Aitatasuna hausnartuz

Aikor aldizkaria 2020ko api. 27a, 19:42

Nagore Lopez de Luzuriaga Comunion eta Leire Etxezarraga Estankona Txorierriko Mankomunitateak ama berrientzat diruz lagundutako talde batean elkartu ziren eta ezagutu: Lopez de Luzuriagak hile batzuk lehenago izan zuen alaba eta Etxezarraga taldearen sortzailea eta bideratzailea da. Taldea amatasunaren gaineko zalantzak eta bizipenak konfiantzaz partekatzeko gunea da, eta han egindako hausnarketen artean hau irten da: aitek ere kezkak dituzte seme-alaben hazkuntzan duten zereginari buruz. Emakume biek eskarmentu handia dute psikoterapian eta aiten taldea osatzeko asmoa dute, horiek ere esperientziak partekatzeko lekua izan dezaten.

Mundura jaiotzen direnean, seme-alabek aldaketa handia ekartzen diete familiari eta bikotekideen arteko harremanari. Aldaketa arlo emozionalean, sozialean, fisikoan zein ekonomikoan sortzen da eta gehienetan beharrezkoa da familiaren jatorrizko harremanak birdefinitzea. Lehenengo hileetan erlazio fusionatua izan ohi da amaren eta jaioberriaren artean, eta horrek aita lekuz kanpo sentitzea ekar dezake. Gainera, aitatasun-eredu berriak topatu nahi izateak egonezin erantsia ekar diezaieke gizonei, askotan euren burua non kokatu ez dakite eta. “Halako taldeak oso aberasgarriak dira: esperientziaz partekatzeaz gainera, beste batzuk ere norberaren egoeran daudela ohartzen gara, eta gertatzen zaiguna ez dela hain arraroa. Taldeak baliagarriak dira nork bere buruarengan konfiantza izateko, eta sostengu handia dira”.

Lopez de Luzuriagaren eta Etxezarragaren ustez, garrantzitsua da aitek sentitzea umeen hazkuntzan beraiek ere inportanteak direla, eta etapa bakoitzean modu batean edo bestean eragin dezaketela. “Jakina! Erlazio fusionatu horretan ezin izango dute, esaterako, umeari bularra eman, baina bainatu ahal dute, abestu, lotaratu… edo horiek bezain garrantzitsuak diren beste hainbat gauza egin. Amaz gain, beste mundu bat dagoela konturatuz joango da umea, eta aitak ere eginkizun garrantzitsua izango du etapa horietan guztietan. Taldea honetaz guztiaz hitz egiteko topagunea da, bakoitzaren esperientziatik eta kezkak partekatuz”.

Taldeak hazkuntzari lotutako ikuspuntuak partekatzeko guneak ere badira, hartutako erabakiak baliozkotzeko eta baita egin diren hautuez ohartzeko ere. “Gauza ez da esatea zer dagoen ondo eta zer ez, baizik eta, familiarengandik berarengandik edo kanpotik etor daitezkeen talka horien aurrean –nire garaian horrela egiten genuen– , bakoitzak bere irizpideei edo hartutako erabakiei eustea: nik norantza hau hartu dut eta ez da besteena baino hobea edo txarragoa; nirea da eta kito. Nolanahi ere, informazio gehiago eskuratzeko gunea ere izan daiteke, eta, beharrezkotzat jotzen badugu, gauzak birpentsatu”.

Saioak

Azaldu digutenez, taldea Aste Santuaren ondoren martxan ipintzeko asmoa dute, edo COVID19ak sortutako alarma-egoeratik ateratzen garenean. “Printzipioz, zortzi saio izango dira; ordu eta erdiko saio bat, astean. Gutxienez zortzi partaide eta gehienez 12 partaide egongo dira, eta taldea Txorierriko hainbat adinetako aitei egongo da zabalik, izan ere, gure iritziz, jaioberri baten aita bost urteko ume baten aitarekin izatea lagungarria izan daiteke, egunerokotasunean aita horren esperientzia kontuan har baitezake”. Hasiera batean, aditu biek hartuko dute taldearen norabidea, baina helburua da taldekideek eurek hausnartzeko gaiak ma­hai gainean ipintzea. Bestalde, umeen garapenerako ezinbestekoa den ezagutza psikopedagogiko apur bat ere jasoko dute. Saioak Derion izango dira, ElkarEkin zentroan.

“Sozialki, gizonek rol batzuei eutsi behar diete eta oso gune gutxi dute emozio-munduari buruz hitz egiteko eta hausnarketak partekatzeko. Are gehiago, ez dute sentimenduei, beldurrei, kezkei buruz hitz egiteko ohiturarik. Horregatik, beharbada, zaila izan daiteke taldea osatzea; hala ere, gure esperientzia kontuan hartuta, sinetsita gaude aitentzako taldeak beharrezkoak direla eta horiek sortzeko gogoa dagoela”.

Informazio gehiagorako eta izena emateko: info@nagoreluzuriaga.com / info@comosermadre.com.

 

 

Sustatzaileak

Nagore Lopez de Luzuriaga Comunion, psikologoa

Psikologian eta Haur Hezkuntzan lizentziaduna, hainbat esparrutan trebatu da eta gaur egun familia- eta bikotekide-terapian eta banakako terapian dihardu. Helduekin zein umeekin egiten du lan, eta giza eskubideen testuinguruan lan psikosoziala eta klinikoa egin du. Hainbat ikerketatan hartu du parte peritu moduan, eta irakasle ibili da Psikologia Fakultatean zein Irakasleen Eskolan. Egun Gestalt terapiaren inguruko trebakuntza bukatzen dabil.

Leire Etxezarraga Estankona, Ges­talt terapeuta

Pedagogia ikasi zuen eta hainbat proiektutan ibili da hezkuntza ez formalean. Gestalt terapian trebatu zen. Zortzi urte ama izaten bakarrik eman zituen eta konturatu zen amek ez zutela kezkak eta gogoetak partekatzeko gunerik. Horregatik amentzako taldeak sortzera animatu zen orain dela urte bi. Unibertsitateko irakaslea ere bada, eta nerabezaroari eta haurtzaroari zuzendutako Gestalt terapia ikasi du. Gaur egun, buruko osasun perinatalaren trebakuntza jasotzen dabil.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).