Nerabeak eta drogak: familiak badu zeresana

t: Ana Gonzalez Gil, esku-hartze komunitarioko teknikaria 2021ko aza. 11a, 10:34

Sarritan entzuten dugu gazteek asko dakitela drogen inguruan eta informazio osoa dutela eskura; baina horrela izanda ere, familientzat etxeko gazteek drogekin duten jarrera beti izan da oso kezkagarria. Artikulu honen asmoa ez da gidaliburu bat izatea, arazoak saihesteko ideia batzuk ematea baizik.

Zergatik dira horren erakargarriak haientzat?

Ezin dugu arrazoi bakar bati buruz hitz egin, gure gazteak, nerabezaroan, hainbat substantzia kontsumitzera bultzatzen dituzten adinari lotutako berezitasun  batzuei buruz baizik. Etapa honetan, norberaren nortasuna bilatzeko joera dute, eta berretsi behar horrek gurasoengandik aldentzera eta beren koadrilarekin lotura sendoagoa izatera eramaten ditu. Jada ez dira argudio sinpleekin konformatzen, askoz informazio gehiago jasotzen dute, ikuspuntu gehiago aurkitzen dituzte eta euren arrazoinamendu mailak ez du zerikusirik aurreko etapetan izandakoarekin. Baina, era berean, oso kalteberak dira drogen ondorioekiko; izan ere, epe motzera portaera, familia edo arazo akademikoak eragiteaz gain, epe luzera euren etorkizuna baldintzatuko duten ondorioak jasan ditzakete.

Zer egin dezakegu familiek horren aurrean?

Hainbat gako daude erreferentzia gisa erabil ditzakegunak. Horiei babes-faktoreak deitzen diegu. Arrisku egoerei arrakastaz aurre egiteko balio duten ezaugarri pertsonal eta sozialak dira, eta horietan familiok zerikusi handia dugu.

  • Substantziei buruzko informazio erreala, egiaztatua eta fidagarria izatea, eta informazio hori adinaren eta dagoen unearen arabera egokitzea.
  • Bizitzarako oso garrantzitsuak diren beste faktore batzuk autoestimua eta euren buruarekiko konfiantza dira. Horrela, erabakiak hartzeko orduan koadrilak izan dezakeen presioari aurre eginez, gai izango dira modu inpultsiboan jokatu gabe, arriskuak aurreikusteko eta alternatibak bilatzeko.
  • Kontsumoak saihesteko oso garrantzitsuak dira, batetik, ikasgelan gustura sentitzea eta, bestetik, bizitza osasungarrirako baliabideak eta aukerak dituen herri edo auzo batean bizitzea.
  • Eta, jakina, familia-giro ona, non harremanak maitasunean eta afektuan oinarritzen diren. Ezinbestekoa da komunikazio eta konfiantza ona izatea, haurtzarotik ohitura osasungarriak eta arau eta muga argiak, egokiak eta errazak ezartzea, prebentziorako lagungarriak izango dira-eta.
  • Garrantzitsua da gure seme-alabei kalitatezko denbora eskaintzea, eta gure benetako interesa erakustea egiten dutenarekiko, gustatzen zaienarekiko edo kezkatzen dituenarekiko; baita haien ingurunea ezagutzea eta haien lagunekin modu naturalean harremanetan jartzea ere.

Ez dago errezeta magikorik, bidezidorrik, ezta guraso perfekturik ere, baina gure ereduarekin seme-alabak osasuntsu izan daitezen lagundu dezakegu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).