ARNASETIK, gazteek hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta egiteko lehiaketa

Aikor aldizkaria 2022ko ira. 9a, 10:45

Euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerrietako gazteek hizkuntza-ohituren inguruko gogoeta egitea nahi du Arnasa Gara ekimenak, eta ARNASETIK bideosormen-lehiaketa antolatu du horretarako. Hamar urtetik 16 urtera bitarteko gazteentzako ekintza da eta, sormena erabiliz, parte-hartzaileek euskararekin lotutako istorioak kontatu beharko dituzte. Lanak bakarka, lagunartean edo ikaskideekin batera garatu ahalko dira, eta urriaren 5a baino lehen aurkeztu.

Hiru kategoria zehaztu dira adinaren arabera. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hizkuntzara (DBH) pasatzeak dakartzan emozioak, hizkuntza-ohiturak eta egoera berriak islatu beharko dituzte euren sormen-lanetan, “izan ere, arnasgune gehienak udalerri txikiak dira eta bertako ikasleek inguruko ikastetxe handiagoetara joan behar izaten dute DBHko ikasketak egitera”, azaldu dute antolatzaileek. Lanak formatu librean egin ahalko dira, hala nola marrazkia, bertsoa, poema, bideoa eta abestia.

Bestalde, DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleek bideo-tutorial bat egin beharko dute youtuber estiloan, Julen Portillo euskal tiktokerraren bideoa eredu dutela. Bukatzeko, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleek elkarrizketa formatuko bideo batean erantzun beharko diete Hiru Damatxo ekoiztetxeak egindako galderei. Abiapuntuko materiala zein lehiaketaren oinarriak www.arnasgara.eus webgunean daude.  

Lehiaketak 2.000 euro banatuko ditu saritan: 500 euroko saria emango da kategoria bakoitzeko eta publikoaren saria ere emango da. Sariak trukatu beharko dira Irrisarri Land abentura-parkean, Durango Azokaren denda birtualean edo Goazen! edo Irabazi arte! telesailen merchandisinga erosita. Sariak urriaren 28an banatuko dira Villabonan.

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da Arnasa Gara, eta euskararen arnasguneen garrantzia jendearen artean zabaltzea, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dieten ekarpena nabarmenduz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).