BTEKen daukagun robot margolaria kristalezko kaiola batean dago, gizajoa. Robotekin lan egiten duen tailerren batean egon bazarete, konturatu zineten horrela izaten dela beti: roboten eremua gure babeserako mugatuta dago, hesi, seinale edo burdin sareen bidez.
Kixmi, gure beste robota, gurekin hainbat elkarrekintza egiteko gai da. Pozik edo triste agertzeko gaitasuna dauka, gurekin jolasteko, edo pentsatzen duguna asmatzeko… Giza-Robot elkarrekintza gero eta esparru garrantzitsuagoa da. Hasieran, robotek lan arriskutsuak edo errepikakorrak besterik ez zituzten egiten. Lana zehaztu, robota diseinatu eta programa bat ipintzen zitzaion, lanak egin zitzan. Arazoa, inguruan aldaketa edo ezustekoren bat gertatzen zenean zetorren, robota ez zelako horri erantzuna emateko gai.
Lan eremu konplexuagoetara joz gero, robotek hobeto erlazionatu behar dute inguruarekin eta gizakiekin, eta horretarako, beste gaitasun batzuk garatu eta txertatu behar dizkiegu. Ingurumenarekin erlazionatzeko, adibidez, gero eta sentsore gehiago ipintzen dira robotetan. Gainera, “gauzek” egingo dutena aurreikustea guk, gizakiok, egingo duguna aurreikustea baino errazagoa da. Gauzek fisikaren legeak errespetatzen dituzte eta, beraz, dena sentsoreen bidez ondo neurtuta badago eta programa txukuna egin badugu, ez da arazorik izango. Gizakiokin erlazionatzeko, berriz… Hor daude zailtasuna eta erronka.
Etika
Ikuspegi askotatik landu beharreko arazoa da. Ikerlari batzuk jadanik badabiltza ikasteko gai diren robotak diseinatzen. Egoera berriei aurre egiteko, robot horiek orain arte bizi izandakoarekin alderatzen dituzte egoerok, irtenbide bat ematen dute eta hori arrakastatsua izan den edo ez baloratzen dute, ondorioak euren ezagutzari gehituz. Beste robot batzuk, ordea, komunikatzeko gaitasunetan oinarritzen dira; gure Kixmi, esate baterako. Elkarrizketa eraginkor bat izateko, besteak beste, enpatia, hitzezkoa ez den komunikazioa eta esamolde edo lokuzioak ulertzea badira ezinbestekoak. Eta guretzat ironia eta txisteak ulertzea gatza bada, pentsa ezazue “traste” baterako! Eta etika.
Isaac Asimov zientzialari eta idazleak Ni, robota eleberrian (1942) robotek jarraitu beharreko legeak definitu zituen:
1. Robot batek ezin dio gizaki bati kalterik egin, ezta gizakiak kalterik jasan dezan utzi edo onartu ere.
2. Robot bat gizakien aginduak bete behar ditu, betiere lehenengo legea urratzen ez badute.
3. Robot batek bere burua babestu behar du, betiere lehenengo eta bigarren legeak urratzen ez baditu.
Zuzenak eta nahikoak ote dira lege horiek gurekin lanean jardungo duten robotentzat? Eurek erabaki baino lehen, hobe guk, denon artean, erabakitzen badugu.