Bai, noski. Geuk ez ditugu horrelakoak erabiliko politikan eragiteko edo pertsonaia publikoen irudia kaltetzeko, baina lehen trebezia berezia eskatzen zuena gure poltsikoetan daukagu orain. Deepfake, kategoria horretan sartzen bada ere, aurreratzea da. Orain arte, bideo zaharren gainean bideo berriak jartzen ziren, eta Forrest Gump pelikulan, esaterako, daukagu horrelako edizioen adibide garbia. Bestalde, El intermedio telebista-saioan askotan ikusten den bezala, ez da hain zaila bideoak editatzea politikari baten mezua aldatzeko. Baina manipulazio horiek, egilearen eta ikuslearen trebezia tartean, ez dira antzemateko hain zailak.
Deepfaken kasuan, hainbat irudi, ahots zein bideotatik abiatuta, adimen artifizial batek irudi, ahots zein bideo berriak sortuko ditu(3). Nahi dugun baldintzetan, moldatutakoak zein zerotik sortutakoak, eta horregatik dira bereizteko zailagoak. 1995an hildako Lola Flores iragarki berri batean ikusi dugu, Vicomtech Donostiako Zentro Teknologikoak XRey podcasterako(4) Francoren ahotsa klonatu zuen… Eta hainbat kasutan erabili da albiste faltsuak publikatzeko edo enpresen kontra egiteko, freskagarri-enpresa ezagun bati gertatu zitzaion bezala(5).
Beste era batzuetako aplikazioak ere badira. Gaixotasunen bat dela-eta ahotsa galtzen duten pertsonen kasuan, ordenagailuak zein mugikorrak erabil daitezke komunikazioa errazteko. Ordenagailuz sintetizatutako ahotsa erabili ohi dute, gogoratzen al duzue Stephen Hawkinsen kasua? Teknologia horiei esker, gailuek pertsona horien berezko ahotsa erabili ahal izango dute, komunikazioa erraztuz.
Vicomtechek baditu aholku batzuk iruzurrak antzemateko. Itzalak, adibidez, ez dira hain errazak sortzen, eta horietan fijatzea pista bat da. Beste bat da ahoskera eta ezpainen eta ahoaren mugimenduarekin bat etortzea.
Dena den, teknologiak geroz eta hobeak dira. Bideo-jokoetan erabiltzen diren teknologiekin gertatzen den bezala, gero eta zailagoa da errealak eta birtualak diren bideoak bereiztea, eta gauza bera gertatzen da deepfake-ekin.
Betiko moduan, adimen artifizial horien kontra daukagun armarik potenteena gure adimena da…. Eta sen ona, noski.
(1) Albiste faltsu - Wikipedia. https://labur.eus/aikordeep01
(2) The Commissar Vanishes - Wikipedia https://labur.eus/aikordeep02
(3) Deep Fake bideoak: teknologia, aplikazioak eta mugak, Vicomtech, https://labur.eus/aikordeep03
(4) Vicomtech-ek errealismoa gehitzen dio XRey podcastari, Adimen Artifizialean oinarritutako ahotsa klonatzeko teknologiaren bidez, https://labur.eus/aikordeep04
(5) La historia de cómo un deepfake consiguió dañar la reputación de una empresa de refrescos en España: así son los nuevos ciberdelitos, Genbeta, https://labur.eus/aikordeep05