Iker Galartza l aktorea: “Aktorea baino lehen pa

Aikor aldizkaria 2012ko mar. 23a, 14:18
t: Gaizka Eguskiza
Euskal filologia ikasteari utzi eta barruko grinak askatu zituen Iker Galartzak: antzeztea eta idaztea. Goenkale saioan hasi zen eta azken zazpi urteotan Vaya semanita programan aritu da. Martxoan Carpe diem: amigos para siempre antzezlana ekarri digu Sondikara. Ez da Sondikatik zabiltzaten lehenengo aldia. Zelan? Sondika pixka bat urrun dugu, baina zerbait egiten dugun bakoitzean beti deitzen digute. Bizkaiko beste herri batzuetatik ere deitzen digute beti. Oso gustura gaude. Sara Cozar eta Joseba Usabiagarekin aritzen zara. Betiko lankideak dira biak, ezta? Antzerkia ez da telebista bezalakoa. Herriz herri ibili behar duzu, eta hainbat gauza egin behar dituzu lankideekin batera. Lankideak baino gehiago lagunak gara. Beste lan batzuetan ez duzu lankideak hautatzeko aukerarik; guk, berriz, elkarrekin egiten dugu lan, horrela geuk nahi izan dugulako. Zoriontsuak gara. Antzezlana gazteleraz egingo duzue, baina euskarazko bertsioa ere badago. Zein duzue nahien? Berdin digu. Ez dago aparteko ezberdintasunik. Egia da euskaraz saio gehiago egiten ditugula, eta horregatik ateratzen zaigula naturalago. Euskal filologia ikasi zenuen, baina aktorea izateko utzi zenuen. Horrela hasi zinen? Aktorea izan nahi nuen, baina etxean zerbait ikasteko esan zidaten, eta euskal filologia aukeratu nuen. Baina banekien sekula ez nukeela filologo lanik egingo. Ez zitzaidan gehiegi gustatzen. Hala ere, izugarri gustatzen zitzaizkidan irakurtzea eta idaztea. Eta gidoilari ibili nintzen Goenkale telesailean, esate baterako. Txalo Produkzioetan ere antzezlanak idatzi edo moldatu ditut; Sondikan egindako Carpe diem, bat aipatzearren. Gidoilari ez ezik aktore ere aritu zara Goenkalen. Zer ekartzen dizu burura telesailak? Aspaldiko kontua da, 1994koa, baina gauza politak etortzen zaizkit burura. Izugarrizko eskola da aktoreontzat, eta telebista nolakoa den erakusten dizu. Ni duela 15 urte ibili nintzen telesailean, 20 urte nituela, eta oraindik jarraitzen du ikusle kopuru oso onak izaten. Harrigarria da! Vaya semanita saioan agertzeagatik zara ezaguna Euskal Herrian, baina saioa Estatu mailan ere hartzen dute erreferentetzat. Zer deritzozu horri? Oso saio garrantzitsua izan da Euskal Herrian, eta kanpoan ere ikusten dute. Horri esker, Estatuan ere ezagutzen gaitu jendeak. Era berean, aktoreontzat oso aberasgarria da hainbat pertsonaia egiteko aukera ematen dizulako. Lana gogorra da, oso erritmo bizia dagoelako, baina oso gustura ibiltzen gara. Duela gutxi eraberritu dute saioa, eta, horren eraginez, iskanbilak sortu dira. Hala ere, gero eta ikusle gehiago izan duzue.... Zelan bizi izan duzue zuek, saioko kideok, aldaketa? Badakigu urtero-urtero daudela aldaketak. Aldaketaren berri izan genuenean, ezin genuen sinetsi: talde paregabea egon zen, elkar ezagutzen genuen aspalditik... Koadrila desegingo balitz moduan sentitu ginen. Oso tristea izan zen. Hala ere, jende berriarekin hasi ginen lanean, eta eurekin ere oso gustura gaude. Dena dela, erabakia ez dago geure esku: nagusiek erabaki egin dute eta guk hori onartu behar dugu. Saio berrian Derioko baserritar homosexual baten papera jokatzen duzu, Benan. Ezagutzen duzu Derio? Zelan sortu zen ideia? Bai, ezagutzen dut herria. Gidoilarien kontua da. Haien artean badaude bizkaitar asko, eta bertako baserritar homosexualen bat ezagutzen dute, agian, eta hari eginiko omenaldia da. Auskalo! (kar, kar...). Programa berrian beste gai batzuk jorratu nahi izan dituzte. Pertsonaiak ere eraberritu dituzte eta horrela sortu da Benan. Zergatik ez dugu baserritar gay bat egingo? Ez genion maritxu-ukitu handiegi eman nahi, eta jendeari gustatu egiten zaio. Homosexualen elkartetik zorionak eman dizkigute horregatik. Telebistari esker lortu duzu ospea, baina antzerkian oso ibilbide luzea duzu. Esate baterako, pailazo ere ibili zara Poxpolo eta Mokolo bikotean. Aspaldiko apeta da hori. Duela 12 urte hasi ginen konpainian, herriz herri lagunekin-eta... Pailazoa eta zirkoa beti gustatu zaizkit. Aktore guztiak ez dira pailazo, eta pailazo guztiak ez dira aktore; ni aktorea baino lehen pailazoa naiz. Euskal Herri osotik ibili gara eta ahal dudan bakoitzean ekiten diot horri. Badakit diru gutxien ematen duen lana dela, baina argi daukat ez dudala inoiz utziko. Gainera, umeei gustatzen zaie.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).