Alex, Maite, Naiara, Jone eta Nerea dira aurretarrak. Familia bitxia da, guztiak talde berean dabiltzalako, Loiola Indautxun: aita entrenatzailea da; ama, delegatua; eta alabak, jokalariak. Loiuztarrak saskibaloiaren inguruan bizi dira.
Alex Aurre da aita. Bera 12 urte zituela hasi zen saskibaloian jokatzen, Derioko institututan, Carmelo Etxebarriaren eskutik. “Futbolean jokatzeko asmoa nuen, baina urte horretan legedia aldatu zuten eta ezin izan nuen jokatu, gazteegia nintzelako. Beraz, saskibaloian hasi nintzen”, esan digu. Jakin barik, ziur asko, erabaki horrek bere bizitza osoa aldatu zuen. Institututik Maristas ikastetxera joan zen eta handik, Patronato, Cajabilbao eta A Coruña taldeetara.
Alexek bigarren mailan baino ez zuen jokatzeko aukerarik izan, eta 26 urte zituela utzi zion jokatzeari. “Nahiko gazte utzi nuen, baina saskibaloia ez zen batere egonkorra. Alde batetik, Naiara jaio zen; eta bestetik, nahiz eta soldata txarra ez izan, arazoak izan genituen A Coruñan kobratzeko. Beraz, Bilbora etorri ginen eta laster erabat galdu genuen saskibaloiarekin genuen harremana”.
Hala ere, Alexek aitortu digunez, “saskibaloiak zorion handia ekarri digu”. Esate baterako, kirol honen bitartez ezagutu zuen Alexek emaztea. Maite Lecea ere saskibaloi jokalaria zen. Berak Kaixo taldean jokatzen zuen, garai hartako emakumezkoen talde nagusia Bizkaian. “Alexen eta bion taldeek areto berean, La Casillan, entrenatzen zuten eta egun batean jokalari batzuk gelditu ginen taberna batean, saskibaloi partida bat ikusteko. Bertan ezagutu genuen elkar”, adierazi digu Maitek.
“Eskolan, neskok ez genuen aukera handirik kirola egiteko, eta ni saskibaloian hasi nintzen. Kirol horrek erabat harrapatu ninduen!”, dio Maitek. Alexek berak aitortzen duen bezala, Maite familiaren jokalaririk onena da. Izan ere, 17 urte zituela Espainiako Txapelketa zoragarri bat jokatu zuen, eta ondorioz Espainiako selekzioaren lehen hautaketan sartu zen. “Entrenamendu batzuk egin nituen Madrilen, baina azkenean ez ninduten behin betiko zerrendan sartu. Dena dela, primeran pasatu nuen”.
Berriro saskibaloian
Maitek 21 urte zituela utzi behar izan zion jokatzeari, haurdun gelditu zelako. Eta Naiarari esker, hain zuzen ere, familia berriro murgildu zen saskibaloian. “Alabak 10 urte zituela esan zigun saskibaloian jokatu nahi zuela eta Irlandesas taldera, Leioara, eraman genuen, bertan lagun bat nuelako. Hark ni ere entrenatzaile aritzea proposatu zidan, eta onartu egin nuen”, esan du Alexek.
Alaben artean, Naiara da maila altuenean jokatu duena. Ahizpa nagusiak Estatuko emakumezkoen bigarren mailan jokatzen zuen, baina horrek esfortzu handiegia eskatzen zion. “Bidaiak oso luzeak ziren (Alacant eta Andorrara, esate baterako), entrenamendu asko, garai hartan Magisteritza ikasten nenbilen... Beraz, urrats bat jaistea erabaki nuen eta Ibaizabal taldera joan nintzen, Galdakaora. Baina taldea igo egin zen eta ni berriro bigarren mailan jokatzeko prest ez nengoenez, taldea utzi nuen”. Kanpoan saskibaloian jokatzeko aukera ere izan zuen, baina Naiarak nahiago izan zuen karrera bukatu.
Galdakaoko taldea utzi zuenean, Naiarak Jonerekin egin zuen bat Irlandesas taldean. “Oso urte gogorra izan zen niretzat. Alde batetik, enpresa-ikasketak egiten hasi nintzelako eta kaskar ibili nintzen; eta bestetik, hainbat kirol arrazoirengatik: aurreko urtean jokatu barik ibili nintzen disko-hernia bategatik, entrenatzaile berria, maila berria... Denboraldi erdian utzi nuen”, aipatu digu Jonek. “Bakarrik utzi ninduen (kar, kar)”, leporatzen dio txantxetan Naiarak Joneri.
Hurrengo urtean, 2010ean, Jone hasi zen berriro saskibaloian jokatzen. Izan ere, Loiola Indautxu taldera joan zen aitarekin eta Naiararekin. Ama ere sartu zen delegatu. Eta duela urte bi, senior mailan jokatzeko adina izan zuenean, Nerea, ahizpa txikia, fitxatu zuten Loiola Indautxurako. “Ni ia-ia oinez hasi baino lehen hasi nintzen saskibaloian jokatzen. Naiara izan zen nire lehenengo entrenatzailea (kar, kar). Apur bat aspertuta nenbilen, partida guztietara joaten ginelako, eta nik ere jokatzea erabaki nuen. Irlandesas taldean hasi nintzen, egokitzen zitzaidan baino urtebete lehenago”, esan du Nereak.
Familia osoa Loiola Indautxu taldean batu zen. “Guztiok talde berean egotea oso erosoa eta lasaia da. Lehen, batek Galdakaon jokatzen zuen, eta beste biek Leioan, baina talde ezberdinetan. Beraz, astebururo ibiltzen ginen ero moduan, ikastetxe, herri eta partida batetik bestera. Eromena zen!”, aipatu du Maitek. Era berean, Alexek eta Naiarak elkarrekin entrenatzen dute Loiola Indautxuko gazte taldea. “Azken hiru urteotan Espainiako Txapelketarako sailkatzea lortu dugu eta hori izugarrizko arrakasta da”. Euskadiko gazte selekzioaren entrenatzaileak ere badira. “Gelditzen bagara, aspertu egiten gara! (kar, kar). Behin, txikitan, denboraldia bukatu zenean, Nereak galdetu zidan: eta orain zer egingo dugu?”.
Familia, bananduta
Hala ere, familiaren batasuna datorren denboraldian apurtuko da, Naiarak utzi egingo diolako saskibaloian jokatzeari. “Hogeita bi urte daramatzat jokatzen eta azken 12 urteotan ere entrenatzaile aritu naiz. Urte asko, entrenamendu eta partida asko... Nekatuta nago. Aitak dio uda pasatu eta gero faltan botako dudala eta itzuliko naizela, eta beharbada zuzen dago, baina momentu honetan atseden hartu behar dut”. Amak txalotu egin du haren erabakia. “Orain hasiko da asteburuez gozatzen. Bidaiak egiteko eta ondo pasatzeko aukera izango du”.
Naiara izan ezik, familia osoa bizi da Landatxueta inguruan. “Guztiok gaude poz-pozik Loiun. Ni hangoa naiz eta, badakizu, ahuntza, beti larrera”, esan du Alexek. Eguneroko elkarbizitza aurrera eramateko, alabek uste dute aita eta entrenatzailea bereizten jakin behar duzula. “Aitaren papera zaila da, taldean hamar neska ezberdinekin jokatu behar duelako. Gu laguntzen saiatzen gara”. Familia guztietan gertatzen den moduan, batzuetan gatazkak ere izaten dira, batez ere aita eta Naiararen artean, “berdinak” direlako, Jonek azpimarratu duen moduan. “Bitxia da: errieta aitak egiten badit, euskaraz egiten du; eta entrenatzaileak, gaztelaniaz” (kar kar)”, dio Naiarak. “Tira, asko aldatu dut eta gaur egun askoz lasaiagoa naiz”, erantzun dio Alexek irribarretsu.
Alexek ondo daki zaila dela ogibidea eta zaletasuna uztartzen, eta horregatik eskerrak ematen dizkio emazteari. “Nik txandaka egiten dut lan, eta Maitek ulertzen du nire pasioa, eta izugarrizko laguntza ematen dit”. Esaera zaharrak dio senideak elkartzen badira, otsoen beldurrik gabe, lasai doazela mendira. Aurretarrek lasai jokatzen dute saskibaloian.
Banan-banan
Alex Aurre (1960): Maristas, Patronato, Cajabilbao eta A Coruña taldeetan jokatu zuen. Gaur egun emakumezkoen Loiola Indautxu senior eta gazte taldeen entrenatzailea da, baita Euskadiko entrenatzailea ere.
Maite Lecea (1964): Kaixo taldean jokatu zuen, garai hartako emakumezkoen Bizkaiko talderik onenean. Gaur egun Loiola Indautxu taldearen delegatua da.
Naiara Aurre (1985): Irlandesas, Ibaizabal eta Loiola Indautxu taldeetan jokatu du. Gaur egun emakumezkoen Loiola Indautxu gazte taldearen entrenatzailea da, aitarekin batera.
Jone Aurre (1990): Irlandesas taldean hasi zen jokatzen, baina 2010etik aurrera Loiola Indautxu taldean jokatzen du. Pibot aritzen da.
Nerea Aurre (1995): Irlandesas taldean ere hasi zen jokatzen, baina 2014an bat egin zuen bere senideekin Loiola Indautxu taldean. Alaba txikia hegaleko aritzen da.
Gai nagusia