Azaroaren 25aren atzeko istorioa

t: Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatea; a: www.duna.cl 2021ko aza. 24a, 09:55

Urtero bezala, azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko eguna da, emakumeen kontra egiten den indarkeria mota guztiak salatu eta desagertzea eskatzeko eguna.  Aldarrikapen eguna ere bada, emakumeak emakume izate hutsagatik hiltzen eta erasotzen jarraitzen dute eta.

Zergatik azaroaren 25a?

1981etik aurrera, azaroaren 25ean, gertaera latz bat gogoratzen da: 1960. urtean Dominikar Errepublikako Inteligentzia Zerbitzu Militarrak, Rafael Leonidas Trujilloren agindupean, hiru ahizpa hil izana. Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal, “mariposas” (tximeletak) izenez ezagunak, Dominikar Errepublikako hiru ekintzaile politiko ziren. 1950eko hamarkadan, Rafael Leonidas Trujilloren diktaduraren ezker muturreko talde iraultza sortu zuten, “ekainaren 14a”. Hainbat aldiz torturatu eta espetxeratu zituzten aktibismoagatik, baina beti askatzen zituzten. 1960ko azaroaren 25ean, Dominikar Errepublikako Inteligentzia Militarreko Zerbitzuko agenteek bahitu eta jipoitu egin zituzten, Trujilloren aginduei jarraituz. Haien gorpuak amildegi batetik behera eroritako ibilgailu baten barruan aurkitu ziren, istripu baten itxurak eginez.

Hiru ahizpen erailketak protestak eragin zituen Dominikar Errepublikan eta Latinoamerikan, eta genero-indarkeriaren aurkako borrokaren ikur bilakatu ziren. 1981. urtean, Latinoamerikako eta Karibeko lehen Topaketa Feministan, azaroaren 25a emakumeenganako indarkeriaren aurkako egun gisa aitortzea proposatu zen. Ordutik aurrera, mobilizazioak antolatu ziren Latinoamerikan, eta munduko beste herrialde batzuetara zabaldu ziren. 1993an, NBEren Batzar Nagusiak emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko Adierazpena onartu zuen; bertan indarkeria mota hori definitu zen eta emakumeek berdintasunerako, segurtasunerako eta duintasunerako duten eskubidea berretsi. Azkenik, 2000. urtean, Nazio Batuen Erakundeak azaroaren 25a Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egun izendatu zuen ofizialki.

Beraz, azaroaren 25a egun garrantzitsua da oroitzeko, baina ez ospatzeko. Izan ere, emakumeen aurkako indarkeria oztopoa da gizarte inklusibo eta iraunkorrak eraikitzeko. Horregatik, Txorierriko Mankomunitateak genero-berdintasunaren eta indarkeria ezaren alde egiten du. Ezinezkoa delako gizarte bat loratzea, herritarren erdia erasotua izateko beldurrez bizi bada.

Egun hori kontuan hartzeak, genero indarkeriaren aurka altxatzea esan nahi du eta emakumeak aldaketaren erdigunean egon behar dutela gogoratzea. Izan ere, aurten –urtea amaitu ez den arren–, Espainian 37 emakume erail dituzte eta ezin ditugu ahaztu umezurtz utzi dituzten 24 umeak.

Beraz, Txorierriko herritarrak animatu nahi ditugu emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean gaitzespena erakustera, eta babesa eskaintzera indarkeria jasan duten emakumeei. Horretarako, Txorierriko herrietan egingo diren mobilizazio eta ekintzetan parte hartzera animatzen zaituztegu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).