Esan baietz ligoteo osasuntsuari

t: Anne Embeita, Txorierriko Manomunitateko Berdintasun Teknikaria 2021ko uzt. 28a, 10:37

Ligoteo edo ligatze hitza askotan erabili izan dugu, baina benetan ba al dakigu zer den ligatzea? Eta, zer behar da ligatu duzula esan ahal izateko?

Ligoteoarena esparru zabala da, eta ez da bakarrik norbaitekin liatzea, hitz egitea…, ligoteo sanoa jolasa eta ondo pasatzea da, baina ligatzean zenbat aldiz lotsatu gara? Edota txarto sentitu? Beldurtuta sentitu zara ezetz esaterakoan?

Egoera desatseginak berriro ez bizitzeko hona hemen ligoteo sanorako aholku batzuk:

1.Hurreratzea

Norbaitekin ligatzerakoan eta berarengana hurreratzerakoan, interesa duen ikusi, bestela GELDI. Biok interesa baduzue, AURRERA, baina edukazioarekin eta giro onean hurbildu. Inoiz ere ez behartu edo beldurtu. Zutaz paso egiten badu ez zaitez astuna izan eta alde egin. Ez beti da ez!

2.Ligatzea dibertigarria da. Ala ez?

Ligatzea dibertigarria da parte hartzen dauden kide guztientzat. Momenturen batean partaide bat ez bada dibertitzen edota ondo sentitzen, GELDITU! Hori ez da ligatzea eta gelditzeko momentua da. Ligatzen zauden pertsonarekin ondo sentitzen bazara ordea, eta zu baino gehiago ez dela sentitzen baduzu, AURRERA! Hori bai bada ligatzea eta bide horretatik ondo zabiltza.

3.Edozein momentutan, zure erabakia alda dezakezu

Ligatzen ari zara, baina bat- batean iritziz aldatzen duzu eta ez duzu jarraitu nahi, ESAN eta ez lotsatu. Bakoitzak erabakitzen du zer egin nahi duen eta noraino  iritsi nahi duen. Ez diozu ezer zor inori eta zure gorputzaren inguruan ZUK erabakitzen duzu. ZUK BAINO EZ! Nahiz eta hasieran baiezkoa eman, ezezkoa eman dezakezu edozein momentutan; zuk erabakitzen duzu.

4.Enpatia eduki behar da

Ligatzen zauden pertsonarekin errespetuz jokatu behar da, ez egin zuk gustuko ez duzun ezer; izan ere, ezin duzu negarrez utzi zuk esandakoarengatik. Gauzak tentuz esan behar dira, baina jarrera asertiboa izan behar duzu. Ezin dugu ahaztu, gure buruak daukala lehentasuna.

5.Ezetza jasotzen ikasi

Ezetz esan badizute, EZETZ DA, baina horrekin ez da mundua amaitzen. Ezetza jasotzen jakin behar da eta horregatik, ez duzu zertan zeure burua gorrotatu  eta ez duzu beste pertsona tematzen jarraitu behar. EZ horren atzean hamaika arrazoi egon daitezke (ez zaitu gustuko, bikotekidea dauka, ez dauka gogorik…).   Dena den, ezetz esaten badizu, zer gertatzen da? Ba EZER EZ!

6.Pausua nork eman behar du?

Ligoteo sanoan ez dauka garrantzirik nork ematen duen pausoa,  ezin dugu itxaron besteak pausoa eman arte. Zuk egin nahi baduzu, aurrera, eta ez duzu atzera egin behar. Joko honetan bi aldeetatik errespetua egon behar da, eta arauak biok jarri behar ditugu. Batek baino ez baditu jartzen, GAIZKI. Hori ez da bidea.

7.Konfiantza

Konfiantza egotea ezinbestekoa da. Askeak garelako gauzak egiteko eta ez egiteko eta horretarako, konfiantza behar da, bestearekin edozertaz hitz egiteko. Beraz, ezinbestekoa da hitz egitea eta bakoitzaren gauzak azaltzea. Bestela, nola jakingo du besteak zer nahi dugun edo zer ez dugun nahi?

Orduan prest al zaude ligoteo osasuntsuaren munduan barneratzeko? Bai, noski, ligoteo sanoaren sekretua, errespetua, gozamena, enpatia, aniztasuna… direlako, eta horretaz gozatzen ikasiko duzulako.

Baina ligoteo sanoa ez da zertan aurrez aurre egin, ligatzeko moduak aldatu egin baitira. Gaur egun, ez daude jaiak, ezta txosnarik ere, gimnasioko taldeak txikiagoak dira, distantzia neurriak, pandemia… Beraz, gaur egun ligatzea zaila izan arren, sare sozialen bitartez edo aplikazio espezifiko batzuen bitartez egin dezakegu: jende berria ezagutu dezakegu, jende lotsatiarentzako paregabea da, bestearen asmoak ezagutu ahal ditugu. Baina hemen ere aholku batzuk kontuan izatea komeni da:

  • Aplikaziorik egokiena erabili.
  • Argi eduki zer bilatzen duzun.
  • Perfil on bat sortu, eta zu zaren bezalakoa izan.
  • Zintzoa izan.
  • Zure emozioak adierazi.
  • Konfiantzazko espazio bat sortu.

Gozatu udaz eta ligoteo osasuntsuaz!

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).