Gainerako udalerri euskaldunetan bezala, euskararen erabilera atzeraka dabil Larrabetzun eta Lezaman

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 17a, 13:48

Udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoaren bilakaera aztertu du UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea), eta horretarako, EUSTATek urrian kaleratutako Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentzua hartu du iturritzat. UEMAk hiru aldagai linguistiko hauek izan ditu kontuan: euskararen ezagutza, lehen hezkuntza eta etxeko erabilera. Ondorio nagusia da udalerri euskaldunetan euskararen erabilera atzeraka dabilela. Txostenean Larrabetzuko eta Lezamako datuak ere batu dituzte.

UEMAk aztertutako datuak dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri euskaldunetakoak. Txostenean jaso dutenez, udalerri euskaldunen kopurua areagotzen ari da, ezagutzak gora egin duen udalerriak ari direlako % 70eko langa gainditzen. Hala ere, laugarren gune soziolinguistikoa, hau da, euskaldunak % 80tik gora diren udalerriak, ez da hazi. Larrabetzuko datuei erreparatuta, 1981n biztanleen % 71k euskara zekiten, eta 2021ean, % 73,8k; hala ere, aipatu beharra dago ehunekorik altuena 2001ean izan zela: % 73,8. Lezamako datuei dagokienez, 1981ean herritarren % 72,4k euskara zekiten, eta 2021ean, % % 64k; ehunekorik altuena 1991ean izan zen: % 75.

Beste aldetik, UEMAren azterketaren arabera, euskara lehen hizkuntza dutenen ehunekoak nabarmen egin du behera azken hamarkadetan, eta bide hori ez da oraindik eten. “Erkidegoko datu orokorretan ere gertatu da jaitsiera hori, baina ere nabarmenagoa da udalerri euskaldunetan. Euskaldunen profilean eragin nabarmena dauka: udalerri euskaldunetan ere gero eta euskaldun gehiago dira euskara bigarren hizkuntza gisa jaso dutenak, edo etxean bi hizkuntzak jaso dituztenak”. UEMAren esanetan, biztanle-mugimenduak daude horren oinarrian, eta ez transmisioaren haustura bat. “Euskaldunen transmisioa oso sendoa da udalerri euskaldunetan, inon baino sendoago, baina jende-aldaketek lehen hizkuntzan eragiten dute”. Euskara larrabetzuarren % 74,9ren lehen hizkuntza zen 1991ean, eta % 45,3rena, 2021ean; lezamarren % 70ena, 1991ean, eta % 37,5ena, 2021ean.

Euskararen etxeko erabilerak ere nabarmen egin du behera. “Ezagutza txikiagoak erabilera txikiagoa dakar, baina, proportzioan, erabileraren jaitsiera askoz ere handiagoa da”. Horrela, bada, 1991ean % 72ko ezagutza zegoen, eta erabilera % 54koa zen; 2021eko datuen arabera, berriz, ezagutza % 73koa da, baina erabilera % 41ekoa. Aldea nabariagoa da laugarren gune soziolinguistikoan: ezagutza % 90ekoa eta erabilera % 81ekoa ziren 1991ean, eta % 84koa eta % 59koa 2021ean. “Kontuan hartu behar da udalerri euskaldunetako herritarren profila nola aldatu den, eta bereziki euskaraz dakitenen profila. Udalerri euskaldunetan euskaraz ez dakien gero eta jende gehiago dago eta horrek eragin handia du erabileran eta erabilera-aukeretan”. Horrezaz gainera, azpimarratu dute udalerri euskaldunetan bizi diren euskaldunek bestelako hizkuntza ezaugarriak dituztela –lehen hizkuntza, erraztasun erlatiboa, hizkuntza ohiturak…– eta horrek dakarrela ezagutzaren eta erabileraren arteko tartea handitzea. “Horri gehitu behar zaio udalerri euskaldunetako bizimoldean eta bertako herritarren gizarte-ohituretan nolako aldaketak gertatzen ari diren eta horiek guztiek euskararen erabilerari nola eragiten dioten”.

Euskararen etxeko erabileraren datuei dagokienez, larrabetzuarren % 57,3k etxean euskaraz egiten zuten 1991ean, eta % 37k, 2021ean. Lezaman, bestalde, herritarren % 37,2k erabiltzen zuten euskara etxean 1991ean, eta % 21,8k, 2021ean. Txostena hemen ipini dute irakurgai.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).