Bigarren fase honetan, Bizkaitik ibiltzeko aukera izango dugu muga geografiko barik, hamabost pertsonako taldeetan. Era berean, ordutegiak desagertu egingo dira, eta haurrek ez dute izango kalera ateratzeko mugarik. Nagusiek (70 urtetik gorakoak) jarduera fisikoa 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara egin beharko dute.
Denda guztiak ireki ahal izango dira, baina ezin dira leporaino bete, edukieraren % 40ra arte soilik. Merkataritza guneek ere ateak ireki ahal izango dituzte, baina haiek ere izango dituzte mugak: eremu komunean, leku osoaren % 30 bete ahalko da gehienez, eta saltokietan, % 40. Era berean, taberna eta jatetxeek barruan zerbitzatu ahal izango dute, gehienez % 50era. Bezeroek ezingo dute barran eskatu. Terrazek edukieraren erdia izaten jarraituko dute, eta mahai batean gehienez hamar pertsona elkartu ahal izango dira. Kaleko azokak baimenduta daude; diskotekak eta gaueko tabernak, ordea, itxita egongo dira.
Hezkuntzan ere egongo dira aldaketak: DBH4, lanbide-heziketa eta batxilergoko zentroak ireki ahal izango dira. Hizkuntza eskolak, akademiak eta autoeskolak ere ireki ahal izango dira. Eta zaharren egoitzek bisitak jaso ahal izango dituzte.
Uda
Uda iristear dugu eta, horri begira, hondartzetara joateko aukera izango dugu, toallen artean metro biko segurtasun distantzia mantenduz gero. Gainera, 15 pertsona baino gutxiagoko taldeak baino ezin izango dira batu. Dutxak eta aldagelak banaka erabili ahal izango dira. Era berean, igerilekuak ere irekiko dira, baina oso jende gutxi sartu ahal izango da bertan, gehienez leku osoaren % 30, hain zuen ere. Aldagelak erabili ahal izango dira. Honi lotuta, estalita dauden kirol azpiegiturak ireki ahal izango dira, gehienez leku osoaren % 30 beteta. Horiek erabiltzeko, aurretik txanda eskatu beharko da.
Kulturaren haritik, liburutegiak, erakusgelak eta monumentu multzoak ireki ahal izango dira, leku osoaren % 30 beteta. Liburutegietako haurrentzako txokoak eta jendeari irekita dauden bildumen guneak, aldiz, itxita egongo dira. Zinema eta antzokiak ere irekiko dira. Oro har, ezin izango dira 50 pertsona baino gehiago elkartu; eta aire zabalean, 400 pertsona baino gehiago.
Araua ezberdina da ezkontza egiten bada: lekuaren erdia bete ahalko da gehienez. Aire zabalean, gehienez 100 pertsona elkartuko dira, eta, toki itxietan, 50. Halaber, beilatokietan aire zabalean 25 pertsona elkartu ahal izango dira; leku itxietan, 15. Elizetan, leku guztien erdiak beteko dira gehienez.