Txorierriko denda eta komertzioetan euskarazko errotuluak banatzen dabiltza

Aikor aldizkaria 2009ko api. 1a, 11:51

Txorierritar batzuen kezka izan da denda edo tabernetara doazenean ez dakitela nork dakien euskeraz eta nork ez, eta horren aurrean beti errazenera jotzen dutela, "badaezpada erderaz". Mankomunitateko Euskara Zerbitzura jo eta egoera horren aurrean zer egin galdetu diete. Arazoari erantzuna emateko, Euskara Zerbitzuari mahai gainean edota hormetan jartzeko errotuluak egitea bururatu zaio. Errotuluok Txorierriko denda eta taberna guztietan banatuko dira apirilean zehar, nahi duenak bere establezimenduan jartzeko. Errotulu mota bi diseinatu dituzte: lehenengoa euskara ondo dakitenei dago zuzenduta; eta bigarrena, euskara ikasten dabiltzanei. Egitasmoak norbait denda edo taberna batera sartzen bada eta kartela ikusten badu, euskaraz eginez gero ulertuko diotela jakitea du helburu. Horrezaz gainera, tabernari erdaldunentzako oinarrizko hiztegia ere prestatu du Euskara Zerbitzuak. Besteak beste, esamoldeak, zenbakiak eta edariak euskaraz nola esaten diren batu dituzte hiztegi horretan. Oinarrizko hiztegia doan banatuko da beharrizana duten tabernarien artean. Beste alde batetik, erosketen zerrenda apuntatzeko libretatxoak kaleratu zituen Euskara Zerbitzuak duela urte bi. Ekimenak arrakasta handia izan zuen eta horregatik, denda guztietan ale gehiago banatzea pentsatu dute. Libretatxo horietan, erosi beharrekoa apuntatzeko orriak ez ezik gaikako hiztegiak ere badaude.