Ia 1.700 txorierritarrek egin dabe bat Euskaraldiaren bigarren edizinoagaz

Portadako argazkia: Zamudion, lehen edizinoan egindako argazkia 2020ko aza. 30a, 10:00

Azaroaren 20an hasi, eta abenduaren 4an amaituko da Euskaraldiaren bigarren edizinoa. Egitasmoak helburu hau dauka: herritarrek hizkuntza-ohituren ganeko hausnarketea egitea eta inertziak apurtzea. Halanda be, COVID-19ak eragindako egoereak baldintzatuta, Euskaraldia testuinguru berezian etorri jaku aurten.

Eta hori nabaria izan da izen-emotean. Lerro honeek idaztean, herriaren arabera eta aurreko edizinoaren datuakaz alderatuta, parte hartzeak % 30-20 inguru egin dau behera. Orotara 1.685 txorierritar emon dabe izena Euskaraldian: 372, Derion; 432, Larrabetzun; 264, Lezaman; 144, Loiun; 262, Sondikan; eta 211, Zamudion. Azpimarratzekoa da parte-hartzaileen % 60 emakumezkoak dirala.  

Itziar Aldekoa Euskaraldiaren Txorierriko arduradunak azaldu dauanez, herrietako batzordeetako kideek aitatu dabe orokorrean ez dagoala giro handirik. “Jenteak beste gauza batzuetan dauka burua eta zaila izan da. Dana dala, nahiz eta jente gitxiagok izena emon, Euskaraldiak aurrera jarraitzea eta funtzionatzea bada zeozer. Gainera, kontuan hartu behar da pandemia-garaian euskerea ahaztuta egon dala eta komunikabideetan-eta oso gitxi agertu dala; beraz, bultzadea emon behar deutsagu”.

“Nahiz eta jente gitxiagok izena emon, Euskaraldiak aurrera jarraitzea eta funtzionatzea bada zeozer”

Pandemiak berak, osasun- eta segurtasun-neurriek eta mugikortasun- eta batze-neurri zorrotzek zaildu egiten dabe herrietan Euskaraldiari ikusgarritasuna emotea. “Ekitaldirik gabe, gatxagoa da herritarrengana heltzea, baina, akabuan, Euskaraldiaren funtsa berba egitea da; eta, kalean egon ez eta ekitaldirik antolatu ez arren, komunikatu behar dogu, telefonoz edo birtualki. Hortaz, idea da alkarrizketa horreek euskeraz egitea”.

“Kalean egon ez eta ekitaldirik antolatu ez arren, komunikatu behar dogu, telefonoz edo birtualki; idea da alkarrizketa horreek euskeraz egitea”

Txorierritarrak ahobizi edo belarriprest rola hartu eta egitasmoan parte hartzen animatzeko hain zuzen be, Euskaraldiaren Txorierriko arduradunek bideo bat zabaldu dabe gizarte-sareen bidez. Bideoaren protagonistak txorierritarrak dira eta “euskera gehiago, gehiagogaz eta gehiagotan” erabiltzeko gonbidapena egiten deuskue. Gainera, gogora ekarri behar da Txorierriko 130 entitatek bat egin dabela ekimeneagaz eta, ondorioz, gurean 300 arigune baino gehiago dagozala. 

Beste alde batetik, Euskaraldiak irauten duan egunetan, antolatzaileek mezuak eta spotak zabalduko dabez. Era berean, onlineko berbaldiak antolatu dira; esaterako, abenduaren 1ean, 19:00etan, “Arlo sozioekonomikoaren hizkuntza(k)” berbaldia emongo da eitb.eus webgunean eta Euskaraldiaren atarian. Ariketako zailtasunak argitzeko saioa ere egongo da abenduaren 2an, 19:00etan, Euskaraldiaren youtube kanalean.

Amaitzeko, antolatzaileek leihoetan eta balkoietan banderatxoak ipintzeko proposamena egin dabe, egitasmoa “ikusgarriago egiteko eta, bide batez, mugimendua baliabidez indartzeko”. Banderatxo bakotxak bost euro balio dau eta batzen dan dirua krisiaren eraginez arriskuan dagozan euskerearen aldeko egitasmoei laguntzera bideratuko da.

Ahobizi eta belarriprest

Hizkuntza-ohiturak aldatzea helburu dauela, Euskaraldiaren funtsa belarriprest eta ahobizi rolak dira. Nerea Elexpuru loiuztarrak, berbarako, belarriprest rola hartu dau ariketaren bigarren edizinoan. Bere familia Mungiakoa da eta, azaldu deuskunez, beti egin dabe bizkaieraz. Halanda be, berak eta ahiztek erdaraz ikasi eben. Franco hil ondoren euskera batua ikasten hasi zan, eta gaztetan be ibili zan ikasten, baina semeak jaio ziranean itxi eban, semeak zirala-ta eta lana zala-ta ez ebalako astirik. Horregaitik, eta etxean euskaraz egin arren, erosoago sentitzen da belarriprest rolean.

“Egia esan, pandemia dala-ta, oso gitxi urtetan dot etxetik eta, beraz, ez dot jente askogaz berba egiten; gehienbat telebistea eta irratia entzoten dodaz euskeraz”. Elexpuruk Aurregoiti Lauroetako jatetxea dauka eta, bere ustez, oso inportantea da euskeraz egiten dauenari euskaraz erantzutea. “Nahiko ondo ulertzen dot. Ganera, jatetxera eskolako irakasleak etorten dira bazkaltzera eta euskeraz egiten dogu”. Espero daigun irakasleakaz eta ganerako bezeroakaz berandu baino lehen euskeraz barriro egitea, horrek adierazoko dauelako negozioa zabalik dauela.

Asier Elgea zamudioztarra, bestalde, ahobizi da. Euskalduna da eta aurreko edizinoan belarriprest rola aukeratu eban, “pentsau nebalako entzuteko prest nengoala adierazoten ebala (kar-kar); lagunek esan eusten ahobizi izan behar nebala eta horregaitik naz aurten ahobizi (kar-kar)”. Ezohiko egoeran gagoz eta zamudioztarrak uste eban euskeraz aritzeko oso aukera gitxi izango ebala. “Baina uste baino gehiago izan dira. Aurreko egunean, adibidez, Bilboko Erriberako merkadura joan nintzan eta, ahobizi txapea ikusita, batzuk euskeraz egin eustien. Mendian gauza bera gertatu jatan: persona bati eskularrua erori jakon eta deitu neutsanean ikusi neban berak be txapea ipinita ebala; euskeraz egin geutsan alkarri”.

Elgea irakaslea da eta eskolan zein etxean eta kalean euskeraz egiteko ohiturea dauka. Euskaraldia amaitzen danean be euskeraz bizi izaten jarraituko dau.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).