Itsaso Arrieta, kantu irakaslea:“Kantua, bizitze

Aikor aldizkaria 2012ko ots. 22a, 13:41
Musika munduan dabilzanek ondotxo ezagutzen dabe Itsaso Arrieta. Santutxuar Lezamatartua kantu irakaslea da eta urteak daroaz euskal kantagintzea herritarrei hurbiltzen. Aitatu deuskun moduan, abesti ondare itzela dogu euskaldunok, “geure nondik norakoak ezagutzeko modukoa”. Berak badaki sobran. Zenbat abesti dauz Itsasok buruan? Pilo bat! Eta egunean-egunean barriak entzuten eta ikasten. Eta bategaz edo besteagaz gelditu beharko bazina? Ezin izango neuskio horreri erantzun, askogaz geldituko nintzateke-eta. Bizkaiko koplak, baladak, Musde Ürrütia Zuberoakoa adibidez edo beste hamaikatxu kantagaz. Baina asko eta asko dagoz. Bizkaikoez gain, Iparraldeko kantuak be asko maite dodaz. Hango lagunakaz dodoan harremanagaitik izango da, beharbada. Jentea abesten entzun eta ikusten dozunean, benetan bizi eta sentitzen dabela ohartzen zara. Gazteek be bai. Egia da momentu baten beherakada egon zala, baina kantatzeko ohiturak barriro egin dau gora, harek dauan garrantzia ikusi dabelako. Oso kantu ederrak dagoz mugaren bi aldeetan. Zer entzuten dozu abesten ez zabiltzanean? Danetarik. Bardin deust Guridiren konposizinoak entzuteak, edo Zuberoako abestiak... edo edozein bazterretan aurkitutako ahozko tradizinoko “zinta” zaharren bat be bai. Gehienbat euskal musikea entzuten dot, tradizionala, baina esan daiteke danetariko musikea entzuten dodala. Notez eta melodiez gainera, zer da musikea? Niretzat, bizimodu bat... eta bizitzea ikusteko modu bat be bai. Nik ez neuke neure bizitzea kantu edo musika barik ikusiko. Azken baten, kantatzeko ohitura handia dago gure herrian, eta dana kantau dogu beti: bizipenak, tristetasuna, alaitasuna, ospakizunak... Harremanak eukiteko beste tresna bat be badala pentsaten dot. Beste inogaz abesten danean, alkarri begiratuz, oso indar berezia sortzen dalako kantetan dagozanen artean. Informazino handia jaso daiteke kanta-lagunaren gainean kantatzeko moduari erreparauta: zelakoa dan, zelan sentiduten dauan, … Niretzat, persona bategaz kanteterakoan konektauz gero, betiko izango da lotura hori. Argi dago personengan eragina dauala... Amaren sabelean gagozanetik dauka eragina eta ez bakarrik bizidunongan; bizibakoetan be badau eragin handia. Adibidez, taula baten gainean harea hedatu eta ondoan soinua ipiniz gero, musika bortitza bada, estutu egingo da harea; eta suabea bada, zabaldu. Soinu-uhinek eragina dabe bizibakoetan, eta bizidunongan askoz handiagoa da eragin hori, zuzen-zuzenean doa gure zentzumenetara eta bihotzera. Gogo-aldartea aldatu, denporan zehar transportatu,… indar ikaragarria dauka musikak. Dauan beste garrantzirik emoten deutsagu? Nik esango neuke baietz. Azken urteotan, kantuak oso arin egin dau aurrera Txorierrin, esate baterako. Halanda be, egia da biztanleriaren alde batek ez dituala herri kantuak ezagutzen. Eta ezagutzen ez doguna ez da existiduten. Herri kantuak ezinbestekotzat dozuz gure identidadea ezagutzeko. Bizitzan aurrera egin eta sendo ibiltzeko, lehenengo eta behin zeure burua ezagutu behar dozu: nor nazen, nondik natorren eta nora joan gura dodan. Eta gero, zeure ingurua. Abestiek laguntzen deuskue bai geure burua, bai geure ingurua ezagutzen. Izan be, folklorearen zati dira kantuak eta folklorea herri jakintza da. Kantuetan danak dau isla: herrian gertatutakoak, zelangoak garen, zelan sentiduten dogun, bizitzea zelan ikusten dogun... Hareek ezagutuz gero, ulertuko dogu geure izatearen nondik norakoak. Ahozko transmisinoa behar beharrezkoa. Belaunaldiz belaunaldi transmitidutako jakintza geure egiten dogunean, berez aterako jaku egoereak eskatzen deuskun kanta, esaera edo ipuina. Umeagaz zagozanean abesti konkretu bat jatortzu burura eta, gura barik, umeari transmitiduten deutsazu, eta umeak ulertu egiten dau. Ahozkoa arina da, bat-batekoa eta behin eta barriro errepikatzen dana. Poeta arabiar batek esan eban bezala, hizkuntza baten bizia errepikapena da; hizkuntza eta kultura baten bihotza errepikapena da. Gure kantuetan, behin eta berriro gabiltza hau edo bestea errepikatzen, dala egiturea, dala sinboloa, dala egoerea … Haur hezkuntzan dabilzanei, gurasoei... zuzendutako umeen kanten gaineko ikastaroak emoten dozuz. Zertan datzaz? Umea jaiobarria danetik hamar urte bete arteko sasoia lantzen dogu, eta bere bizitzaren etapa bakotxeko ezaugarriak kontuan hartu eta jagokozan kantu-jolasak aurkezten doguz. Zentzumenak lantzen lagunduko deutsien kantak jorratzen doguz: lo kantak, eskuakaz egiteko abestiak, ibilten hasten diranerakoak, logikea eta memoria lantzekoak, afektibidadea adierazotekoak, … Hitzen sonoritatea, onomatopeiak... be jorratzen doguz, eta halan umea pixkanaka-pixkanaka gure hizkuntzaren soinuetara hurbiltzen doa. Merezi dauan lekua dau musikak Hezkuntzan? Ez, eta penea da. Musikari nazinoarteko hizkuntzea esaten jako, izan be, batu egiten gaitu eta taldean hunkiarazoten gaitu. Taldeko euforia behar-beharrezkoa dogu, alkarregaz hunkitzea eta guztion ahotsek bat egiten dabela, indarra egiten dabela, ikustea. Oso inportantea da hori, baina ez gara konturatzen. Lehen aitatutakoez gainera, herri kantuen inguruko ikastaroak be egiten dozuz. Horreek neurrira antolatzen dira, parte hartzaileen ezaupideen arabera. XV. mendetik gaur egunera arteko kantuak jorratzen doguz. Kantua entzun eta aztertu egiten dogu: zer dinon, dauan sinbologia, zein testuingurutan abesten zan,… eta azkenean ikasi eta gozau kantetean zein entzutean. Buruan abesti pilo bat dozula aitatu dozu lehen, zeintzuk dira zure iturriak? Etxea, familia, Labayruko artxiboak, ikasleak ... asko dira iturriak. Lagunengandik be asko ikasi dot, Dominikengandik eta bere ingurukoengandik, adibidez. Bestalde, nik jakin-mina handia dot, asko irakurtzen dot eta handik eta hemendik nabil galdezka. Gure kantagintzak kanpokoagaz zerikusirik badau?. Uste baino gehiagok batzen gaitu? Herrien kokapenak eta hareek euki daben historiaren arabera, argi dago bakotxak bere kutsua eta berezitasunak islatu dituala kantuetan. Baina funtsean ez dago oso ezberdintasun handirik. Guztiok gai bardintsuak jorratu doguz geure abestietan, kezka antzekoak... Norberaren tradizinoa ezagutzen danean, ingurukoena be hobeto ulertzen da eta zabalago egiten gara, beste modu baten onartzen da ingurukoa. Gu ez gara bakarrak eta ingurukoakaz lotura bakoak, kultura guztiak hari beretsutik doaz. Bihotza, Bizkai eta Iparraldearen artean Musikagaz oso harreman estua dauan emakumea da Itsaso, eta hori familiarengandik jatorkon kontua da. Beti kantau izan da bere etxean. “Domeketan mendira joaten ginan, eta auto barruan gurasoak eta bost neba-arrebok ginala, txistua-eta atera eta kantaten hasten ginan beti; lehenengo ahotsa, bigarrena eta guzti egiten genduan”. Suertea euki eban lezamarrak lagun kantuzaleak be topau zitualako. Oraindino dauz buruan Bilboko zazpi kaleetan egindako kantu parrandak. “Bestetik, aitaren eraginez, gazte-gazterik hasi ginan Iparraldera joaten eta han lagunak egin genduzan, hareek be kantariak. Gaur egun bertaraino hurbiltzen jarraitzen dogu. Oso harreman estua dot hango lagunakaz; asko ikasi dot eurengandik”. Bihotza erdibanatuta dau: zati bat, Bizkaian; eta bestea, Iparraldean. Gaztea zala Labayru ikastegian hasi zan beharrean, gaztetxoei zuzendutako udako ikastaroetan monitore. Eta pixkanaka-pixkanaka joan zan ibilpidea egiten. “Kantu ikastaroa emoteko deitu eusten eta oso harrera ona euki ebala ikusi genduan, eta abestien bitartez bai geure kulturea, bai hainbat gauza ikasten dirala. Eta gauza baten atzetik beste bat etorri zan: ikastaro gehiago, proiektuak...”. Proiektu horreen artean, Katuen testamentua umeen kantek osatutako diskoa dago, Oskorrik ahotsa jarri eutsana. “Inguruan hezkuntzan ebilen jentea neukan, eta umeakaz abesteko kantu gitxi egoala esaten eben. Kantu gitxi? Asko dagoz eta! pentsau neban. Proposamena egin neban Labayrun eta abestiak batzeari ekin geuntsan. Itzela izan zan, jenteak deitzen euskun abestien bersino ezbardinak erakustearren, eta ikastaroak egiteko eskatzen euskuen eskoletatik”. Musikea asko maite dau Itsasok, eta pasinoak arlo hori aztertu eta ikastera eroan dau; grinea ogibide bihurtu dau. Halan, umeen kanten eta herri kanten gaineko ikastaroak emoten dauz; Labayru, herrietako alkarte eta Udako Euskal Unibersidadearen bidez antolatzen dauz horreek. Pozik dago eta buruan hamaika kantu ez eze hamaika proiektu be badauzala azaldu jaku. Halanda be, ez deuskuz horreek oraindino jakinarazo gura. Bardin deutso, hurrengoan be musikan nahastuta topauko dogu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).