Martxoan seme-alaba elebidunak dituzten guraso erdaldunei zuzendutako hitzaldi-ziklo bat hasiko da. Lau hitzaldi antolatu dira, eta horiek honelako galderei erantzuna ematea dute helburu: Alabak euskaraz egiten du eta ez diot ulertzen, zer egin?; Ez ditut semearen etxerako lanak ulertzen, nola lagunduko diot?; Zergatik da inportantea alabak euskara erabiltzea?... Lehenengo hitzaldia martxoaren 15ean, 17:15ean, izango da Sondikako Kultur Etxean. Hitzaldia bertako Gorondagane ikastetxeko gurasoen elkarteak antolatu du eta bertan Julio Ibarra kazetariak eta Iñaki Eizmendi gizarte-hezitzaile eta elebitasunean adituak parte hartuko dute. Beste hiru hitzaldiak Txorierriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu ditu eta hurrengo egunetan egingo dira: Derio: martxoaren 27an, 18:00etan, Larrabarri baserrian; Loiu: martxoaren 29an, 18:00etan, Kultur Etxean eta Zamudio: maiatzaren 8an, 18:00etan, Dorretxean.
Beste alde batetik, guraso euskaldunentzako hitzaldi bi ere antolatu dira. Bata apirilaren 26an, 18:00etan, egingo dute Lezamako liburutegian, eta bestea maiatzaren 10ean, 18:00etan, Larrabetzuko Kultur Etxean. Hitzaldi horietan hainbat gai landuko dira; seme-alabek kalean edo etxean gaztelaniaz eginez gero, zer egin?, esate baterako.
Hitzaldiak baino egun batzuk lehenago, Euskara Zerbitzuak Guia práctica para padres y madres de niños y niñas bilingües liburuxka banatuko du eskola publiko guztietan, hitzaldietarako gonbidapenarekin batera. Orotara, 1.200 ale banatuko dira.