Harrotasunaren Eguna

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 28a, 11:15

Gaur, ekainak 28, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. Ospakizunaren jatorria da 1969ko ekainaren 28ko goizaldean, Stonewall Inn pubean (New York), izan ziren istiluak: poliziak sarekada egin zuen bertan zeuden gayak, lesbianak eta transexualak atxilotzeko, baina pubeko bezeroak matxinatu ziren eta poliziei aurre egin zieten. Horren ostean, manifestazioak egin ziren eta mugimendua hasi zen historian zapaldutako sexu-identitateak eta -joerak ikusgai egiteko eta haien eskubide zibilen alde borrokatzeko.

Herritarrek, elkarteek eta erakundeek bat egin dute LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin. Batzuek mozioa onartu dute horretarako; eta beste batzuek gizarte-sareak erabili. Lezamako Udalak, esaterako, gogora ekarri du “gizarte berdintsuagoa eraikitzen jarraitzearen garrantzia”. Gizarte horiek aniztasunean bizi behar dute, eta LGTBI+ pertsonei urratutako eskubideak betetzea bultzatu. “Erabateko askatasuna eta berdintasuna dituen munduaren alde lan egin behar dugu. Ezinbestekoa dugu instituzioek, besteak beste, hauek ezartzea: politika publiko integralak eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak…”. Horren harira, LGTBI+ pertsonen eskubideekin duen konpromiso politikoa berretsi du, eta hurrengo konpromiso hauek betetzen jarraituko duela esan: LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzeko neurriak hartzea (binarismoa gainditzeko, administrazio-formularioak aldatzea; dokumentu guztiak berrikustea, gorroto-diskurtsoa ekiditeko; komunak eta beste zerbitzu batzuk egokitzen saiatzen…), LGTBI+ fobiaren kontrako ekintzak egitea, sentsibilizazio-kanpainak bultzatzea, eta gaur egungo testuinguruari egokitutako sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpaina feministak egitea.

Bestalde, Larrabetzuko Udalak mozioa onartu du, eta hau adierazi: “Komunikabide nagusien estigmatizazio-saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituen honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGBT+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira... Ondorioz gure bizitzak arriskuan daude”.  Egoera horren aurren, “antolatzea ete borrokatzea ezinbesteko dugu”. Mozioan, Larrabetzuk ere ezinbestekotzat jo du politika publiko integralak eta sendoak bultzatzea, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak eta babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak. “Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta

estrukturalak direnak erdigunean jartzeko garaia da”. Horiek horrela, konpromisoa hartu du “herriko LGBT+ mugimenduko kideekin, erreferente direnekin edota hainbat norbanakorekin batera elkarlana bultzatzeko”. “LGBT+ pertsonen bizitza egunerokotasunean bizigarria izateko, lan eta borrokatzen ari diren kideak eta kolektiboak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako”.

Zamudiok ere bat egin du “sexu-askapenaren nazioarteko egunarekin, afektibotasunari, sexuari eta generoari dagokienez, aniztasunean bizitzeko eskubidearen alde, eta aitortza eginez, gaur egungo eskubideak lortzeko, bidean bizia galdu zutenei eta aktibismoari denbora eta izerdia eskaini zizkiotenei. Gainera, belaunaldi berriengan” ere arreta jarrita, “oraindik ere lortzeke dauzkagun eskubide askoren alde ari baitira lanean”. Era berean, Derioko Udalak izateko eta maitatzeko askatasuna aldarrikatu du, eta bat egin du aniztasunarekin eta pertsona guztien eskubideekin.

Erakundeek LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzetan parte hartzeko gonbidapena egin diete herritarrei. Talde feministek ere arratsaldeko 19:30ean, Bilbon, egingo den manifestazioan parte hartzeko gonbidapena zabaldu dute. Gainera, Koxak Derioko talde feministak kartelgintza-tailerra egingo du 17:00etan, Marikobason. Beste aldetik, Zutunik Larrabetzuko talde feministak irakurketa kolektiboa antolatu du biharko, ekainak 29, 19:00etan, Anguleri kultur etxearen inguruan. Bersto-saioa ere egongo da Aner Peritz eta Maider Arregiren eskutik.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).