Etorkizuneko ikasgelak

Aikor aldizkaria 2014ko eka. 23a, 09:55

t: Xabier Díaz, BTEKeko zuzendaria

Ikasturtea amaitu berri da. Azkeneko ikasketa-esprintak, azkeneko azterketak, leihotik begiratu, eguzkiak belarra berotu eta zozoei kantarazi dizkien bitartean... Herrialdeen hiriburuak, bigarren eta hirugarren deklinazioak, baldintzak eta subjuntiboak, errege zein politikarien izenak, Newton, logaritmoak... Geletan urte dezente pasatu dugunok hara berriz sartuko bagina, ez dut uste sorpresa handirik jasoko genukeenik: proiektoreren bat, arbela digital bat, beharbada, ordenagailua gelan... Ikasleen poltsikoak edo etxean dituzten baliabideak aztertuz gero, berriz, hori beste kontu bat izango litzateke: telefono adimenduak, tabletak, ordenagailuak... Baina zelakoak izango dira ikasgelak hemendik 10 urtera? Ikus ditzagun egongo diren berrikuntzetariko batzuk. Errealitate emendatua Mundu errealaren gainean edo haren irudi baten gainean informazio gehiago jartzean datza. Horren bidez testuak, irudiak, bideoak eta grafikoak gehitu ahal dizkiete errealitateko irudiei telefono adimenduetan, tabletetan edo beste gailuetan. Esate baterako, betaurreko adimenduak erabilita, ikusten ari garen mendikate bateko mendi bakoitzari izena eta altuera gehi geniezazkieke. Edo tabletaren kameraren bitartez herri baten irudia jaso eta horren gainean eraikin berezi bakoitzaren inguruko informazioa ipini, edo eraikin bat berritu badute, antzinako itxura bere gainean ipini eta bilakaera aztertu. Gaming Risk jokoa ezagutuko duzue zuetako askok. Zergatik ez erabili horrelako joko bat geografia ikasteko? Ez al da xakea arazoak konpontzeko gaitasunak lantzeko sistema egoki bat? Ez da estrategia berri bat, ez, baina gaur egungo baliabide teknologikoek erraztasun handiak ematen dituzte jokoak hezkuntzarako estrategia moduan erabiltzeko. Zergatik ez, orduan, simulazio jokoak erabili, hirien jasangarritasun energetikoa ikertzeko? Edo rol jokoak, elkarlana bultzatzeko? Ikasgela Leku malgu bat izango da. Eremu ezberdinak definituko dira zeregin zehatzetarako: aurkeztu, ikertu, sortu, trukatu, garatu, partekatu... Eta bakoitzean beharrezkoak diren baliabide teknologikoak egongo dira. Adibidez, “aurkeztu” eremuan bertikalean zein horizontalean jartzeko moduko arbel handi bat egongo da, ukipen-pantaila duena, aurkezpenak egiteko zein talde lanerako; eta “ikertu” eremuan, laborategi erreal zein birtual bat, esperimentuak egiteko. Aipatutakoak egia dira dagoeneko, eta martxan daude ikastetxe batzuetan. Orduan, zergatik ipini duzu 10 urteko epea lehen?, pentsatuko duzue. Egia esateko, ez dakit benetan 10 urte barru teknologia berri horiek gela guztietan izango ditugun... Ez dugu ahaztu behar teknologiek aukera berriak eskaintzen dituzten arren, aldaketa metodologikorik ez badago, horiek alferrik direla. Bilatzaile batean future clasroom idatzi eta milaka artikulu topatuko dituzue. Onak aukeratu eta, badakizue, zuen blogetan iritzia eman eta laburpenak ipini. Euskaraz, noski ;-). Iturriak: https://en.wikipedia.org/wiki/Augmented_reality Future classrom lab Learning spaces

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).