Horrenbestez, eta bizi dugun osasun-egoerak sustatuta –zuzeneko kontaktua egokitu behar izan dugu–, teknologiak momentu hau erraztu digu eta lan elkarrizketak eraldatu egin ditu. Orain arte elkarrizketak telefonoz eta ondoren aurrez aurre egiten ziren, eta gaur egun online izatera pasatu dira.
Orokorrean, elkarrizketa guztietan, gure urduritasuna kontrolatu eta gure balioa erakutsi behar dugun fase hori gainditzeko, hainbat jarraibide daude. Online elkarrizketaren kasuan ere komenigarria da gure helburua betetzen lagunduko diguten hainbat elementu kontuan hartzea.
Nola transmititu dezakegu pertsona egokia garela?
Gure enplegu-zerbitzura jotzen duten enpresek gehien baloratzen duten ezaugarrietako bat motibazioa da. Enpresek pertsona ekintzaileak eta erronkei aurre egiteko prest daudenak eskatzen dizkigute.
Hori dela eta, enpresekiko zubi-lanetan aritzen garen heinean, EGAZ Txorierrin pertsonei laguntza ematen diegu inguruko enpresen aurrean gaitasun horiek eta beste batzuk agerian jartzeko. Horretarako, hainbat baliabide eta tresna eskaintzen ditugu.
Era berean, orain dela gutxi, abian jarri dugu plataforma digital bat, pertsonek eta enpresek horren bidez elkar ezagutu dezaten. Horri esker hautaketa-prozesuak azkartzen dira; izan ere, edonoiz eta edonon gerta daiteke etorkizunean lan-harreman bihurtu ahal den lehen pausua. Elkarrizketa, aurrez aurrekoa zein online formatukoa izan, pausu horietako beste bat da.
Nahiz eta elkarrizketak teknologiari esker hobera egin dezakeen, detaile txikiek ere hori okertzea eragin dezakete.
Pertsona asko, batez ere gazteak, ohituta daude mugikorra edo beste edozein gailu erabiltzera komunikatzeko. Halere, ez da gauza bera hori gai pertsonaletarako edo lana aurkitzeko erabiltzea. Beste pertsona batzuk, ordea, ez daude horren ohituta kamera baten aurrean hitz egitera edo beren burua bideoan grabatzera. Hona hemen denentzako erabilgarriak izango diren hainbat gomendio:
• Kameraren aurrean jarri baino lehen, gure lan-elkarrizketaren osagai nagusia izan behar dugu buruan: enpresak behar duen pertsona garela erakustea.
• Gainera, arreta jarri behar dugu atal teknikoan. Konexioak ona izan behar du, mikrofonoak ongi funtzionatu behar du, argiztapen egokia izan behar dugu eta, ahal den neurrian, zarata eta etenak ekidin behar ditugu.
• Gehienez ere minutu pare bat izango ditugu nor garen eta enpresan zer ekarpen egin ditzakegun aditzera emateko; horregatik, etxetik konektatzen bazara, familiari abisatu etenak ekiditeko.
• Horrez gain, aintzat hartu behar da kamerak ez duela soilik gure irudia hartzen, baita gure inguruan dagoena ere. Horrenbestez, arreta jarri detaileetan. Adibidez, pertsona oso txukunak garela esaten badugu eta atzealdean apalategi erabat nahasia badugu, ez da batere koherentea izango.
• Ez-hitzezko komunikazioa gure hitzak baino garrantzitsuagoa izatera irits daiteke; ez dugu gehiegizko keinurik egin behar eta jarrera naturala izaten saiatu behar dugu. Oso garrantzitsua da ahotsaren tonu altu eta argia izatea, ongi ahoskatzea eta, batez ere, kamerara begiratzea, elkarrizketa egiten digun pertsonaren begitara begira egongo bagina bezala. Badakigu irribarreek ateak irekitzen dituztela: erlaxatu aurpegia eta erakutsi naturaltasuna.
• Hasiera batean faktore garrantzitsua ez dirudien arren, online elkarrizketak ikaragarri baloratzen den beste ezaugarri bat eskatzen du: puntualtasuna. Hortaz, elkarrizketa ordu zehatz batean bada, hobe izango da bost minutu lehenago konektatzea. Elkarrizketa egiteko epea ematen badigute, gaur bihar baino hobe. Ziurrenik ez gara lana nahi duen pertsona bakarra izango, eta hori da gure gogoa adierazteko aukera onena.
• Azkenik, beste pertsona deskonektatu arte edo grabazioa amaitu arte itxarotea komeni da.
Edonola ere, elkarrizketa guztietarako gomendio onena naturala izatea eta gure aukeretan sinestea da. EGAZ Txorierrin tailerrak eta ikastaroak antolatzen ditugu pertsonek beren gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko, haien marka pertsonala transmititzen ikasteko eta lan-merkatuan segurtasunez eta konfiantzaz kokatzeko. Zain gaituzu!