Nolakoa izan da esperientzia?
Pozik nago. Bi edo hiru asterik behin Valentziara gainerako taldekideekin entrenatzera joan izan naizenez, lantalde polita eta trinkoa osatu dugu. Asko ikasi dut, lana asko garatu, azkarrago lan egin… Txapelketan 52 taldek hartu zuten parte, 1.200 parte-hartzailek, eta 20 proba-mota baino gehiago egin ziren. Guk proba bitan eman genuen izena. Probak zein puntuazioak indibidualak izan ziren eta gero taldearen hiru puntuaziorik onenak batu ziren. Postu onean gelditzea genuen helburu eta, hortaz, hirugarrenak izatea pozik egoteko modukoa da: bagenekien japoniarrek eta italiarrek ez zutela erraztasunik emango; gainera, talde berriak ere sartu ziren lehian, gogotsu.
“Postu onean gelditzea genuen helburu; hortaz, hirugarrenak izatea pozik egoteko modukoa da”
Nolako giroa egon zen parte-hartzaileen artean?
Taldekide batzuek hainbat aldiz hartu dute parte munduko txapelketan, eta haiek kontatzen dutenez eta nik neuk Parisen ikusi dudanez, normalean giro ona eta adeitsua izaten da; esaterako, oso harreman ona izaten da italiarrekin. Maila handia dago. Esan moduan, japoniarrak eta italiarrak oso onak dira. Gainera, txapelketak ez du arau zehatzik parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, eta, hortaz, delegazio bakoitzak nahi beste partaide eraman dezake, horrela irabazteko aukera handiagoa da eta. Txinak ez du aurtengo txapelketan parte hartu, baina 200 partaide eraman ohi ditu. Italiak, bestalde, lau talde aurkeztu ditu txapelketara eta talde bakoitza hainbat profesionalek osatu dute. Gurea 17 lagunekoa izan da.
Herrialde horiek egiten duten gastua oso handia izango da…
Pentsa ezazue izena emateak 9.000 dolar balio duela talde bakoitzeko, eta proba bakoitzean parte hartzeak, 800 dolar partaide bakoitzeko. Eta kontuan hartu behar da ez dagoela sari ekonomikorik, lanaren aintzatespena baizik. Lehiakide bakoitzak hara joateko eta han bertan dituen gastuak ere izan behar dira kontuan.
Nola aukeratu zintuzten Espainiako taldearen kidea izateko?
Espainiako azken txapelketa 2017an egin zen eta ni Bizkaiko taldean ibili nintzen hartan. Ondoren, ONBk (Edertasun, Arte eta Lehiaketako Elkarte Nazionala) onlineko txapelketa antolatu zuen, eta munduko txapelketara joan gara onlineko txapelketa horretan parte hartu zutenak zein 2017ko txapelketan ibili ginenok.
Valentziara joateaz gainera, nola prestatu duzu zure burua txapelketarako?
Azken bi hilabeteetan bizpahiru ordu eman ditut egunero entrenatzen: 20:00etan bizartegia itxi, eta gaueko 10:00ak edo 11:00ak arte entrenatu; eta zerbait txarto ateraz gero, hurrengo egunean goizeko 7etan altxatu, eta negozioa ireki baino lehen berriro entrenatzera. Lehiaketako manikiak erabiltzen ditugu entrenamenduetarako. Horrek, alde batetik, abantaila dakar, ez dugulako modeloak libre noiz dauden zain egon behar –gainera, modeloa lehiaketara eraman behar izateak beste gastu handi bat ekarriko luke–, baina, beste aldetik, desabantaila ere, batzuei eguneko 24 orduan entrenatzeko aukera ematen dielako: adibidez, Italiako lehiakide batzuek ez dute lanik egiten; euren burua lehiaketetarako prestatzen dute, besterik ez. Imajinatzen dut babesleak-eta edukiko dituztela.
“Azken bi hilabeteetan bizpahiru ordu eman ditut egunero entrenatzen: bizartegia itxi, eta gaueko 10:00ak edo 11:00ak arte”
Errepikatzeko moduko esperientzia izan da?
Bai. Urtarrilean Espainiako txapelketaren finala izango da Valentzian, eta han erabakiko da munduko txapelketara joango den lantaldearen partaide batzuk zeintzuk izango diren; gainerako partaideok aurtengo munduko txapelketan ibili garenok izango gara. Azken batean, lehiatzeak esperientzia ekartzen dizu, trikimailuak ikasi, teknika, azkartasuna, hobetzea, Espainiako onenengandik eta onenekin ikastea… Familia handia garelako eta elkarri laguntzen eta irakasten diogulako: taldea gara eta guztiok maila ona izatea interesatzen zaigu.
“Lehiatzeak esperientzia ekartzen dizu, teknika, azkartasuna… Espainiako onenengandik eta onenekin ikastea”
Molano bizartegia aitak zabaldu zuen 1976an, eta zu txiki-txikitatik hasi zinen berari laguntzen. Ogibidea zainetan daramazu.
Gaur egun, Internet eta gizarte-sareei esker negozioa beste modu batean da ezaguna, baina aitak asko lan egin zuen bertan eta erreferentea izan zen Txorierrin eta Mungian. Ni 13 urte nituela hasi nintzen ogibidea ikasten, akademia batera joaten nintzen, baina, ile batek eskuinetara egin behar bazuen, aitak ez zidan uzten ile hori ezkerretara ipintzea… Oso perfekzionista zen eta bere eraginagatik naiz ni hain perfekzionista. Egia da ahalegin handia eskatzen duela, eta familiari, lagunei, zaletasunei… denbora kentzen diela; hala ere, ordainsaria du: zure burua hobetzea. Polita da ikustea hobetuz joaten zarela.
“Aita oso perfekzionista zen eta bere eraginagatik naiz ni hain perfekzionista”
Aldaketa handia egon da urte hauetan?
Batez ere hipster-ek ekarri zuten aldaketa… Nik bizarra labanaz egitea ilea moztea baino lehenago ikasi nuen, baina zaharkituta geundela esaten ziguten; gero, bat-batean, batzuk hasi ziren guk aurretik egiten genuena egiten eta haiek modernoak ziren… Orain dela urte batzuk inork ez zuen esaten bizargina zela; guztiak ziren gizonen ile-apaintzaileak. Gaur egun, berriz, guztiak dira bizarginak.
“Duela urte batzuk guztiak ziren gizonen ile-apaintzaileak; gaur egun, guztiak dira bizarginak”
Gainera, bizartegiak ugaritu dira azken urteotan.
Horrek arazoa ekarri dio sektoreari, negozioa ipintzen duten gehienek ez dutelako sektoreari lotutako ikasketarik, eta, hala ere, negozioa abian jartzeko inongo trabarik ere ez dute: ondorioz, sektorea erregularizatzeko borrokan gabiltza aspalditik. Nolanahi ere, beste aldetik, gauza ona ere ekarri digu, zeren eta bizartegi horiek eskaintzen duten ile-moztea egiten trebatu behar izan baitugu. Eta, gainera, trebatu gara behar moduan, hau da, prestakuntza-saioen bidez. Eskola zaharrekoak gara gu eta abantaila daukagu, ilea labanaz zein artaziz mozten dakigulako, testurizatzen… Makinaz mozteko teknika, bizartegi horietan erabiltzen dutena, erraz ikasi daiteke.
Oso moda aldakorretako sektorea da zuena; hortaz, behar-beharrezkoa da etengabeko prestakuntza.
Nik guztiengandik ikasten dut: elkarteek eta marka komertzialek antolatzen dituzten ikastaroen prestatzaileengandik zein, ni ere prestatzailea naizen heinean, ikasleengandik. Izan ere, beti dago zer praktikatu, zer hobetu eta zer ikasi: batek artaziak modu batean edo bestean zergatik hartzen dituen, ilea zergatik lehortzen duen eta gero moztu… Datorren urtean Espainiako selekzioaren prestatzaile ibiliko naiz, gainera.
Noren edo zeren menpe daude modak gaur egun?
Momentuko futbol-jokalariak duen ile-moztearen menpe daude, edo gizarte-sareetan ikusten denaren menpe… Modak orokorrean oso aldakorrak izan arren, apur bat gehiago irauten duten joerak daude; esate baterako, boladan daude mullet-ak, ilea buruko albo bietan larru-arras moztea, mohikanoen krestak, degradatuak... eta horiek aspaldian ere egiten ziren.
Futbol-jokalariak aipatuta, Athleticeko jokalari batzuk zure bizartegiaren bezeroak dira.
Lezama oso hurbil dago eta beti etorri da baten bat. Gauza da azken urteotan bizartegira lehen taldeko eta batzordeko 11 lagun-edo etorri ohi izan direla. Nik berdin-berdin tratatzen ditut bezero guztiak eta harreman adeitsua dut guzti-guztiekin.
Bizartegia erreferente da derioztarrentzat ez ezik alboko herrietako biztanleentzat ere bai. Zein da sekretua?
Gogotsu lan egitea, zure burua etengabe prestatzea, azken joerak ezagutzea, gauzak ahalik eta ondoen egitea eta bezeroak zu tratatzea gustatuko litzaizukeen moduan tratatzea. Gurea etengabeko bilakaeran murgilduta dagoen sektorea da eta ezinbestekoa da hobetzea; bestela, atzean geldituko zara. Inportantea da bezeroak zuri zerbait eskatu eta bizartegitik nahi zuen irudia duela atera dadila. Era berean, bezero hori ezagutzea ere bada inportantea, eta hainbat alderdi kontuan hartu, ondoen datorkion edo berarentzat egokiena den orrazkerari, ile-mozteari, irudiari… buruzko aholkuak eman ahal izateko.
“Guztiengandik ikasten dut: prestatzaileengandik zein ikasleekin; beti dago zer praktikatu eta hobetu”
Zeintzuk dira zure etorkizuneko planak?
Esandakoak: jarraitzea nire burua etengabe prestatzen, beste profesional batzuk prestatzen, hobetzen eta hazten, eta gauzak ondo egiten saiatzen.
Bizkaiko Irudi Pertsonalaren elkartea
Molano Bizkaiko Irudi Pertsonalaren elkartearen idazkaria da. Elkartearen eginkizunak dira, besteak beste, egitasmoak eta prestakuntza-saioak egitea eta produktu eta joera berriak ezagutzea eta ezagutaraztea. Sektorearen gaiei eta arazoei heltzeko bideak ere topatzen dituzte, eta konponbideak. Gaur egun errebindikazio nagusi bi dituzte: alde batetik, elkarrizketan aipatutako sektorearen erregularizazioa, eta bestetik, BEZa jaistea. “Duela urte batzuk, krisi betean geundela % 8tik % 21era igo ziguten BEZa, eta gehienok oso-osorik “jaten” ari gara igoera hori, ezin dizkiegulako bezeroei prezioak igo… Urrian oso manifestazio inportantea egingo da Madrilen eta hara joateko modua eta aukerak aztertzen gabiltza”.
Elkartean 100 bazkide daude. “Gutxi gara, izan ere, jendeak orokorrean ez du asoziazionismoarekin bat egiten, batez ere gazteek, lehentasuna hasierako edo epe laburreko irabazi ekonomikoari ematen diotelako. Baina, egia esan, elkarte barik ez lirateke gaur egungo egitasmo asko existituko, ezta laguntza asko ere”.