t: Gaizka Eguzkitza / a: Z.M.E.
Zamudioztarrei “perretxiko ustelak” esaten zaizkie, baina hemendik aurrera, agian perretxiko goxoak esango diete. Izan ere, Zizegorri mikologia elkartea sortu dute, eta horrek bailaran dagoen perretxikoetarako zaletasuna bultzatu nahi du. Euskara eta hedapena ildotzat hartuta, Zizegorrikoek perretxikoen gida argitaratu nahi dute euskaraz, eta perretxikoen inguruko informazio-bulego bat irekiko dute astero.
Juanan Díez Bilbokoa da, baina Txorierriko neska bat ezagutu eta hona etorri zen bizi izatera orain dela bederatzi urte. Harrezkero, hasi zen harremanak lantzen bailaran: euskara ikasi zuen Txepetxa euskaltegian, Berbalagun proiektuan sartu zen... “Nire amama eta osaba bat perretxiko zaleak ziren eta haiekin batera hasi nintzen perretxikoen mundua ezagutzen. Geroago, Cantarelus Santutxuko taldearekin ere ikasi nuen pilo bat. Gainera, mendizalea naiz, eta zaletasun biak uztartu egin nituen. Hemengoek “el setero” esaten zidaten eta behin batean, lagun batek elkartea egitea proposatu zidan. Eta horrela sortu genuen Zizegorri mikologia elkartea”, esan digu Juananek.
Guztira 55 bazkidek osatzen dute elkartea. Kideak Txorierri osokoak dira, gizonezkoak zein emakumezkoak, eta adinari dagokionez, batez ere 40 urtetik gorakoak. “Gure estatutuetan garrantzi handia ematen diogu heziketari, batez ere gazteenei zuzenduta. Ildo honi jarraituz, lan egin nahi dugu eskolarekin, umeei perretxikoak gerturatzeko. Haurrei irakatsi behar diegu inportantea dela perretxikoak modu jasangarri batean jasotzea, ekosistemari kalterik ez egiteko. Hau da, ale kopuru mugatu bat bakarrik batu behar da”.
Era berean, elkartekideek aholkularitza zerbitzua eskainiko diete perretxiko zaleei. “Astelehenero, 20:00etatik aurrera, batuko gara lokalean, Aresti geletan, Zamudion. Guregana etortzen direnek perretxikoak ekartzeko aukera izango dute, eta guk esango diegu nolako perretxikoak diren, kaltegarriak diren ala ez... Guretzat oso interesgarria da jendea etortzea, perretxikoen gida egin nahi dugulako. Bertan, besteak beste, perretxiko bakoitzaren argazkia, izena, eta ezaugarriak jaso nahi ditugu. Perretxikoen errolda modukoa izango da eta euskaraz osatu nahi dugu”.
Bai, elkarteak euskara sustatu nahi du. “Perretxikoei buruzko informazio-iturriak anitzak dira, baina gehienak gaztelaniaz daude. Gainera, nahiz eta euskaldun zaharra izan, perretxiko zale gehienek erdarazko hitzak erabiltzen dituzte: niscalo esaten dute, esnegorri esan beharrean. Pena da. Eta horregatik, hain zuzen ere, gure gida osatu nahi dugu. Gure ustez, ohiturarik ez dago eta hori aldatzeko materiala sortu behar da”. Gida egiteko, Lagatzu Zamudioko euskara elkartearekin eta IZAE argazkilaritza Zamudioko taldearekin egingo dute lan.
Ultzama
Elkartea lehenengo urratsak ematen dabil eta urteko egitaraua oraindik ez dago erabat zehaztuta. Azaroan postu bat jarriko dute Zamudioko azokan, elkartearen berri emateko. Gainera, irteeraren bat egingo dute noizean behin, eta horietako batean Nafarroara joango dira. “Ultzama Euskal Herriko lehenengo Parke mikologikoa da. Han ere badute aholkularitza-zerbitzua, eta euren adituekin batera joango gara mendira, ibilbide batzuk egingo ditugu... Oso leku aproposa da eta bertan ikasi ahal dugu zelan joan mendira eta nolako arauak dauden perretxikoak batzeko, esate baterako”.
Juananen hitzetan, Nafarroa eta Araba oso leku aproposak dira perretxikoak batzeko. “Biak dira basatiak eta euren basoak primeran babestu dituzte. Gainera, Gorbeia, Urkiola edo Soria ere badira toki ederrak”. Era berean, Txorierrin ere badugu perretxikoak non batu. “Aspaldi-aspaldian harizti polit bat zen Txorierri, baina gaur egun pinuak eta eukaliptoak ere baditugu. Beraz, esnegorriak topatu ahal dira edozein pinuditan, Artxandan, adibidez. Eta onddoak nahi baditugu, Santa Marina ospitalearen ingurura joango nintzateke”. Txorierrin onddoak, esnegorriak eta barrengorriak dira gehien batzen direnak.
Perretxikoak batzeko, natura hartu behar da kontuan. “Perretxikoen eta arbolen arteko harreman zuzena dago. Perretxikorik gabe ez litzateke arbolarik egongo. Beraz, arbola zehatz baten alboan perretxiko mota zehatz bat dago. Hau da, onddoak nahi baditut, ez naiz eukaliptoz betetako baso batera joango, harizti edo pagadi batera baizik. Ikasi behar da apur bat eta jakin non bizi zaren. Eta hori ere bada perretxikoak batzearen beste alderdi polit bat. Horretarako, bakoitzak aukeratu behar du bidea, bere kabuz edo gurea bezalako elkarte baten laguntzarekin”.
Era batean edo bestean, Juananek aholku batzuk eman ditu perretxikoak batzeko orduan. “Ezagutzen ditugunak baino ez nituzke batuko, eta lekuari dagokionez, errepide eta fabriketatik urrun. Izan ere, perretxikoek ez dute sustrairik eta inguruan topatzen dutenarekin elikatzen dira; beraz, metal astunak ere hartzeko arriskua dute eta horregatik bada garrantzitsua non batzen dugun. Era berean, perretxikoak jasotzen ditugunean, ahalik eta lasterren eraman behar ditugu etxera, garbitu eta kontu handiz aritu, perretxikoek propietate guztiak ez galtzeko”.
Taldeak eta Elkarteak
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).