Hobeto, baina ez espero bezain beste

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 26a, 14:32

Urriaren 5ean, Eusko Jaurlaritzaren LABI aholkularitza-kontseiluak koronabirusaren inguruko neurriak arintzea erabaki zuen. Euskal Herrira normaltasunetik hurbil dago; eta horrek eragina izango du gure merkataritzan. Amairu Zamudioko taberna, Derioko Baserri Antzokia eta IZ ile-apaindegia bisitatu ditugu, euren iritzia jasotzeko. 

Ostalaritzan, beste irizpide batzuk sar­tu dira indarrean: pandemiaren au­rre­ko ordutegia berreskuratu egin da, ta­bernaren barruan zutik jateko eta edateko aukera dago... “Barraren esparrua berreskuratzea zoragarria da: barrak giro polita sortzen du, harreman zuzenagoa du­zu bezeroarekin, tabernaren edukiera handitu egiten du....”, esan digu Maite Za­mudioko Amairu tabernaren jabeak. “Azken hilabeteotan kostatu egin zaigu araudi berrira egokitzea eta orain ere den­bora beharko dugu, baina pozik gaude”, adierazi du tabernariak. Bere esanetan, jendeak gorriak ikusi ditu, askok enplegu-espediente erregulazioak izan dituztelako, eta “hori gertatzen denean, ez diozu ja­teari uzten, tabernara joateari baizik”. 

Maite baikor agertu da, “gehienok txer­toa hartu dugulako”. “Maskara luzaroan jantzi beharko dugu, baina aurrera goaz eta lan egiteko gogoa dugu”. Bezeroak ere pozik azaldu dira LABIk hartutako neu­rriekin. “Lehen ondo geunden, mahaietan eserita; eta hemendik aurrera ere ibiliko gara gustura, barran. Nik ez dut tabernan maskara kenduko eta, ahal izanez gero, kanpoan hartuko dut edaria, baina barran egotea ere pozgarria da”, aipatu digu bezero batek.

 

Baserri Antzokia

Gorka Urrutia eta Janire Alfonso Ba­serri Antzokiko tabernaren jabeak, ordea, ez dira hain baikorrak. Lege berria ezarri eta astebete beranduago egin dugu berba eurekin eta, haien esanetan, aldaketa han­dirik ez dute sumatu. "Askotan esaten da jendea oraindik beldur dela, baina gure bezeroak, batez ere gazteak, ez dira beldur. Hala ere, ohitura aldatu egin behar izango dute: pandemian gauzak era batean egin behar izan dira: maskara, gela, edukiera, talde-kopurua eta ordutegia mugatua, edaria jezarrita hartu...", aipatu dute. 

Orain, aldiz, muga asko desagertu egin dira eta egoera berrira egokitzeko denbora beharko da. "Adibide bat ja­rri­ko dizut: legea arindu eta astebe be­randuago, kontzertu bat antolatu genuen eta bakarrik 15 lagun etorri ziren hori zuzenean ikustera. Eta guk dakigula, Bil­boko Kafe Antzokian gauza antzeko bat gertatu da azken egunotan. Murrizketak zeudenean, itxaropentsu agertzen ginen etorkizunari begira. Pentsatzen genuen jen­deak irteteko gogoa izango zuela. Hala ere, gaur egun ez dugu hain argi ikusten". 

 

IZ ile-apaindegia

Ile-apaindegia abenduaren 2018an ire­ki zen eta negozioa erabat finkatuta ez zegoela pandemia etorri zen. “Pan­demia gogorra izan da, batez ere ezer ez genekielako: zelan jokatu, zelango se­gurtasun-neurriak ezarri.... Guztiok mo­duan, segurtasun-neurriak ezarri genituen eta horien aurrean jendeak oso jarrera ona adierazi zuen. Egia da batik bat nagusiak beldur izan direla, baina apurka-apurka ikara gainditzen dabiltza; bezero fidelak ditugu”, esan digu Ixone Zabala jabeak. Ile-apaindegian denetariko bezeroak har­tzen dituzte: gazteak eta nagusiak, emakumezkoak eta gizonezkoak. Ohiko zerbitzuak eskaintzen zaizkie: ilea moztu, kolorea eman, tratamenduak... Estetika tratamenduak ere ematen dituzte. 

Neurriak arindu egin dira, eta hori “poz­garria” da, Zabalaren esanetan, bai­na lan egiteko era ez dute gehiegi ile-apaindegi horretan aldatu. Hala ere, jen­dea “lasaiago” hurbiltzen da IZra. “Be­zeroak sarriago etortzen dira. Gainera, ekitaldi bereziak berriro jarri dira martxan eta horiek ere ekartzen digute onura: jaun-hartzeak, ezkontzak... Ondo ikusten dut etorkizuna, jendeak kalera irteteko gogoa du, eta horretarako txukuntzeko joera du. Argia ikusten da tunelean, hor urrunean".

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).