Lana azarotik aurrera egongo da Euskal Herri osoan ikusgai, KORRIKAren 23. edizioa aurkeztu eta gutxira. Ines Osinaga Urizar da opera garaikidearen sustatzailea. Bere hitzetan, “hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu baten emaitza da eta sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko ditu”. Formatuari dagokionez, “opera-egitura hackeagarri bezala da, etorkizun desiragarri bateko opera posdramatiko bat”. Dramaturgiaz gainera, baliabide bisualak, zuzeneko musika, mugimendua, literatura eta bertsoak uztartuko dira operan.
Bestalde, Ane Elordi Alburquerquek, KORRIKAren koordinatzaileak, ekimenaren helburua azaldu du. “KORRIKAk euskal kulturaren sustapena ere badu helburu, betiere euskararen berreskurapena eta normalizazioa lortzeko asmoz. Hala, ekimen honi esker, AEK-k kalitate handiko kultur eskaintza egin ahalko dio Euskal Herriari, euskal kulturaren adierazpideak bazter guztietara eramanez”.
Era berean, Elordik adierazi du bekaren bigarren ediziorako lanak aurkezteko epea zabaldu dela. Beranduenez 2023ko urriaren 31rako aurkeztu beharko da deialdian parte hartzeko dokumentazioa. Deialdia euskal sortzaile guztientzat da eta lanak diziplina asko edo bakarra batu ditzake. Nolanahi ere, agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoa izan beharko da. Lan irabazleak 23.000 euroko beka jasoko du eta 24. KORRIKA Kulturalaren egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025ko azarotik 2026ko apirilera bitartean. Informazio gehiago hemen.