Harkaitz Cano, idazlea: “Istorio-kontalaria naiz”

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 27a, 09:29
a: Sushi Maky
Musikari frustratua dela aitortu du eta, agian, irakurleok eskerrak eman beharko genizkioke, idazle dotorea delako. Harkaitz Canok Beti oporretan (Susa) bere azken eleberria aurkeztu du Larrabetzun. Bera, ez; bera beti dabil lanean, hau da, istorioak kontatzen. Zer da Beti oporretan liburua? Ipuin bilduma da. Gurari ezinezko bat islatzen dut, beti ezin delako oporretan egon. Keinu ironiko bat botatzen diot beti lanean dabilen idazle autonomoari, eta noski, neure buruari. Aitortu behar da Xabier Montoiak duela 20 urte argitaratutako diskoari izenburua lapurtu diodala. Era berean, berak 1980an Jim Jarmuschek zuzendutako Permanent vacation filmetik hartu zuen. Beraz, lapurrak lapurrari lapurtutako titulua (kar, kar). Michael Radforden Postaria eta Pablo Neruda filmean ondo azaltzen zen. Postariak Nerudaren poemak erabiltzen zituen neska konkistatzeko, eta horregatik haserretzen zen poeta. Baina postariak ondo adierazten zuen moduan, poemak ez dira idazten dituenarenak, behar dituenarenak baizik. Beraz, denok gara lapurrak. Izenburuak, Beti oporretan, iradokitzen du ipuin gozoak izango direla, baina ez dira inondik inora horrelakoak, ezta? Bai, ipuinen atmosferak Mediterraneoan eta oporraldiko lekuetan kokatzen gaitu: hondartzan, kostaldean... Hala ere, azpitik badago zerbait ilunaren susmoa. Oporrak dira zoriontsuak izatera goazen garaia edo lekua, baina askotan ez dugu zoriontsuak izatea lortzen. Zure ibilbideari erreparatuz, zer dakar berri liburu honek? Ezberdina da, gai edo giro bat, oporraldiak alegia, ipuin guztien ardatz nagusia delako. Bilduma itxiagoa egin nahi nuen, estilo biluziagoa zuena. Nire idazteko era nahiko digresiboa da, hau da, askotan haria galtzen dudala ematen du, baina oraingo liburu honetan ez dut horrelakorik egin nahi izan. Zure liburuak hainbat hizkuntzatara itzuli dira eta gaztelaniaz askotan zuk zeuk egin dituzu itzulpenak. Zaila da hori? Ni kasualitatez hasi nintzen neure buruari itzulpenak egiten, beste batek egiteko dirurik ez zegoelako. Nahiko arrazoi prosaikoengatik, beraz. Batzuetan polita da itzulpena zuk zeuk egitea, esate baterako materiala oso sentibera denean eta poesiak jolasteko aukera ematen dizunean. Ameriketako filmetan ikasleek igelari sabela irekitzen diote biologia klasean. Auto itzulpenak egiten ditudanean, ni igel hori izango banintz moduan sentitzen naiz. Alde batetik, zure buruari itzulpenak egitea ondo dago, asko ikasten duzulako eta zeure burua hobeto ezagutzen duzulako. Baina, bestetik, zaila da: itxitzat jotzen duzun gauza bat berriro ireki behar duzu eta horrek masokismo puntu bat dauka. Zure lana aintzat hartzen da, alde batetik zure liburuak hainbat hizkuntzatara itzuli direlako eta bestetik, sari batzuk jaso dituzulako. Zelan daramazu ospea? Tira, Xabi Alonso futbolaria da ospetsua. Ni, ez. Gure ospea etxean ibiltzeko zapatilak modukoa da. Eta eskerrak! Polita da besteek zure lana aintzat hartzea, zelan ez. Eta ez pentsa salmentari buruz hitz egiten ari naizela. Adibide bat jarriko dizuet: maiatzean, Ricardo Arregi eta biok Polonian egon ginen bertan gure liburu bana argitara eramango dutelako. Liburu biak duela 20 urte idatzi genituen. Ederra da hainbeste denbora pasatu eta gero, hizkuntz arrotz batean zure liburua argitaratzea. Hainbat arlotan idatzi duzu: musika, komikia, nobela... Zeinetan zaude erosoen? Bakoitzak baditu bere berezitasunak. Ez dauka zerikusirik gidoi, kanta edo komikia idazteak. Bakoitzak lan egiteko modu ezberdina eskatzen dizu. Ni istorio-kontalaria naiz eta niri berdin zait estiloa, erregistroa... Nik obsesioak besteekin konpartitzen ditut eta hori oso osasungarria da. Arloren bat aukeratu behar badut, ziur asko ipuina aukeratuko nuke. Alde batetik, ipuina izan delako ni literaturara ekarri nauena. Eta bestetik, azken batean, ipuinak literaturaren arlo guztietan daudelako; esate baterako, eleberriak luzatu diren ipuinak dira, eta kantak, ipuin labur-laburrak. Eta zergatik hainbeste estilo aldaketa? Ez dizu horrek espezialista izateko aukera kentzen? Bai, ez naiz espezialista izango, baina ikuspuntu zabalagoa dut. Nire izaera horrelakoa da: aspertuko nintzateke bakarrik eleberriak idatziko banitu. Kantak edo komikiak idazten dituzunean asko ikasten duzu eta horrek aldatu egiten du zure idazteko era. Ziur nago eragina horri esker eleberri ezberdinak idatzi ditudana nire ibilbidean zehar. Askotan pentsatu dut horren inguruan: euskal idazlea naiz eta halabeharrez egin behar dut lan hainbat arlotan. Bestela, nekez bizi ahal izango nintzateke eleberriak idazte hutsetik. Irakurri dut musikari frustatutzat hartzen duzula zeure burua.... Bai, Thelonious Monken moduan pianoa jotzen jakingo banu, ziurrenik ez nuke lerro bat ere idatziko. Tertulia batean, irratian, galdetu ziguten zein zen arterik gorena. Ezin da aukeratu, baina, nire ustez, musikak izugarrizko abantaila du: fisika bera. Hau da, musika uhinak dira, eta horiek leku eta kultura guztietan ulertzen dira. Musika osatzen duten uhinek eragin egiten dute, atzean ariketa intelektualik ez dagoelako, behintzat hasieran. Eta horren kontra literatura ezin da lehian sartu, literaturak prozesu intelektuala eskatzen duelako. Pianoa jotzen ikasten saiatu nintzen, baina tamalez taldetik bota ninduten (kar, kar). Orain musikariekin egiten ditut kolaborazioak eta horrekin konformatu behar naiz. Erabilera anitzeko idazlea Harkaitz Canok (Lasarte, 1975) Zuzenbidea ikasi zuen, baina ez da inoiz abokatua izan, idazlea baizik. Harkaitzek hainbat arlotan idatzi du: poesia, komikia, ipuina, eleberria, telebistarako gidoiak... Musikariekin ere egin ditu kolaborazioak: esate baterako, Ken Zazpi eta Oskorri taldeak, eta Sorkun. Birritan irabazi du Euskadi Saria eta beste bi aldiz Espainiako Kritikarena. Bere liburuak zenbait hizkuntzara itzuli dira: nederlandera, galegoa, greziera, ingelesa, gaztelania, errusiera, alemana eta italiera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).