direlako. Baina, pixkanaka-pixkanaka baino ez bada ere, mugimendu guztiak egiteko gauza naiz. Ibiltzeko ere apur bat astun nago. Gauez, lo egin ezinik eta ohean aratinik, gauza askotan pentsatzen dut...
Isuria eduki nuenean, txarrena pentsatu nuen hasieran. Eta fededun kristaua naizenez, Jainkoari errezatu nion, luzapen bat eskatuz. Eta badirudi eman egin didala.
Badakit emazteak, seme-alabok, senideok eta lagunok oso txarto pasatu duzuela, baina hemen nago berriro: lehengoa bera. Nirekin gogoratu eta nitaz arduratu zaretenoi, eta zeuen otoitzetan gogoan izan nauzuen guztioi ere, mila esker!
Bizitza hari ahul bat baino ez da, eta nik hari horretatik egin dut joan-etorria. Ea luzaro irauten duen beste bidaia bat egin gabe.
Gutunak