Udaberri eroa

Aikor aldizkaria 2013ko eka. 24a, 10:38

Testua: Sara Gandara, kazetaria

Hitz egin dezagun eguraldiaz. Egia esan, urte honetako lehen sei hilabeteak ez dira nahi beste onak izan, baina, udaberriak bereziki, lur jota utzi gaitu. Agur esan berri diogu urtaro horri, baina, izan dugun giroa ikusita, norbaitek otsailaren bukaeran geundela esan baligu, nik neuk sinetsiko nukeen. Maiatza ez ezik, 2013ko lehen bost hilabeteak kaskarrak izan dira. Eta datu oso esanguratsuak utzi dizkigute. Euri asko bota du eta tenperatura ere ohi baino baxuagoa izan da. Zer gertatzen ari da? Nahiko nuke nik galdera horri erantzuna eman, baina... gauza, faktore asko hartu behar dira kontuan petralaldi hori ulertzeko. Eta, egoera hau izanik, geure urtegiak urez gainezka daude. Ezin esan urtegiak makal dabiltzanik! Maiatzarekin hasiko naiz. Egia da Azoreetako Antizikloiak eragin zuzena izan duela kaskarraldi honetan, izan ere, bere ohiko lekuan ez, Ozeano Atlantikoaren ipar partera mugitu da, eta, horrek, ezegonkortasuna ekarri digu. Ba al dakizue zenbat eguzki-egun izan ditugu maiatzean? Esku bateko atzamarrekin nahikoa genuke enigma hori ebazteko. Maiatzeko tenperaturak ere zeresan handia eman du. Egun gutxitan izan dugu 15ºC-tik gora. Zehatzago ere esan daiteke: 19 egunetan izan ditugu 15ºC edo hortik beherako tenperaturak; 6 egunetan, 15 eta 20 gradu arteko tenperaturak; eta 4 egun bakarrik 20ºC edo hortik gorakoak, beti ere Bilbo adibidetzat hartuta. Niri, behintzat, gutxi falta izan zait depresioan sartzeko. Hori gutxi ez, eta normalean baino askoz beherago kokatu dira aurtengo beroenak, maiatzeko maximo historikoak kontuan hartuta. Izan ere, Bilbon esate baterako, maiatzeko maximo historikoa 36ºC-koa izan ohi da; baina aurten, 24 gradukoa izan da. Euriari dagokionez, maiatzean, Donostian eta Baionan, ohikoa baino ia bi aldiz gehiago bota du. Bilbon, Iruñean eta Gasteizen, aldiz, ohi baino zertxobait gehiago bota du. Eta urtegiak berriro aipatuta, denak daude ehuneko 80 eta 90ean beteta. Baina 2013ko lehen bost hilabeteak kontuan hartzen baditugu, Donostian esaterako, ohi baino ia bi aldiz gehiago bota du, 1137 l/m2-ko; eta ia hiru aldiz gehiago Iruñean. Baina idatzitako guztia iragana da, ea nola datorren etorkizun hurbila, eta, batez ere, estreinatu berri dugun uda.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).