15 egunean egindako urratsei jarraipena emateko deia egin diete Euskaraldiaren antolatzaileek belarriprest eta ahobiziei

Aikor aldizkaria 2022ko abe. 2a, 12:17

Gaur amaituko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta  gaur Gasteizko Artium museoan batu dira egitasmoaren antolatzaileak eta koordinazio-kideak, ordezkari politikoak eta entitateen ordezkariak, ariketaren inguruko balorazioa egiteko. “Aurreko bi edizioetan herritar eta entitateen hizkuntza-ohituretan eragiteko proposamen berriak ekarri zituen ekimen berritzaile honek, eta hirugarren edizio honetan ikusi dugu, ariketa ezaguna izateaz gain, Euskaraldia gizartean txertatuta eta normalizatuta dagoela”, adierazi dute. Era berean, 15 egunean egindako urratsei jarraipena emateko deia egin dute.

Gizartean oso barneratuta dauden arau sozialetan eragiteko eta aldatzeko proposamena da Euskaraldia, eta, antolatzaileen esanetan, edizioz edizio ari da bide hori urratzen. “Ahobizi eta belarriprest rolean atzean dauden jokaera ezberdinak gero eta hobeto ulertzen dira: partaideek badakite hau ez dela euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina. «Lehen hitza euskaraz» arau sozial berriak aurrerapauso handiak egin ditu lau urteotan, eta euskaraz ulertzen duenarekin euskarari eusteko jokabidea ere gero eta barneratuta dago”. Azaldu dutenez, “hirugarren edizioak erakutsiko du ariketa efektiboa dela, eta, ahobizi eta belarriprest rolei lotutako portaerei eusterakoan, norberaren euskararen erabilera hazi egiten dela. Eta entitateetan euskaraz eroso aritzeko neurriak hartu eta gune babestuak sortzen direnean ere euskaraz gehiago egiten dela. Ariketak emaitzak ematen ditu, beraz”.  

Aurtengo edizioan 161.099 lagunek eman dute izena; hala ere, antolatzaileek uste dute aurreko edizioan izena eman zuten askok ere berretsi gabe parte hartu dutela. “Batzordeetatik jaso ditugun datuen arabera, izena eman dutenak baino herritar gehiago hurbildu dira txapak jasotzera. Baina, aldiz, jendeak txapa uneoro jantzi ez duen susmoa dugu, eta nahi baino txapa gutxiago ikusi ditugu kalean”.

Bestalde, 6.634 entitatek egin dute bat Euskaraldiarekin, eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. “Gainera, aurreko ariketetan iritsi ez ginen eremuetara iritsi gara aurtengoan. Nolanahi ere, egia da ariketa aurreko edizioan baino egoera hobean egin dela. Ekimena babestu eta neurri zehatzak hartzeko apustua egin den kasuetan ikusten da hasi dela aldaketa esanguratsuak sortzeko urratsak egiten. Esparru sozio-funtzionalean lan handia dago egiteko, baina urratsak egin dituzten entitateek erakusten dute erabakimena dagoenean erabileran aurrerapausoak egin daitezkeela. Bide erakusle dira gainontzekoentzat”.

Erronkak

Aurrera begirako erronkak zeintzuk diren ere azaldu dute antolatzaileek. “Rolak gizarteratzen jarraituko dugu, epe luzeko lana baita. Halaber, txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratzen jarraituko dugu. Ikerketen arabera, hizkuntza-ohiturak errazago aldatzen ditugu txapak ikusten ditugunean: babestuta sentitzen gara eta estres linguistikoa murrizten zaigu. Komunitatea ikusgarri egitea oso garrantzitsua da euskararentzat”.

Beste aldetik, segituko dute Euskaraldia ariketa praktikoa dela gogoratzen. “Hiztunon portaeretan eta praktiketan zein entitateen neurrietan eragiten jarraitu behar dugu Euskaraldian zein Euskaralditik kanpo ere. Bi urtean behin egiten den ariketa da, baina, aurreko edizioetan esan moduan, behar-beharrezkoa da euskararen erabilera sustatzeko beste ariketa praktikoak ere egotea. Inertziak apurtzeko, hainbat eremutan proposamen berriak egotea garrantzitsua da”.

Parte-hartzaileei eskerrak emateaz gainera, egindako pausuei bihartik aurrera jarraipena emateko. “Jarrai dezagun hizkuntza-ohiturak aldatzen eta euskararentzako gune erosoak sortzen”.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).