Auzokideen erkidegok kartelak jasoko dituzte sute baten aurrean nola jardun behar den jakiteko

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 3a, 13:28

Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuek herritarrei zuzendutako informazio-kanpaina bat jarri dute martxan; horren bidez, etxebizitza-eraikin batean suterik egotekotan zuzen jarduteko jarraibideak eman dira. Hain zuzen ere, 28.600 kartel diseinatu eta lurraldeko udalerrietan banatu dituzte, kontuan hartu beharreko oinarrizko jarraibide eta segurtasun-gidalerroekin, auzokideek atari eta igogailuetan jar ditzaten. Jarraibide errazak dira, modu grafikoan eta zuzenean azaldutakoak, eta barneratuz gero, bizitzak salba ditzakete.

Bizkaiko herritar guztiei zuzendutako ekimen honekin, foru- eta udal-suhiltzaileek nabarmendu nahi dute suteak daudenean zuzen jokatzea zinez garrantzitsua dela erkidego osoaren segurtasunerako. Mota horretako egoera baten aurrean auzokideek behar bezala erantzuteak alde handia eragin dezake, gela bakar batean gertatutako sute txiki baten eta sute orokor baten artean, non erkidegoko eskailera kez bete eta familia asko arriskuan egon daitezkeen.

Foru- eta udal-suhiltzaileek gutuna bidali diete Bizkaiko 112 udalerrietako bizilagunen erkidegoetako presidenteei, ekimenaren berri emateko eta haien laguntza eskatzeko. Kartelak bi bertsiotan egin dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta formatu autoitsasgarrian. Eraikinetan jartzeko diseinatu dira, ikusteko moduko lekuan egon daitezen, hala nola atarietan edo igogailuetan, horrela, erkidego osoak jarraibideak erraz eskuratu ahal izan ditzan. Gainera, QR kode bat dute mugikorretan deskargatu ahal izateko.
Itxi atea suari

Eraikuntzari buruzko araudietan ezarritako babes pasiboko neurriez gain, funtsezkoa da herritarrek sute baten aurrean nola jokatu behar duten jakitea, bai nork bere burua babesteko, bai sutearen beraren garapena mugatzeko eta sutearen ondorioz egon daitezkeen kalteak minimizatzeko.

Oinarrizko ohar horietan adierazten denez, 112ra deitzea beharrezkoa eta funtsezkoa den arren, lasai egon behar gara, arinegi jokatu gabe.

Lehenik eta behin, nork bere burua babestu behar du: ahal bada, irten; bestela, ketik ahalik eta gehien urrundu eta ateak itxi.
Sua hartu duen gelako edo pisuko ateak ixtea erraza eta erabakigarria da: herritar askok ez daki hori egiteak alde handia ekar dezakeela, izan ere, pertsona asko arriskuan jartzen dituen eskala handiko sute bat izan ordez, gela bakar batean konfinatutako sute txiki bat izatea lor daiteke. Ateak ixtea funtsezko keinua da, eskaileraren zuloa kez bete ez dadin edo sutea gertatu den gelan konfinatu dadin. Eta, behin norbera egoera seguruan dagoenean, larrialdietako telefonora deitu eta leihotik norbera ikusarazi behar du, suhiltzaileak iristen diren arte. Era berean, etxebizitzan ke-detektagailu bat instalatzea gomendatzen dute, oso prebentzio-neurri gomendagarria baita. Banakako bateria duten detektagailu autonomoak merkeak dira eta erraz jartzen dira etxeetan.

Datuak
Azken hamar urteetan, Estatuan 150-200 pertsona hil dira urtean, etxebizitzetan sortutako suteen ondorioz. 2015. urtetik eta gaur egun arte, Bizkaian 27 pertsona hil dira mota horretako suteetan. Azken bost urteetan hamaika lagun hil dira: % 75 inguru etxeko suteetan zendu dira eta batez ere adineko pertsonak izan dira; biktimen % 66 eraikin kolektiboetan bizi ziren, eta % 34, familia bakarreko etxebizitzetan.
Gainera, neguan sute gehiago gertatzen dira, bero-iturriak erabiltzen baitira etxebizitzak berotzeko; egongela da arrisku handieneko etxeko gela. Sutea eragiten duten arrazoien artean aipatu daitezke tresna elektrikoak txarto erabiltzea, eta tximiniak eta sutontziak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).