Paperezko prentsa eta paperezkoa ez den beste horren gainean gogoeta batzuk egin gurako nituen. Aurretik doa esatea, ondoko argazkian ikus daitekeenez, aurpegiko ximurrek erakusten dutela lapitz, paper eta borragoma sasoikoa naizela. Lan profesionalak sartu nau teknologia berrietan.
Harritu egin ninduen jakiteak adin batetik beherako oso pertsona gutxik erosten dutela egunero egunkaria, eta adin horretatik gorakoen artean ere ez direla horrenbeste egunero erosten dutenak.
Teknologia berriak erabiltzean desberdindu beharko litzateke ikusi eta irakurri behar direnak, esaterako, egunkari eta aldizkari digitalak, eta ikusi eta entzun egiten direnak, esaterako, telebistak. Hauek abantaila handiak dituzte. Erakargarriak dira, kolore eta irudi multzo handia erabiltzen dute, arinak dira, hedadura zabala dute, asko eta asko doanekoak dira, eguneratzeak egiteko ere aukerak ematen ditu eta abar. Baina, aldi berean, manipulatzaileak eta manipulagarriak dira, eta globalizatuta dagoen munduari lehentasuna ematekoak. Batzuetan badago intimitate urraketaren sentsazioa ere, entzun eta irakurtzen duguna eta idazten duguna oso agirian geratzen delako, eta sarritan betiko.
Hau guztia jarri da orain arteko paperezkoen aurrez aurre. Formatu honek baditu bere desabantailak: arbolak behar ditu, ordaindu egin behar da, ez da horren arina, norberak ere denbora gehiago behar du irakurtzeko, besteen besteko kolorerik ere ez dauka... Ekonomikoki sostengarria izan dadin, diru-laguntzak derrigorrezkoak dira, baita harpidetza ere, baina nik neuk bi abantaila garrantzitsu ikusten ditut. Bata, formatuak berak gogoetarako aukera handiagoa ematen du, egunkari, aldizkari edo liburua hartzea urri daukagun denbora hartzea ere badelako. Bestea, informazio, gertakizun luzeak eta kulturaren transmisiorako aproposagoa delako. Hirugarren bat ere aipatuko nuke, paperezko hori toki desberdin askotan irakur daiteke. Batzuentzat plazerra da komunean ere irakurtzea.
Paperezkoaren kasuan aspektu negatiboak aipatu baditut ere, hemen esandakoa horren alde egitera dator, uste dudalako paperezko formatu horrek bere funtzioak betetzen dituela. Gehiago da denen arteko oreka bilatzea beste ezer baino. Hiztegi bat formatu digitalean funtzionalagoa izango da, ostera, gogoetarako eta atenporala den idatzia papererako aproposagoa da. Edozelan ere, aldaketa hauek munduaren ikuskera desberdinak ematen dituzte.