Itziar Mateos Olabarrieta Larrondokoa da, eta 42 urte ditu. Funtzionarioa da, eta inoiz ez du Historiarako interes berezirik adierazi. Berak Enpresa Ikasketak egin zituen Sarrikon, EHUn. Hala ere, 2014an, Jesus Mari Astobieta auzokideak Larrondoko 1965ko mapa ekarri zion eta, nahi gabe, Antzinako paisaia biziberritzen proiektuaren hazia jarri zuen. "Egitasmoak aireportuaren aurreko eszenatokia balioan jartzea du helburu, hau da, ondare materiala zein immateriala. Izan ere, Larrondon baserriak, ikastetxeak eta futbol-zelaia galdu genituen, bai, baina horretaz aparte, baita hainbat lagunen bizimodua eta etxea ere; familiak, letra larriz. Garai hartan baserria oso garrantzitsua zen, bertan bizi zirelako eta lan egiten zutelako", esan digu Mateosek.
"Aireportuaren aurreko eszenatokia balioan jartzea dugu helburu: ondare materiala zein immateriala"
Mapa haria baino ez zen izan. Handik aurrera, ikerketa txiki bat egiten hasi zen Bizkaiko Foru Aldundiaren artxiboetan, zenbat baserri bota zituzten jakiteko. "Oso informazio gutxi zegoen aireportuari buruz eta horrek Larrondon izan zuen eraginari buruz, eta zegoena oso sakabanatuta zegoen. Beharrezkoa zen batzea eta gordetzea". Horretarako, 2021ean Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntza eman zion Mateosi, eta horri esker, liburua eta bideoa argitaratu ahal izan zituen.
Artxiboetan topatu zutenari Larrondoko auzokideen testigantzak gaineratu zizkion Itziarrek. "Nork bere etxearen berri eman zidan, baita bere bizimoduaren berri ere: auzokideen harremanak, soloak, animaliak, baserriko produktuak Bilbon zelan saltzen ziren... Behin baino gehiagotan etorri dira etxera desjabetze-aktak begiratzera. Guztira 17 lagun agertzen dira bideoan, baina beste hogeirekin hitz egin nuen".
Egilearen esanetan, aireportua "inolako planifikazio barik" garatu zen eta horrek eragin zuzena izan zuen bai herrietan, bai herritarrengan. "Lehenengo terminala Sondikako landan jarri zuten Gerra Zibila bukatu zenean, 1940tik aurrera. Garai hartan aireportua kokatu zen landa herrigunea zen: eskolak, udaletxea eta Guardia Zibilaren kuartela bertan zeuden. Eta San Joan jaia ere egiten zen han. Beraz, herria erabat aldatu behar izan zen horregatik. Lehenengo fase horretan hogei etxe bota zituzten. 1965ean, lehenengo zabalkundean, Loiuko 12 baserri-edo desagerrarazi zituzten: Iturrikoetxe, Rekakoetxe…; baina gehienak, 80 inguru, 1972tik aurrera desagertu ziren: Gaztañaga, Maurikes…".
90 baserri inguru, desjabetuta
“Guztira, 117 eraikin bota ziren: baserriak, etxeak, ikastetxeak, trenbidea… % 85 baserriak ziren, batzuk oso zaharrak –Santimami, esate baterako, 1795eko erroldan agertzen da–; eta beste batzuk, berri-berriak –zortzi urte lehenago eraikitako etxe bat bota zuten–. Kaltea 700 pertsona inguruk jasan behar izan zuten, baserrietan hainbat lagun bizi zirelako". Gainera, Mungia eta Lutxana lotzen zituen trenbidea ere desagertu zen 1975ean.
“Guztira, 117 eraikin bota ziren: baserriak, etxeak, ikastetxeak, trenbidea… % 85 baserriak ziren"
Aireportua alde batera utzita, Mateosek esan du Larrondon hainbat interesek bat egin zutela: bai Bilboko Udalak, bai Leioako Campusak Txorierrira zabaldu nahi zuten. Hori aintzat hartuta, ikastetxe batzuk hona etorri ziren: Veracruz, Lauro, Urdaneta, La Merced…“. Halaber, 1980an, agintariek pentsatu zuten Forondako (Gasteiz) aireportua bultzatzea, Euskadiko erreferentetzat hartzeko, baina errealitatea erabat desberdina izan zen, erreferentea Sondikakoa (eta gero Loiukoa) zelako”.
Aireportua egiteko, beraz, Francok etxeen jabetza kendu zuen, baina oso diru gutxi eman zien jabeei eta horiek nekez lortu zuten beste etxebizitza bat erostea. "Egoera oso gogorra izan zen. Jendeak ez zuen aireportua hainbeste aldiz handitzea espero: batzuek, etxea bota zutenean, beste bat egin zuten alboan, eta horregatik, batzuei bi aldiz bota zieten etxea. Horietako batek, Atanasia Maurazak, etxetik alde egiteari uko egin zion 86 urte zituela. Hark esan zuen ezetz, etxetik ez zela mugituko, eta orduan langileek makinaren palarekin nahita jotzen zuten bere etxeko horma. Hori gaur egun pentsaezina da. Azkenean Atanasiak etxea utzi behar izan zuen, baina islatzen du garai hartan bizilagunek sentitzen zuten asperraldia".
"Batzuei bi aldiz bota zieten etxea: Atanasia Maurazak etxetik alde egiteari uko egin zion
86 urte zituela"
Dena dela, Mateosen ikerlanak ez du desjabetzea gai nagusitzat hartu. "Hori jorratu dugu liburuan eta bideoan, noski, baita ekarri zuen ezbeharra ere, baina helburua ez zen desjabetzeari buruz idaztea. Batez ere garai hartako bizimodua azpimarratu nahi izan dugu, komunitate polit-polita osatu zela: dantza taldeak, auzokideen arteko harremanak, jaiak, trena, bendeja… Larrondo auzo bizia zen".
"Batez ere garai hartako bizimodua azpimarratu nahi izan dugu, nolako komunitate polita osatu zen"
Desjabetzeen ondorioz, auzokideak sakabanatu ziren: Sondika, Loiu, Leioa… “Gehienak 50 urte daramatza etxetik kanpo, baina harreman estua dute. 1996an batu ziren bazkaltzeko eta primeran pasatu zuten. Meza egin zuten, eta gero, bazkaria. Nork bere etxearen argazki bat eroan zuen eta guztiak batera jarri zituzten. Oso hunkigarria izan zen". Maiatzaren 12an proiektua Bilbon aurkeztu zen eta hara Larrondoko 200 lagun batu ziren. “Bizi diren guztiak etorri ziren eta batzuen seme-alabak ere bai. Ez dute inoiz ahaztuko”.
Itziar pozik dabil ikerlanaren emaitzarekin. "Gabeziak izango ditu, baina gutxienez oinarria jarri dugu. Bideoa eta liburua oso garrantzitsuak dira auzokideentzat, bere ahotsa entzuteko aukera dagoelako; gainera, gazteoi gauza bat ekarri digute gogora: aireportua euskaldun guztiok gozatzen dugu, baina, horretarako, gutxi batzuek garesti ordaindu behar izan zuten: etxea eta bizimodua alde batera utzi behar izan zuten eta beste leku batera bizi izatera joan. Eta gehienetan beste lanbide bat ere topatu behar izan zuten, ezin zirelako baserritik bizi ". Ia 80 urte pasatu dira aireportuak Txorierriko paisaia eta bizimodua betiko aldatu zituenetik. Itziar Mateosen lanak antzinako Larrondoren memoriari eutsiko dio.
Testigantzak
Itziar Mateosek hainbat laguntzaile izan ditu proiektua aurrera eramateko. Batetik, hauek osatu dute lantaldea: Amagoia Guezuraga, Eneko eta Jon Peña, Gorka Uriarte, Ibon Zorrozua, Irune Mateos, Javi Orroño, Javi Caballero, Jon Elordui, Maider Herran eta Loren Gallardo. Bestetik, loiuztar hauek hartu dute parte bideoan: Jesús Sustatxa, Juanjo Olaizola, Jesús Mari eta Jesus Astobieta, Ana Rosa Torre, José Miguel, Mikel eta Belen Gana, Ángel Iruretagoiena, Pedro Gómez, Manolo Uriarte, Mª Jesús Aurrekoetxea, Itxaso Ganboa, Bego Latorre, Pilar Gaztañaga eta Juan Igancio Orue. Aikor! aldizkariak azken biekin egin du berba.
Pilar Gastañaga (Agarrebeiti baserria), 82 urte. "Sondikara ezkondu nintzen, baina ahizpa gazte hil zen, eta ni familiaren baserrira itzuli nintzen bere seme-alabak aurrera ateratzera. Baserria berritu behar izan genuen, baina lau urteren ostean bota zuten. Eta 1973an Sondikara, nire pisura, joan ginen. Etxea txikia zen eta beste bat erosi behar izan genuen. Baserriaren truke –animaliak, lurra eta etxea–, 300.000 pezeta ordaindu ziguten; eta pisu berriak 425.000 balio izan zuen".
Baserria Loiu erdian genuen. Beraz, beti esan dut harrotasunez Larrondokoa naizela, bizitza, nire sustraiak bertan ditudalako. Ulertzen dut aireportua egin behar zela, eta horrek norbaiti kalte egingo ziola, baina ordainean eman ziguna ez zen zilegi izan. Aita baserrikoa zen eta pisura joan baino lehen hil zen. Ziur nago ez zatekeela pisu batean biziko, ez zukeela jasango. Uste dut desjabetzearen ondorioz azkarrago hil zela: ekainaren 2an hil zen eta abuztuaren 17an, hamar aste beranduago, utzi genuen baserria".
Juan Ignacio Orue (Kamiruaga baserria), 81 urte. "Kamiruaga baserrikoa zen ama, eta aita, Santimamikoa. Alboan ermita bat genuen, Loiuren eta Sondikaren artean. Gerran, ermitako teilatua suntsitu zuten eta aititek mojei eraman zizkien santuak. Ama ni jaioberria izanda hil zen eta familia batek hartu ninduen, Pilarren baserriaren alboan. Bost urte beranduago, aita berriro ezkondu zen eta bere etxera joan nintzen. Gero Sondikara joan ginen bizi izatera eta han gelditu nintzen betiko.
Hasieran, aireportuan ez zegoen hesirik eta gaztetan handik ibiltzen ginen. Bizitza erabat desberdina izan zen: nik aireportuan ikasi nuen bizikletaz ibiltzen eta bertan ere jolasten ginen futbolean. Batzuetan isunak jartzen zituzten, baserritar asko eta asko hortik pasatzen zirelako animaliekin, pista bide-zidortzat hartzen zutelako. Baina komunitate txikia eta polita osatzen genuen".