“Anbiguotasunak erakartzen nau jantzigintzatik”

Sara Iratzagorria, sortzailea 2024ko urt. 8a, 07:52

Sara Iratzagorria, sortzailea

Derioko Marikobaso Espazioak egonaldi artistikoak egiteko deialdia zabaldu zuen urrian, eta lehenengo edizioaren irabazlea Sara Iratzagorria Amondarain derioztar gaztea izan da. Ekimenari esker, gazteak sei hilabetez erabili ahalko du Marikobasoko egoitza, bertan bere proiektu artistikoa jorratzeko. Arte Ederretako ikaslea dagoeneko badabil bertan lanean, jantzigintza-egitasmo bat egiten hain zuzen ere.

Zein da ekimenak egingo dizun ekarpen nagusia?

Leku bat, minimo batzuekin lan egin ahal izateko. Orain arte nire logelan egin dut lan, baina ez da toki egokia; hemen bi mahai ditut, argitasun handiagoa, egoitza osoa erabili dezaket… Lan egiteko lekua behar nuen, eta beraz, pozik nago.

“Ekimenak leku bat ekarri dit, minimo batzuekin lan egin ahal izateko; pozik nago”

Jantzigintzari lotutako egitasmoa lantzen zabiltza Marikobason; zertan da?

Diseinua eta sorkuntza ikasten nabil Arte Ederretako Fakultatean, eta bertan dugu diseinu grafikoa, zeramika, komikia, ilustrazioa…, baina ez jantzigintzarekin zerikusia duen irakasgairik. Hala ere, gure proiektu pertsonala garatzeko irakasgaia dugu, eta handik egitea pentsatu nuen. Zergatik jantzigintza? Bada, gaur egun fast fashion indarrean dagoelako: modan ipintzen diren jantziak etengabe kontsumitzen ditugu. Eta, nire ustez, galdu da norberaren gorputz-formara moldatutako arropa erosteko ohitura, eskuz egindako arropa erosteko ohitura. Nire gorputza oinarritzat hartuta, nire patroiak sortzen hasi naiz, eta bukatzen dudanean, beste pertsona batzuen gorputzera egokituta egingo ditut. Izan ere, trapu zahar bat ere erabilita, jantzia norberaren neurrira eginez gero, perfektu lotuko da. Bestalde, oihalak eta gauzak herriko dendetan edo denda txikietan erosten ditut; garrantzia ematen diot horri.

Generorik gabeko arropa da, gainera.

Bai. Bilduma txikia egitea pentsatu dut, bospasei jantzik osatuta, jendeak ikus dezan, eta gero ikusiko dut nondik jarraitu. Liburua ere egin nahi dut, eta bertan egindako diseinuak jaso.

Egunerokotasunean janzteko modukoa izango da?

Bai eta ez. Adibidez, gona bat egin dut eta egur-zati bat erabili dut bere mutur biak lotzeko; beraz, egunero janzteko modukoa ez da, beharbada… Hala ere, hasieran pentsatzen nuen baino «ponibleagoa» dela esan beharra dago… Hurrengoa egingo dudana jantzia izango da.

Arte Ederretako ikaslea izanik, jantzigintzan duzu interesa; zergatik ez zenituen beste ikasketa batzuk aukeratu?

Egia esan, nahiko galduta nengoen zer ikasi aukeratzeko ordua ailegatu zitzaidanean. Amak ere Arte Ederrak ikasi zituen eta berak animatu ninduen asebetetzen ninduten ikasketak egitera; pozik nago. Lau urteko hiru gradu ditugu aukeran: arte ederrak, diseinua eta zaharberritzea; baina lehen urte bietan hiru graduak batera daude. Ni hirugarren mailan nago gaur egun, diseinua egiten, eta arroparena berez etorri da. Bestalde, joskintza-tailerra egiten nabil Kultur Birikan; eta bitxigintza ere ikasten nabil.

Argi dago, beraz, modan interes handia duzula.

Modan ez ezik hainbat arlotan ere badut interes handia. Esaterako, lehen aipatutako gonarako egurrezko orratza neuk egindakoa da, eta, batzuk aipatzearren, zeramikan eta argazkilaritzan ere interes handia dudanez, ahaleginduko naiz diziplina horiek jantzigintzara eramateko modua topatzen. Helburua da gustatzen zaizkidan arlo guztiak batzea.

“Modan ez ezik hainbat arlotan ere badut interes handia; helburua da gustatzen zaizkidan arlo guztiak batzea”

Zerk erakartzen zaitu jantzigintzatik?

Anbiguotasunak. Jantzi bera mila modu ezberdinetan jantzi ahal dugu zuk eta biok. Jantzia oinarria da, baina ez du ezer definitzen. Gainera, jantzi batek historia luzea izan dezake atzean, eta lehen modan egondako jantziak gaur egun berriro modan ipini arren, beti egongo da alderdiren bat, detaileren bat, beste modu batean egingo dena.

“Jantzi bera mila modu ezberdinetan jantzi ahal dugu zuk eta biok; oinarria da, baina ez du ezer definitzen”

Lehen esandakoagatik argi utzi zaigu ez zarela fast fashion-en aldekoa.

Ulertzen dut hautu hori egitea, eskura dugulako eta merkea delako. Hala ere, moda horren atzean zer dagoen hausnartu behar dugu, eta ez dut uste dagoena etikoa denik. Bigarren eskuko dendak ditugu inguruan eta bertan erosi dezakegu arropa merkea eta ona. Gainera, tokiko merkataritzaren eta denda txikien alde egin behar dugu, betiko galdu ez ditzagun.

“Fast fashion-enatzean zer dagoen hausnartu behar dugu, eta ez dut uste dagoena etikoa denik”

 

Asmoak

Ahal dela, ikasketak kanpoan amaitzea gustatuko litzaioke, Mexikon hain zuzen. “Alde batetik, erakartzen nauen herria da; eta bestetik, hango unibertsitateetan jantzigintzarekin zerikusia duten irakasgaiak dituzte. Eskaera aurkeztu dut; ea hartzen nauten!”. Ikasketak amaitzen dituenean, jantzigintzan trebatzen jarraituko du. “Eta ahal dudan arlo guztietan. Egia esan, Euskal Herriko Unibertsitatean dauden masterrak ez zaizkit asko gustatzen; hortaz, saiatuko naiz kanpoan zerbait egiten. Bueno, ahal ditudan arlo guztiak ukitzeko asmoa dut, baina jantzigintza beti erdigunean egonda”. Marikobaso Espazioko ekimenak lanean hasteko lekua ekarri dio.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).