Herriaren memoria eraikitzen

Aikor aldizkaria 2018ko ots. 2a, 11:30

Haritz Petralanda eta Ibon Meñika zamudioztarrek Gernikaren egiak ikus-entzunezkoa aurkeztu dabe urtarrilean, Larrabetzun eta Zamudion. Gernika abiapuntutzat hartuta, lana memoria historikoan sakontzeko tresna da, ikusleek hausnarketara bultzatzeko asmoa daukana.

IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak Gernikaren egiak liburua emon eban argitara igaz. Liburua orain dala 30 urte Gernikaren bonbardaketaren gainean egin zan mahai-inguruaren transkripzioan dago oinarrituta. Petralandak eta Meñikak, IPES alkarteko kideek, beste pauso bat emon, eta Gernikaren egiak ikus-entzunezkoa egin dabe. Hori herririk herri dabilz aurkezten. Gernikatik harago, “Euskal Herriko edozein tokitan berba egin daitekeen memoria historikoaren gainean aritu gura izan dogu”. Zamudioztarren esanetan, memoria landu beharra dago nondik gatozen jakiteko; halanda be, gaurko errealidadea interpretatzeko lanabesa be badala aitatu deuskue, eta biharkoa eraikitzeko tresna baliagarria. Gainera, euren eritxiz, memoria historikoa lantzea eta haren gainean mintzatzea ez da bakarrik politikariei edo adituei jagoken gauzea; herritar guztiok dogu erantzukizuna memoria historikoa aztertzeko orduan. “Azken baten, memoria kolektiboa memoria askoren batuketea da, eta 36ko gerrearen ondorioz, ez dago egia bakar bat, egia asko baizen. Gertatzen dana da, beharbada, egia batzuei ez deutsegula behar beste arretarik eskaini”.

Batez be gizonek kontauko historia jaso dogu, eta emakumeak desagerrarazo dabez historiatik eta memoriatik. Egileek berbea emon deutsee emakumeei ikus-entzunezkoan. “Memoriaren benetako ahaztuak dira. Esate baterako, inportantea da azpimarratzea Gernika bonbardatu eben hurrengo egunak emakume aurpegia euki ebala. Izan be, gizonak frontean edo kartzelan egozan bitartean, hareek hartu eben familia aurrera ateratako ardurea eta fabrikara lan egitera joan ziran. Era berean, hareek hartu eben gertau zanaren helarazoteko ardurea, euskerea… Gaur egun be herri mugimenduetan dagozan asko eta asko emakumezkoak dira”.

Herri mugimenduak hain zuzen be badira ikus-entzunezkoan ukitzen daben beste arlo bat. “Euren lana aitortzeko beharra dogu, jakin-mina euki dabelako eta memoriaren lanketan murgildu diralako. Gainera, askotan akuilua be izan dira instituzioak gai honen inguruan lanean hasteko. Bestetik, badirudi memoria historikoaren inguruan dana dagoala esanda, baina herri mugimenduek euren lanaren bidez adierazo daben moduan, oraindiño badago gauza pilo bat egiteko. Adibide moduan ipini geinke Karraderan alkartea Larrabetzun egiten dabilen lana”.

Komunikabideak eta hareek Gernikaren bonbardaketan eduki eben papera, zein munduko edozein gatazkatan eduki daben eta daben papera be aztertu dabe ikus-entzunezkoan. “Bonbardaketea gertatu zenetik frankismoak gezurra zabaldu eban eta mundu mailako komunikabideek gezur horren barri emon eben. Komunikabideek oso paper garrantzitsua dabe iruditegi kolektiboan, eta gertaeren irakurketa euren interesen ikuspuntutik edo boterean dagoan interesen ikuspuntutik egiten dabe. Adibidez, oso modu ezberdinean emon eben Gernikako eta Durangoko bonbardaketen barri. Orain asko egiten da berba egia-ostearen gainean; bada, esan geinke Gernikan egia-osteagaz esperimentatu ebela”.

Oroimen bizia

Zamudioztarren esanetan, Gernika oroimen biziko herria da eta herritarrek partaidetza aktiboa dabe oroimen historikoaren lanketan. “Hunkigarria da benetan bonbardaketea gogora ekartzen danean, adarraren soinua…”. Halanda be, aitatu deuskue oroimen horrek presentzia gitxi dauala herriko kaleetan. “Oso bitxia da bisitatu daitekeen bunker bakarra Astra enpresakoa izatea, hango langileek erabilteko zana. Herritarrek beste leku batzuetan babestu behar izan eben, adibidez, adintsuen etxeko komuneko bunkerrean… Oroigarriren bat be badago, baina oso azalpen gitxi… Ikuspuntu horretatik, Gernika eraiki beharreko herria da, eta gernikarrek ez ezik euskal herritar guztiok dogu ardura hori. Bestetik, badakigu Gernika bonbardatu egin ebela, baina ez gara kontziente bonbardaketa horrek benetan zer ekarri eban: Gernikan ez dago alde zaharrik, suntsitu ebelako, herriaren berreraikuntzea frankismoak egin eban, eta berreraikuntza ideologikoa, hizkuntzazkoa, generokoa… be izan zan”.

Gernikaren egiak ikus-entzunezkoa memoria historikoa lantzeko tresnea izateaz gainera, hausnarketarako eta eztabaidarako lanabesa be bada, etorkizuna eraikitzeko ekarpen baliagarria izan daitekeana. Jakintzea partekatzea be bada IPES alkartearen helburua, eta horren haritik Gernikaren egiak liburua eta ikus-entzunezkoa plazaratu dabez. Egileek egitasmoagaz dabilz bueltaka eta, aurreratu deskuen moduan, baliteke ikastetxeetan erabilteko unitate didaktiko bat be ateratea. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).