Bidean aterperik ez

Aikor aldizkaria 2020ko uzt. 30a, 10:23

Aurreko urteen aldean gutxi diren arren, erromesak ikusten hasi dira berriro ere Txorierrin: tipi-tapa Done Jakue Bideari jarraituta. Gure bailara Santiagorantz igarobidea da; baita atsedena hartzeko lekua ere, pelegrinentzako aterpe bi baitaude: bata, Larrabetzun, eta bestea, Lezaman. Aterpeak doakoak dira eta Done Jakue Bidearen Bizkaiko Borondatezko Zaintzaileen Elkarteak kudeatzen ditu; hala ere, COVID-19ak sortutako munduko osasun-larrialdia dela eta, elkarteak erabaki du Txorierrikoak zein Bizkaiko gainerako aterpeak ez zabaltzea.   

Juanjo Mateu Done Jakue Bidearen Bizkaiko Borondatezko Zaintzaileen Elkartearen presidentea da; eta Jesus Bilbao, idazkaria. Azaldu digutenez, aurten Bizkaiko aterpeak ez zabaltzeko erabakia penaz hartu dute, baina, euren ustez, sen ona eta osasuna gailendu behar dira. “Gaur egungo egoera ikusita, pentsaezina da aterpetxeak irekitzea: dena berrantolatu behar da eta hori epe luzera egin behar da; ezin da inprobisatu. Gainera, erromesak artatzen ditugunok nagusiak gara, 70 urte ingurukoak, eta, hortaz, arrisku-taldekoak: ezin ditugu boluntarioak arriskatu. Osasun-arloan segurtasuna egon arte, hau da, txertoa izan arte, ez ditugu aterpeak zabalduko”.

“Osasun-arloan segurtasuna egon arte, hau da, txertoa izan arte, ez ditugu aterpeak zabalduko”

Bizkaiko aterpetxeak urtean 24.000 erromes inguru hartzen dituzte. “Zehatz-mehatz, Lezamakoa ekainaren 1etik irailaren 30era arte ireki ohi da, eta Larrabetzukoa, Aste Santutik urriaren erdialdera arte”. Lehenak 2.700 pelegrin gutxi gorabehera hartu zituen iaz, eta bigarrenak, 3.300. Aterpe biak herri bakoitzeko udalak lagatako lokalak dira eta 20na lagunentzako lekua dute. “Gure aurreikuspenen arabera, osasun- eta segurtasun-neurri guztiak bete ondoren, aterpe bakoitzean bakarrik bost lagunentzako tokia egongo litzateke, eta horrela ezin da ireki. Ziur asko, datorren urtean ere hartu beharko dira neurriak, eta konponbideak bilatu. Horren harira, ondo legoke udalek leku handiago bat utzi ahal izatea”. Halaber, taldekideak hartu beharreko garbitasun- eta desinfekzio-neurriez kezkatuta dabiltza. “Gai hori ere sakon aztertu behar da, ezin baita arinkeriaz hartu. Lana handituz gero, baliteke aterpe bakoitzean boluntario bi ipini behar izatea: bata, erromesak artatzeko; eta bestea, desinfekzio-lanez arduratzeko”.

“Datorren urtean ere hartu beharko dira neurriak: ondo legoke udalek leku handiago bat utzi ahal izatea”

Altruistak

Done Jakue Bidearen Bizkaiko Borondatezko Zaintzaileen Elkarteak modu altruistan kudeatzen ditu aterpeak. “Pelegrinei ez diegu ezer kobratzen aterpetxeetan ostatua hartzeagatik. Dohaina eskatzen dugu eta batzuek ematen dute, eta beste batzuek, ez. Batzen den dirua aterpea hobetzeko erabiltzen da”. Bestalde, dirua sobera badago, udalei ematen diete beharrizana duten herritarren artean banatu dezaten. “Erromesak doako ostatua hartzeko aukera barik geldituko dira, eta, egia esan, kostatu zaigu ez zabaltzeko erabakia hartzea, baina ezin ditugu boluntarioak estutasunean ipini. Lehenengo eta behin, osasun-arazoa konpondu behar da eta horren ostean ikusiko dugu nola ireki”.

“Kostatu zaigu ez zabaltzeko erabakia hartzea, baina ezin ditugu boluntarioak estutasunean ipini”

Doako aterpeak itxita, ostatu pribatuetara jotzea dute. Derioko Seminarioan, esaterako, Mañarikua ikasle-egoitza dago, baina jakinarazi diguten moduan, COVID-19aren ondorioz erabaki dute aurten bakarrik egonaldi luzeko erreserbak onartzea. Beste aukera bat landetxeak dira. Euren kabuz erreserbatzen duten partikularrez gainera, Lezamako Matsa landetxeak, adibidez, agentzien bidez hartu ohi dituzte atzerriko erromesak. Azaldu digutenez, “normaltasun berria” hasi denetik mugimendu gutxi dago, pelegrinak Txorierrin azaltzen hasi badira ere. 

Bidea

Txorierri Done Jakue Bidearen iparraldeko adarrean dago, Santiagorako erromesbide zaharrenetarikoan hain zuzen ere. Guztira 765 kilometroko luzera du eta, Hendaiatik hasita, iberiar penintsularen iparraldea zeharkatzen du itsasertzetik. Lehenengo urteetan hegoaldeko bidearen alternatiba bihurtu zen, Nafarroaren zati bat musulmanen menpe zegoen eta. Done Jakue Bideak garrantzi handia izan zuen; esate baterako, bide horretan egoteak ekarri zuen Larrabetzu sortu izana. Done Jakue Bidea Larrabetzutik, hain zuzen, sartzen da Txorierrin. Pelegrinak Morgatik Goikoelexalde auzora heltzen dira, eta handik Larrabetzura doaz. Hurrengo geldialdia Lezaman egiten dute, eta geroago Zamudion. Pinoa industrialdeko bidetik Bilborako bidea hartzen dute.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).