AEK-k gutuna igorri die Euskal Herriko administrazio nagusiei, `Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!´ dinamikaren azken urrats gisa

Aikor aldizkaria 2021ko eka. 7a, 14:12

AEK-k jakinarazi duenez, duela 50 urte Rikardo Arregik idatzitako gutuna gogoan, eskutitz bat helarazi die Euskal Herriko administrazio nagusiei, adierazteko datozen urteetan euskalduntze-mugimendua sendotzeko garatu beharreko arloak zeintzuk diren. Halaber, hitzordu bana eskatu die, gogoetak partekatzeko.

“Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” dinamika otsailaren erdialdean jarri zen abian, hainbat ardatz zituela, baina batik bat aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. “Martxoaren 28an Euskal Herriko 90 bat herritan ekitaldiak antolatu ondoren, agintari politikoengana jotzeko unea iritsi da orain. Argi dago oraindik lan handia dugula egiteko; beraz, euskaltegi guztiak dira beharrezko, baldin eta jendarte euskalduna amets badugu. Horretarako, euskaltegi sendoak behar ditugu, Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko aukera emateko baldintza egoki guztiez hornituta; alta, helburu hori bete ahal izateko, EAEko, Nafarroako eta Ipar EHko administrazioetatik bultzada estrategikoa eman behar zaio arloari, ezinbestean”.

Bide horretan, AEK-k nabarmendu nahi du EAEko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak orain gutxi Herri Ekimeneko Euskaltegi Sarearen finantzaketa egonkortzeko eman duen pausoa, “baliagarria izango da-eta hurrengo urteetan sektorea indarberritzeko”. Hemendik aurrera, AEK-k abiapuntuko proposamena partekatuko du administrazio publiko guztiekin: Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza politika Saila eta HABE, Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentua eta Euskarabidea, eta Euskararen Erakunde Publikoa. AEKren ustez, “unea iritsi da Helduen Euskalduntzea benetan normalizatzeko eta langintza horretan nahitaezko diren beste zenbait esparrutan ere eragiteko”. AEK Euskal Herri osoan aritzen da, eta, hortik abiatuta, lanketa bateratu baten beharra aldarrikatzen du. Era berean, lurralde bakoitzeko administrazio(ar)en errealitatea aintzat hartuta, orain arte egindako urratsak tartean, berariazko lanketa egin nahi du administrazio bakoitzarekin.

Bilera-sorta amaituta, AEK-k horien balorazioa egingo du, etorkizun hurbilean euskalduntze-mugimenduak zer-nolako baldintzak izan behar dituen lau haizeetara zabalduta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).